Sakelako telefonoak bilduko dituzte etorkinei laguntzeko

Maialen Etxaniz 2025ko urt. 17a, 09:45

Oier Salegi, Nahia Caballero eta Hurritz Lezertua. (Maialen Etxaniz)

Izarraitz Lanbide Heziketako Gizarteratze zikloko ikasleen ekimenez bilduko dituzte gailuak eskualdeko hainbat herritan, Irungo muga igarotzen duten eta beharra duten migranteei emateko. Hilaren 22tik otsailaren 6ra egingo dute bilketa.

Bidasoako mugara egindako bisita batek «barrenak mugitu» zizkien Izarraitz Lanbide Heziketako Gizarteratze zikloko lehen mailako ikasleei. Han ikusi zuten zein den "bizitza hobearen bila" dabiltzan migratzaileen egoera, zein diren haiek dituzten baliabideak eta zein haien zailtasunak. Hori dela eta, haiei ekarpena egite aldera, sakelako telefonoen bilketa antolatu dute. Datorren astean jarriko dituzte bilketarako kaxak Urola Kostako hainbat herritan, baina aurrez egitasmoaren nondik norakoez mintzatu dira. 

Hurritz Lezertua (Azpeitia, 2005), Nahia Caballero (Zarautz, 2004) eta Oier Salegi (Azkoitia, 2006) Gizarteratze zikloko lehen mailako ikasleetako hiru dira, eta gainerako ikaskideekin batera prestatu dute migratzaileentzako eskuko telefonoen bilketa. Caballerok azaldu duenez, zikloaren barruan, migrazioaren gaia aztertu dute: "Besteak beste, migrazioa zer den aztertu dugu, zein diren etorkinen arazoak hona iristen direnean edota zer zailtasun dituzten ekonomikoki. Errealitate horien berri izateko hainbat proiektu ezagutu ditugu". Hain zuzen, etorkinen errealitatera hurbiltzeko migranteekin lan egiten duten eragileekin egon dira harremanetan, eta horiek martxan dituzten zenbait proiektu ezagutu dituzte. "Azpeitiko Elkargunean izan gara, Bidasoa filma ikusi dugu, Irunera [Gipuzkoa] irteera egin genuen Harrera Sareko kideekin, eskolan dabiltzan hainbat pertsonen bizipenak entzun ditugu eta Zaporeak elkartea ere ezagutu dugu", azaldu du Caballerok. 

Irungo muga igarotzen duten migranteei laguntzea da ikasleen xedea

Muga, mugarri 

Irunera egindako irteeran ezagutu zuten Bidasoako muga, eta esperientzia hark asko eragin zien. "Harrera Sareko kideei esker ezagutu genuen nolakoa den egunerokoa han. Politikoki Frantzia eta Espainia banatzen diren lekua da, eta poliziaren kontrola ikaragarria da", azaldu du Salegik. "Han geundela, hainbat migrante ikusi genituen zubia zeharkatzen, eta horrek barrenak mugitu zizkigun", gaineratu du. Era berean, azaldu du sareko kideek migranteei laguntzeko dituzten proiektuak erakutsi zizkietela, hala nola arropa biltegia. Horrez gain, migranteen behar nabarmenenak zein diren azaldu zieten, eta hortik dator telefonoak biltzearen ideia. "Harrera Sareko kideek esan zigutenez, migranteak Euskal Herrira iristen direnean ezer gabe etortzen dira; ez dute familiekin harremanetan jartzeko modurik izaten, ez gailurik, ez dirurik. Horregatik, ekarpena egitea ideia ona iruditu zitzaigun, mugan gertatzen diren ezbeharrak saihesten laguntzeko", azaldu du Lezertuak.

Salegik gogoratu du azken sei urtetan "ikaragarri gogortu" dutela poliziaren kontrola, Frantziako Estatuak ezarritako lege berri baten ondorioz. "Lege horren ondorioz, azken sei urtean zortzi pertsona hil dira Bidasoa ibaiaren inguruan", azpimarratu du. "Poliziarengandik ihes ari zirela, muga igaro nahian zebiltzala, itota edo trenak harrapatuta hil dira", azaldu du Salegik. Ikasleek uste dute baliagarria izan daitekeela haiek martxan jarritako egitasmoa, eta begi oneko ikusten dute. Lezertuak, bere aldetik, uste du beharra izanez gero, edonork eskertuko lukeela laguntza: "Gaur egun munduan hainbeste gerra dauden honetan, bai Europan edo bestelako hainbat lekutan, ihes egin beharko bagenu, guk ere eskertuko genuke jendearen laguntza".  

Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Zarautzen eta Zumaian egingo dituzte bilketak

Herriz herri  

Norbanako batzuen ekarpen txiki batek besteengan ekarpen handia egin dezakeela sinetsita, herriz herri bilduko dituzte telefonoak. Horretarako, bilketa puntuak jarriko dituzte urtarrilaren 22tik otsailaren 6ra Gipuzkoako hainbat puntutan: Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Zarautzen, Zumaian eta Arrasaten. Hain zuzen, honako leku hauetan jarriko dituzte kaxak: Azpeitian, Elkargunean, Ikasberri ikastolan, Iraurgi ikastetxean, Urola ikastolan eta Karmelo Etxegarai ikastolan; Azkoitian, Floreaga ikastetxean, Xabier Munibe ikastolan eta Elkargunean; Getarian, kiroldegian; Zarautzen, Arrano tabernan; eta Zumaian, kiroldegian nahiz Oxforden. Hiru ikasleek aurreratu dutenez, otsailaren 6an, bilketa amaitu ostean, harremanetan jarriko dira Irungo Harrera Sareko kideekin, eta haien bitartez bideratuko diete materiala behar dutenei. Horrenbestez, herritarrei dei egin diete ekarpena egin dezaten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide