Hogei urte baino gehiago daramatzate Iñaki Olidenek eta Pello Saizar Lusarbe-k Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerarekin laguntzen. Bi oriotarrek animaliak zaintzen dituzte, eta urtero, Lera taldearekin elkarlanean, Gabonetako ikuskizun berezi hori osatzen laguntzen dute, beren idi, zaldi, aker eta astotxoekin batera.
Amaitu berri den urtean, hainbat arrazoigatik, desfilean parte ez hartzea erabaki dute. Azken urteetan Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerak izan duen arrakastak "masifikazioa" eragin duela azaldu du bikoteak, eta ondorioz, prestakuntzak "hobetzeko" presioa sentitu dutela. Bestalde, masifikazio horrek eragina izan du jendeak animalienganako duen iritzian, eta esan daiteke gaur egun "jopuntua" animaliengan eta horien ongizatean dagoela. "Hasieran protagonistak animaliak ziren, eta ikuskizun polit bat egiten genuen beraiekin. Orain, ordea, ikuskizuna hobetu nahi horrek animaliez behar bezainbeste ez gogoratzea ere ekarri du".
Egoera berri horrek, animalien ongizateari begiratzera eraman du bikotea. "Etorrerarekin batera, antzerkiak eta ikuskizunak egiten dituzte, eta batzuetan gaua luzatu egiten da. Animaliek ez dute arazorik ibiltzerako orduan, baina geldirik daudenean estresatu egin daitezke".
Urtero, Olidenek eta Saizarrek casting moduko bat egiten dute, ikuskizunerako animaliarik aproposenak aukeratzeko helburuarekin: "Ezin duzu edozein animalia eraman". Izaerari erreparatzen diote batez ere, eta horrelako ekitaldiak jasan ditzaketen abereak aukeratzen dituzte. Aukeraketa hori zuzen egiteko, funtsezkotzat jo dute animaliaren psikologia ondo ezagutzea.
Animaliarekin izan behar den "harremana" ere askotan aipatu du bikoteak. "Behin Hondarribira joan nintzen, eta bertan aker bat erosi nuen kapritxoz, desfilean ateratzeko asmotan. Argi gelditu zen bezala, ez zegoen ohituta pertsona baten eskuetan egotera. 'Hau Basajauni emango zioat', pentsatu nuen, hura gizon handia eta indartsua baita. Ikuskizun guztian kolpeka aritu zitzaion, baina gizonak ez zuen zirkinik ere egin!".
Gaua amaitzerako, sekulako astindua jaso zuen Basajaunek". Horrelako pasadizo asko ditu bikoteak, eta urte hauek guztiak pozarren gogoratzen dituzte. "Hori bai, dena ondo joan arren, tentsioa nabari dezakezu ikuskizuna hasi baino lehen, batez ere animaliak prestatzerako garaian. Gauza asko izan behar dira kontuan, eta urtero hobetu nahi izan dugu gure parte hartzea".
Animalienganako ikuspuntua
Azken hamarkadan, gizarteak animalienganako duen ikuspuntua asko aldatu da. Horien ongizaterako legedi berriarekin, animaliak inoiz baino babestuago daude, eta gizartean beste jarrera bat nagusitzen ari da horiekiko: "Salaketa bat jartzeko aitzakia gutxi behar da gaur egun, eta badakigu fokua beti animalien jabearengan dagoela", gaineratu du Olidenek.
Bikoteak azaldu du animaliek horrelako ikuskizun batean parte hartzeko, legeari dagokionez, prozesu luze batetik igaro beharra dagoela. "Ziurtagiri asko eskatzen dituzte, baina legalki egin daitezke ikuskizun hauek. Baimenek, gehienbat, ustekabeetatik babesten zaituzte". Betebeharren barruan, albaitari bat izan behar dute beti alboan, eta ibilbidearen puntu guztiak zehaztuta behar dituzte oniritzia jasotzeko. "Tramite asko gainditu behar dira; baina egin, egin daiteke".
Animaliekiko jarrera
eta ikuspuntua
asko aldatu dira
azken hamarkadan
Hala eta guztiz ere, Saizarrek gaineratu du izapide guztiak pasatu ondoren eta dena legearen barruan eginda ere, animaliaren jarrera ez dagoela inoiz bermatuta. "Ezta pertsonarena ere", erantzun dio Olidenek. "Gu lan honetan hasi ginenetik, iruditzen zaigu, oro har, animalienganako sentsibilitatea handituz joan dela, seguru baietz, baina bada gisa honetako animaliekiko jarrera onargarriak ez dituen jendea ere, eta agian, horretaz ez gara horren kontziente; ez dira panpinak".
Lehen, norbaitek argazki bat atera nahi bazuen edo haurren batek animalia ukitu nahi bazuen, aurretik baimena eskatzen zion jabeari. Gaur egun, ordea, ezer esan gabe sartzen dira ukuilura, animaliak ukitzera. "Kalean zoazela norbaitek ukitzen bazaitu, harritu edo agian haserretu egingo zaitu. Animaliekin gauza bera gertatzen da. Animalia zehatz batzuekin sentiberago bilakatu gara, baina guk erabiltzen ditugunekin, ez".
Lanketa sakona
Kanpotik ikusita, batek pentsa dezake erraza dela animaliak ukuilutik atera eta herrian zehar paseatzea. Baina ordu batzuk irauten dituen ikuskizun honek, prestakuntza prozesu oso luzea du atzetik. Olidenek eta Saizarrek urte osoa igarotzen dute idiak eta zaldiak psikologikoki egun honetarako prestatzen.
Olidenek guztira zortzi idi ditu bere ukuiluan, eta urtero aukeraketa bat egiten du, ikuskizunerako bi idi egokienak zein diren jakiteko: "Batez ere, psikologikoki gehien prestatuak daudenak aukeratzen ditugu. Egia esan, egunerokoan ohituta daude jendea ikustera, baina prestaketa urte osoan zehar egiten dugu".
Urte oso bat igaro dezakete
animaliak gau bateko
ikuskizunerako prestatzen
Olidenek azaldu du herritarrak eta haurrak gonbidatzen dituela batzuetan ukuilura, idiak ukitu ditzaten eta hala, horiek harremanak sortu ditzaten beren jabea ez den pertsoekin. Asko argazki eske ere gerturatzen zaizkio. "Jendeak batzuetan ez du baloratzen atzetik dagoen lan guztia. Asko pentsatzen dugu desfilean, urte osoan zehar".
Saizarrek zaldi gazte bat ekarri du Belgikatik. Animalia bat etxera ekarri baino lehen, ordea, gauzak ondo pentsatu behar direla azpimarratu du. Prestakuntza aldetik, animaliak, pertsonen inguruan egoten jakitea ez ezik, inguruko soinu eta usaietara ere ohitu behar du: "Gizartera ohitu behar ditugu, eta horretarako burura etortzen zaizkigun bihurrikeria guztiak erakusten dizkiegu", azaldu du.
Esaterako, suaren edo zaraten inguruan egoten erakusten die zaldi eta idi gazteei. "Jendearen aurrean egoten ikasi behar dute. Edozein asteburutan herriko plazatik igarotzen naiz, animaliari ibilbidea erakusteko. Beraiek ondo grabatzen dute buruan, eta asimilatzen ikasten dute", azaldu du Saizarrek.
Animaliek estresa ere sentitu egiten dutela gaineratu dute, eta egoera zail horiek kontrolatzen jakitearen garrantzia azaldu dute. Hala ere, bikoteak pozik gogoratzen ditu azken urteetan bizitako momentuak: "Une politak ere eduki ditugu, batez ere umeekin. Lan hau egiten dugu, alde batetik, herritarrek animalienganako kontzientziazioa izan dezaten, eta haien inguruan errespetuarekin jokatzen ikasi dezaten. Baina, gehien pozten gaituena, animaliak umeekin batera ikustea da. Horrek ez du preziorik".
Istorio barregarriak ere badituzte kontatzeko. Saizarrek iaz Etxeluze gaztetxean egiten zituzten prestakuntzak gogoratu ditu: "Urtero, gero eta herritar gehiagok nahi zuen artzain bezala desfilean parte hartu. Baina, gero, bost bakarrik etortzen ziren gaztetxera, askok atzera egiten baitzuten animalia baten eskutik joan behar zutela jakitean".
Animalia txikiekin lotura errazago sortzen dela azaldu dute, izan ere, animaliek pertsonen sentsibilitatea hautematen dute eta, oro har, etorreran parte hartzen duten herritarrak lasaiago sentitzen dira animalia txiki baten alboan. "Animali txikiekin, esaterako, akerrekin edo astoekin, ez dago arazorik, baina zaldiekin eta idiekin lanketa sakonagoa egin behar da, zerbait gaizki joanez gero, pertsonek horrelako animalia bat gelditzeko zailtasunak izan ditzaketelako", gehitu du Saizarrek.
Eguneroko konpromisoa
Olidenentzat eta Saizarrentzat, animaliekin egiten den lana idiak edo zaldiak desfile baterako prestatzetik harago doa. Biek hamarkadak igaro dituzte animaliak hazten, zaintzen eta trebatzen, eta ez dira soilik animalien mantenuaren parte, baita beraien eguneroko bizitzaren parte ere.
Oliden harakina da, baina bere egunerokoan denbora ateratzen du idiak zaintzeko eta hezteko. "Lehen animaliari inposatu egiten zitzaion guztia; gaur egun, ordea, beste harreman mota bat dago animaliaren eta gizakiaren artean", azaldu du Olidenek.
Saizarrek ere harreman berezia du bere zaldiekin. "Animaliarekin lotura lortzen duzunean, ez dago sinisterik zenbat betetzen zaituen. Hori lortzeko ordu asko igaro behar dira lanean, baina, behin lortu duzula, izugarria da", azaldu du.
Urteetan zehar haiekin batera lan egiten du, haien ongizatea zainduz eta Gabonetako ikuskizunean parte hartzeko prestatuz. "Askotan iruditzen zaigu guk irakasten diogula animaliari, baina bera da guri irakasten diguna. Gainera, sistema batek ez du balio animalia guztientzat. Ezagutu egin behar duzu, eta zure burua ezagutzera ere eman behar duzu".
Olentzeroren eta Mari Domingiren azken etorreran ikusi ez ditugun arren, Saizarren eta Olidenen aztarnak Gabonetako desfilean geratuko dira betirako. "Oso garbi daukagu animaliekin maitasunez lortzen direla gauzak. Jende gehiagok egingo balu lan animaliekin, gizarte hobea izango ginateke".