Uxaldien arrastorik gabe

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 17a, 09:26

Basurdeek hondatutako belardia Azkoitiko Larraskandan, 2021ean. (Guka)

Aldundiaren mende basurdetan aritzen direnek planto egin dute, gaur urtebete Deban emakume bat hil ondoren erakundeak han ehizan zebiltzan guztiak zigortu ondoren. Aldundia eta ehiza federazioa hizketan ari dira, baina emaitzarik gabe, momentuz.

"Gu urtebetean geldirik egongo bagina, ez dago imajinatzerik zer gertatuko litzatekeen». Esaldi hori bota zuen duela pare bat urte Jesus Mari Portularrume Portu-k, basurde ehizarako uxaldietan ibiltzen diren kuadrillen gainean Karkara aldizkarirako egindako erreportajean; animalia basati horien ugaltzeaz ari zen Aiakoa. Urtebete ez, baina urte laurdena igaro da Gipuzkoan aipatutako uxaldiak edo batidak geldirik daudenetik, eta momentuz, ezin da jakin noiz hasiko diren berriro martxan.

Hain zuzen ere, gaur da urtebete basurde uxaldi batean zebilen ehiztari batek jaurtitako bala batek bere etxean zegoen emakume bat hil zuela, Deban. Joan den ekainean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen Debako uxaldi hartan parte hartu zuten 22 ehiztariei zehapen-espedienteak ireki zizkiela, Ertzaintzaren txostenean oinarrituta, "Ehizaren 2/2011 Legearen arabera, jarduera baimendutako eremutik kanpo egin zutelako, uxaldia herritarrentzako segurtasun eremu baten barruan egin zutelako, ikerketan gertatutakoaz bestelako informazioa eman zutelako eta pertsonen osotasuna arriskuan jarri zutelako". Ehiztari horietako askori ehiza baimena kendu diete, urtebeterako gutxienez batzuei, eta epe luzeagorako ere bai beste batzuei, arau haustearen larritasunaren arabera.

Joan den irailean ireki zen ehiza larrirako 2024-2025 denboraldia eta, horrekin, ohiko basurde uxaldiak egin ahal izateko epea, baina ehiztariek planto egin dute. Debako heriotza eta erakundeen ondorengo neurriak mugarria izan dira. 

Distantziak eta neurriak

Uxaldien etetearen "arrazoi zehatzei buruz egokiena ehiztariei galdetzea" dela dio Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, eta gehitu du Debakoa ez dela aldundiak ehiztariei isunak jarri dizkien lehen aldia: "Debako kasuan ehiza kuadrilla zaintzapeko zonaldetik kanpo egiten ari zen bere uxaldia, baimenik gabeko leku batean, eta horren ondorioz, aldundiak isun administratiboak jarri ditu, beste kasu batzuetan egin ohi den moduan". 2024-2025 ehiza denboraldirako foru aginduan "inolako aldaketarik ez" dutela egin eta «aurreko urteko berbera» dela ere zehaztu du Beizamako politikariak: "Debako istripuaren ondorioz zer gertatu da? Bada ehiztariak segurtasun berme gehiagoren eskean ari direla, eta horretan ari  da aldundia, Ehiza Federazioarekin eta ehiztariekin batera, teknologia berriak baliatuta, ehiza eremuak zehatzago definituz".

Distantzietan eta horiek neurtzeko moduan dago aldundiaren eta ehiztarien arteko gatazkaren gakoetako bat Iñaki Etxezarretarentzat ere, baina arazoaren konponbideari dagokionez beste ikuspuntu bat du. Eusko Legebiltzarrak onartutako 2011ko legearen arabera, ehiza larriko uxaldietan ari diren ehiztariek edozein etxebizitzarekiko gutxienez 200 metroko distantzia gorde behar dute; eta 50 metroko distantzia ibaiekiko zein bide eta pistekiko. "Gipuzkoan ia ezinezkoa da distantzia horiek mantenduta ehizatzea", dio Etxezarretak, eta Debakoa baino lehen ere ehiztariak egungo legedia errespetatzearen zailtasunez ohartarazten ari zirela gaineratu du.

Aldundiak ezarritako egunetan eta baldintzetan ari dira basurdetan ehiztariak aspalditik, baina arazoak sortzen direnean salduta gelditzen direla uste dute Etxezarretak eta kideek, eta Debakoa horren muturreko erakuslea litzateke: "Ez gaude Deban gertatutakoagatik greban. Kontua da, legea dagoen bezala, ez garela legearen barruan ari, baina hori bazekien lehendik ere aldundiak. Debakoa gertatu ondoren, ardura guztia ehiztariengan gelditu da; hain handiak dira jarri dituzten zigorrak, geldirik egotea erabaki dugu. Ehiza afizio bat da guretzat, ez ofizioa; mendira joandakoan legez aritzea nahi dugu, eta ez beldurrez ibiltzea. Ari ginen esaten legeak ez zeudela ondo, baina, pasatu arte...".

Legea aldatzeaz ari denean, legea bera aldatu gabe ehiztariek eskatzen dituzten aldaketak edo bermeak Arrutik aipatutako foru aginduan jasotzea nahikoa litzatekeela dio Urrestillako ehiztariak, baina aldundia ez dagoela horren alde. "Frantzian eta" erabiltzen dituzten neurriak begi onez ikusten dituzte ehiztariek: aipatutako 'oztopoei' –etxeak, bideak edota ibaiak– bizkarra emanda ehizan egitea, esaterako.

Azpeitiko zonaldean basurde uxaldietan aritzen diren bi kuadrilletako bateko kidea da Etxezarreta. Urola Kostan "guztiz edo partzialki" aritzen diren kuadrillak sei dira, aldundiaren datuen arabera; Gipuzkoan, denera, ehiza larrian aritzen diren 47 talde edo kuadrilla daude, eta 1.400 ehiztari inguru elkartzen dira horietan.

Noiz arte ezin jakin

Aldundiak ehiztariak behar ditu basurdeen populazioa eta animalia horiek nekazal lurretan zein errepideetan sortzen dituzten kalteak kontrolatzeko; eta ehiztariek aldundiaren babesa behar dute, nahitaez, etxetik gertu beren afizioarekin jarraitu ahal izateko.

"Ellkarlana eta borondatea" dira konponbiderako gakoa Arrutirentzat, "ehiza federazioarekin elkarrizketa eta elkarlana etengabekoak" izaten ari direla dio, eta konponbidea "gertu egotea espero" du diputatuak. "Zentzu horretan, jadanik uxaldi leku batzuen mapa digitalizatu zehatzagoak landu dira. Mapa horiek baliozkoak diren edo ez, zer-nola moldatu beharko liratekeen eta abar lekuan bertan kontrastatzea ona litzateke", azaldu du Arrutik. Etxezarreta ez da hain baikorra: "Aldundiak nahi du erantzukizuna ehiztariok hartzea, eta guk esaten dugu ezetz, beraiek ere zeozer egin beharko dutela".

Aurreko hamarkadan etengabe hazten eta biderkatzen joan ondoren, eta sei urte eta gero, 2023-2024 sasoian 2.000 bururen langatik jaitsi zen uxaldietan ehizatutako basurdeen kopurua Gipuzkoan. Ehiztarien plantoa noiz arte luzatuko den bezala, ikusteke dago geldialdi honek zer isla izango duen basurdeen populazioan.

Igande gauean, Meagan

Atzo bertan, Enba sindikatuaren X sare sozialeko kontuan igande gauean Meagako errepidean grabatutako bideo hau zabaldu zuten. Bide bazterretik doan basurde talde handia kusten da bideoan eta "basurde izurritea" aipatzen du sindikatuak testuan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide