Laura Prieto: "Kanpotik zatozenean besarkadek balio bikoitza dute"

Amaia Olazabal eta Orioko AEK-ko Sorginak taldea 2024ko abe. 10a, 11:00

Laura Prieto. (utzitakoa)

Azaroko aldizkariko Euskara ataleko elkarrizketa da honakoa.

Laura Prieto Artazcoz argentinarra da. Biokimikan doktorea da, baina orain jubilatuta dago. Duela bost urte etorri zen Buenos Airestik Aiara, eta iritsi bezain pronto, euskara ikasten hasi zen. Orioko AEKn dabil, B1 mailan. Elkarrizketa berezia izan da, bere ikaskideek egin baitizkiote galderak.

Zerk ekarri zaitu Euskal Herrira?

Maitasunak ekarri ninduen Aiara bizitzera. Nire bikotea euskalduna da, eta horregatik etorri nintzen hona bizitzera.

Zure bigarren abizena Artazcoz da. Nondik dator?

Aitona Baionakoa zen, eta, lehen aldiz, abizenari jarraika etorri nintzen. Arbasoen jatorria ezagutu nahi nuen, eta familiako batzuekin bidaiatu nuen. Orduan ezagutu nuen gaur egungo bikotekidea: berak erakutsi zigun ingurua.

Buenos Airestik Aiara aldaketa handia izango zen, ezta?

Bai, aldaketa izugarria izan zen. Batetik, hiri handi bat atzean utzi eta herri txiki batera etorri nintzen; gainera, hona COVID garaian iritsi nintzen, eta oso gogorra izan zen. Bestetik, beste kultura bat da hemengoa; beste hizkuntza bat, beste ohitura batzuk... Hala ere, hasieratik argi izan nuen: hemen biziko banaiz, herrian integratu behar dut, eta, horretarako, ezinbestekoa da hemengo hizkuntza ikastea, euskara ikastea, alegia.

Euskara zaila dela diote...

Hizkuntza ez da zaila, baina oso desberdina da. Hala ere, ni ikasten ari banaiz, edonork ikas dezake. Gainera, euskara oso interesgarria da, oso hizkuntza logikoa da; hitz asko lurrarekin eta historiarekin lotuta daude. Niri gehien kostatzen zaidana hitz egitea da; oso berritsua naiz, eta askotan esan nahi dudan hori euskaraz ezin dut adierazi, eta horrek, zenbaitetan, frustrazioa sortzen dit. Lanean ari denarentzat edo umeak dituenarentzat errazagoa da euskaraz hitz egitea, aukera gehiago dutelako jendearekin aritzeko. Nik euskaltegia besterik ez dut. Hori bai, nire esku ditudan aukera guztiak baliatzen ditut: bizilagunekin (asko laguntzen didate), dendan...

Baduzu pasadizo dibertigarririk?

Behin, etorri eta egun gutxira, Zarautzen paseoan ari nintzela, zera pentsatu nuen: "Kale guztiek kale izena dute, ai ama! Zeinen zaila egingo zaidan herrialde honetan orientatzea". Baina kanpotik datozen askori gertatuko zaio hori, ziur. Azken batean, inoiz entzun ez nuen hizkuntza bat zen, guztiz arrotza niretzat, baina besarkadekin eta animoekin, aurrera egiten dut. Jendea, oro har, oso maitekorra da nirekin, eta asko laguntzen dit; euskara ikasten ari naizela esaten dudanean, jendea oso pozik jartzen da, eta asko eskertzen didate.

Zein duzu hitzik gustukoena?

Besarkada. Hitza bera asko gustatzen zait, eta esanahia, zer esanik ez: kanpotik zatozenean, besarkadek balio handiagoa dute.

Mintzalagunen izena eman al duzu?

Zoritxarrez, Aian nirekin euskaraz egingo duen inor ez dago egitasmoan. Beraz, Aiako euskaldun zaharrak Mintzalagun proiektuan parte hartzera gonbidatu nahi ditut; ikasleok asko eskertuko dugu!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide