Joseba Agirre eta Aitor Arregi: "Jasotako horretatik zerbait eman nahi izaten duzu bueltan"

Julene Sorarrain 2024ko abe. 12a, 08:00

Joseba Agirre eta Aitor Arregi entrenatzaileak. (Onintza Lete Arrieta)

Aiako Santio Errekako auzokoak dira Orioko futbol taldeko bi talde nagusien entrenatzaileak; horixe partekatzen dute Aitor Arregik (Aia, 1981) eta Joseba Agirrek (Aia, 1977). Hori, eta futbolarekiko pasioa: futbolari amateurra izan zen Arregi, eta profesionala, berriz, Agirre. Azken hori Irungo Real Union taldeko bigarren entrenatzailea ere izan da hainbat urtez. Azaroko Aia-Orio Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

"Lasaia" omen da Joseba Agirre (aia, 1977) eta "esplosiboa", berriz, Aitor Arregi (Aia, 1981). Futbol profesionalean aritua da aurrenekoa, eta amateurrean, berriz, bigarrena. Biek Orioko Futbol Taldean eman zizkioten lehen ostikoak baloiari, eta hainbat urteren buruan, berriz egin dute bat klubean, gizonen eta emakumeen lehen taldeetako entrenatzaile lanetan hasi baitira. Beste ezaugarri batek ere elkartzen ditu, ordea: ondoko herrikoak izatea, Aiako Santio Erreka auzoan bizi dira biak.

Aiarrak zarete biok, bat Orioko Futbol Taldeko emakumeen gorengo mailako entrenatzailea, eta bestea, gizonezkoen gorengo mailakoena. Gainerakoan, zuen ibilbideak zeharo desberdinak izan dira, nahiz eta biok Orioko taldean hasi zineten futbolean.

Aitor Arregi: Bai. Ni 14 urterekin hasi nintzen klubean, eta 21 urterekin utzi nuen, lanean hasi nintzenean. Berriz itzuli nintzen futbolera Getariako Keta futbol taldea sortu zutenean. Orion jokatzen zuten, eta haiekin ibili nintzen taldearen lehendabiziko bi denboraldietan; sortzailea izan nintzen [barrez]. Bi urtera utzi egin nuen Keta, eta berri itzuli nintzen Orioko taldera, semeak klubean sartu zirenean. Laguntzera hurbildu nintzen, eta hor jarraitzen dut.

Aurten emakume seniorren entrenatzailea zara. Aurrez?

A.A.: Orain hiru urte hasi nintzen, mutilen ohorezko jubenilen mailako taldeko bigarren entrenatzaile gisa. Iaz, berriz, Arkaitz Mendizabalekin aritu nintzen emakume seniorren bigarren entrenatzaile lanetan, eta aurten, haren postua eman didate.

Zuk, Joseba, Realerako saltoa azkar egin zenuen.

Joseba Agirre: Orion 13 urterekin hasi nintzen futbolean, baina berehala Realera joan nintzen, bai, eta 20 urtera arte han jardun nuen, mailaz maila igotzen, Reala Bra iritsi arte. Realarekin partida bat jokatu nuen lehenengo mailan, eta handik Castellonera joan nintzen; 37 urte arte hainbat taldetan ibili nintzen, azken urteak Irungo Real Unionen. Oso gustura ibili naiz futbolean, esperientzia ona izan da.

Eta, gero, entrenatzaile, beste hainbat urtez.

J.A.: Hala da. Aurrena Orion ibili nintzen zenbait urtez, umeekin. Gero, lagun bat hasi zen Irungo Real Union taldea entrenatzen, eta laguntzaile izatea eskaini zidan. Horrela hasi nintzen futbol profesionalean entrenatzaile lanetan. Sei urtez aritu nintzen han, iaz arte. Irundik Oriora etorri nintzen, umeak entrenatzera, nahiz et Irunen nengoenena ere Orion laguntzen saiatzen nintzen; semea ere klubean neukan eta..

Iaz kadete mailako mutilak entrenatu zenituen, ezta?

J.A.: Bai. nire ideia zen aurten Orion umeekin jarraitzea edo kanpoan zerbait aurkitzea, baina zeharka-zeharka, helduak entrenatzeko aukera iritsi zitzaidan. Hasieran zalantza batzuk eduki arren, baiezkoa eman nuen, eta gustura nabil.

Iaz mutilak sailkapenaren goialdean ibili ziren, eta neskek kopa irabazi zuten. Taldeak nola aurkitu dituzue?

A.A.: Iaz ligatik kopako fasera erori ginen, liga txarra eginda. Gero, kopan, ordea, partida guztiak irabazi genituen, eta finalera iritsi ginen. Hura ere irabazi egin genuen, eta kopa etxeratu egin genuen. Hortaz, taldea aurreko urteko dinamika positibo hartan sartuta dagoela hartu dut. Asko ikasita datorren kuadrilla da, eta oso-oso gustura nago.

J.A.: Jokalari gehientsuenak ezagutzen ditut, 12-13 urte zituztenean neuk entrenatu nituelako. Dena den, orain 22-23 urte dituzte, eta desberdina da dena, noski. Baina talde jatorra da, oso futbolzaleak dira, eta gustura nago jokalariekin. Buruan dute iazko denboraldia hobetzea, errebelatu egin nahi dute, eta saiatzen ari gara, baina ez da erraza.

Klubaren helburua ez da bi talde seniorrak mailaz igotzea, ezta?

A.A.: Ez dut inoiz halako helbururik dagoenik ikusi: futbolean aritu nahi duen Orioko eta inguruko jendearentzat ateak zabalik ezagutu dut beti kluba. Sasoi batean, kuadrilla desberdinetako jendea elkartzen ginen, taldea osatzen genuen, eta jokatzera. Beti ahalik egokien aritzen ginen futbolean, eta orain ere horrela da. Helburua inoiz ez da izan kategoriaz igotzea; kirolariek gogoa bai, badute, eta galanta, gainera, baina irabaztea ez dago norbere esku bakarrik. Taldeak berea egin behar du, baina aurkaria ere hor egoten da.

J.A.: Gure taldean gauzak egiteko ilusioarekin daude, nahi dute zerbait egin. Azken urteetan sailkapenaren goialdean dabiltza, eta aurten ere horixe da asmoa; ahal bada, koska bat gora eginda hor ibiltzea. Helburua, ordea, Aitorrek esan duena da, eta nik hala esaten diet jokalariei: denoi gustatzen zaigu irabaztea eta ondo jokatzea, baina helburuak dira mutilek ondo pasatzea, talde gisa gustura ibiltzea, egunerokoan entrenatzera gustura etortzea... Entrenatzaile izanik, hori lortzen badut, gustura egongo naiz.

A.A.: Egin kontu: gure futbolariak ikastetik edo lan egitetik etortzen dira entrenatzera, eta futbola pasioa dugu, hau da, ondo pasatzera joaten gara futbolera. Astean hirutan entrenatzen dute neskek zein mutilek, eta sufritzen ari baldin badira, taldea galdu egiten da. Sufritzea tokatuko da, noski, baina izan dadila futbolaz gozatzeko ideiarekin. Urtero-urtero taldeari eustea garrantzitsua da, Orio kintadetatik bizi delako asko: dozena erdi jokalarik alde egiten badute aurten, hurrengo urtean gaizki pasatu behar duzu jendea bilatzeko. Hortaz, garrantzitsua da astean zeharreko jarduna atsegina egitea; denboraldiaurrean hori esan zenuen zuk, Joseba.

J.A.: Noski, niretzat ezinbestekoa da hori. Askotan, oraindik, futbolariek bezala pentsatzen dut, beraien tokian jartzen naiz, eta saiatzen naiz jokalariei niri gustatzen zitzaizkidan moduko entrenamenduak jartzen. Jokalariei zer ez zaie gustatzen? Korrika ibiltzea, esaterako. Hori ere egin behar da, fisikoki ondo egoteko, baina saiatzen naiz gustuko lanak jartzen, beraiek ere gustura ibiltzeko. Bestalde, bietatik egitea tokatzen zaigu: mutilak goxatzea, eta, era berean, tarteka, estutzea. Beraiei ere gustatzen zaie egur pixka bat jasotzea, baina guztiaren aurretik pertsonak gara, eta jokalariak ondo tratatu behar direla uste dut, hurrengo urtean berriz etor daitezen. Gustura ez badaude, alde egingo dute.

Orioko Futbol Taldeko jokalariak eta entrenatzaileak. (Onintza Lete Arrieta)

Real Union taldetik zatoz zu, Joseba. Orioko instalazioak eta jokalarien maila ez dira berberak izango. Moldatu beharko zenuen entrenatzeko modua, ezta?

J.A.: Orion bezalako instalazioak toki gutxitan daude. Tokiarekin badugu arazoa, sekulako ume pila eta talde pila daudelako eta puzzlea egin behar izaten delako. Gipuzkoan zer arazo dauden eta nolako zelaiak dituzten ikusita, gu pribilegiatuak gara. Irunen nengoenean, askotan etortzen ginen Oriora entrenatzera, hango jokalariei Orioko instalazioak gustatzen baitzitzaizkien.

A.A.: Josebarekin bat nator. Zerbait hobetzekotan, kapritxoz, gimnasioa berritzea eskatuko nuke.

J.A.: Ea udalak zer dioen. Asko laguntzen digu; kiroldegian soberan gelditzen den materiala ekarri izan digute, esaterako. Baina gauzak eskatu egin behar dira.

A.A.: Ezin gara kexatu materialari dagokionez, nork bere zakuak dituelako baloientzat, bere takilak... Josebak eta biok zelaia partekatzen dugu eta biontzat nahikoa material egoten da. Gainera, gauzak ondo eta txukun gordetzen dira. Eskueran daukagu guztia.

Klubak bazkide asko ditu, 500 inguru.

A.A.: Kontuan hartzekoa da hori ere. Klubean jendeak lagundu egiten du, eta zelaira ere jende mordoa joaten da partidak ikustera.

J.A.: Egundokoa da. Ez nuen uste maila hauek hainbeste jarraitzen zirenik, jokatzera kanpora joaten garenean ere harrituta gelditzen naiz; gurasoak, kuadrillak... joaten dira arratsalde pasa. Hondarribian jokatu genuenean, esaterako, harmailetara begiratu eta etxeko zaleak baino oriotar gehiago zeuden.

A.A.: Gauza bera gertatu zitzaigun guri Zizurkilen. Lankide batzuk joan ziren ni ikusteko aitzakiarekin, eta haiek ere esan zidaten bertakoak baino oriotar gehiago zegoela partida ikusten. Eskertzen da, batez ere, jokalariek.

Zer egiten zaizue entrenatzaile lanetik zailena?

J.A.: Pertsonak kudeatzea. Izan ere, 11 futbolarik jokatu behar dute partida, eta 21-22 jokalari dira taldean. Saiatzen naiz denei minutuak ematen, baina irabaztea ere nahi dugu, eta beraz, beti batzuek beste batzuek baino gehiago jokatzen dute. Denak etortzen dira entrenatzera sekulako ilusioarekin, eta nik erabaki behar izaten dut nork jokatuko duen eta nork ez. Sentibera samarra naiz, eta kostatu egiten zait hori kudeatzea, nahiz eta mutilek beraiek ulertzen duten horrek horrela izan behar duela.

A.A.: Gauza berbera gertatzen zait: hemeretzi jokalariko taldea daukat, eta hamasei eraman ditzaket partidetara. Hala ere, neskek beren buruengan sinestea da gehien kostatzen ari zaidana. Nik eskatzen dizkiet eskatzen dizkiedan gauzak egin dezaketela sinesten dudalako. Jokalari asko eskuko balaztari helduta bezala daude, beti zalantza horrekin; ea konfiantza hartuz joaten diren. Bestalde, gustatzen zait jokalariei nik kale egindako puntuez ere hitz egitea, aitortzea egindako akatsak. Asko eskertzen dute hori.

J.A.: Pertsonak garela esaten diet nik ere jokalariei, eta aurreneko gauza saiatzea dela. Gero gaizki ateratzen bada, ez da ezer gertatzen. Izan ere, neu naiz hanka sartzen duen aurrenekoa. Baina saiatzea da garrantzitsuena.

A.A.: Entrenatzaileak izanagatik, ez daukagu arrazoi absolutua.

Denboraldi hasiera honetan, zein dira zuen taldeen indarguneak?

J.A.: Taldea aurreko sasoiko berbera dela esango nuke: elkar ezagutzen dute eta laguntasun handia dago jokalarien artean. Nire ustez, gauzak ondo egin nahi badira, garrantzitsua da hori talde batentzat.

A.A.: Iritzi bera daukat nik ere: taldea da indartsuena. Ikusten badute kide bat teknikoki gutxixeago dela edo ez dabilela ondo, laguntzen saiatzen dira. Gainera, gure mailan, emakumeren batek atentzioa ematen badu, oso erraza da goragoko mailaren batean den talderen batek fitxatzea. Gurean dauden neskak dira Orion jokatu nahi dutenak.

J.A.: Orioko taldeko jokalariren batek beste talderen batera joan nahi badu proba egitera, eta probatu ostean Oriora itzuli nahi baldin badu, ez zaio trabarik jartzen. Hau nire iritzia da, baina uste dut egokia dela politika hori. Izan ere, beste klub batzuetan ez diete uzten itzultzen.

Biok duzue gogoan norekin hasi zineten futbolean Orioko taldean.

J.A.: 12 urterekin, plaieroetan ibiltzen nintzen Patxi Barrenetxearekin, eta bera Orioko klubean sartu zenean, deitu egin zidan, federatuta jokatzen hasteko. Orduko taldekideak ni baino hiru urte zaharragoak ziren, eta Orioko lehendabiziko entrenatzaile federatua izan zen Barrenetxea. Urte mordoa pasatu ditu Zarautzen, eta orain bueltatu egin da Oriora, kadeteak entrenatzera.

A.A.: Gaur egungo umeen guraso askoren entrenatzailea bera izan da; jende askoren aurreneko entrenatzailea izan da, baita nirea ere. Plaieroetatik iritsi nintzen ni ere Oriora, futbol federatura. Kluba familia handi baten antzekoa da; zuzendaritzak aldatu dira, baina beti jende bera dabil bueltan-bueltan. Lehen futbolean ibilitakoak hainbat orain guraso gara, eta seme-alabengatik itzuli gara klubera. Jasotako horretatik zerbait eman nahi izaten duzu bueltan.

J.A.: Horrez gain, azpimarratuko nuke herriko bi ikastetxeetako haurrak elkartzeko eta kuadrillak sortzeko ere balio duela futbolak, eta hori dela Orioko Futbol Taldeak daukan alde onetako bat. Hori bai, herriko beste kirol taldeek ere lortzen dute hori, noski.

Jokalari garaiari begiratuta, zer oroitzapen azpimarratuko zenukete?

J.A.: Jende asko ezagutzen dela. Nik urte asko egin nituen kanpoan, baina orain Realeko beteranoekin ibiltzen naiz futbolean, infantiletan nirekin aritzen zirenekin. Berriz ere Zubietara joaten gara, Realaren kamiseta janzten dugu... eta oroitzapenak itzuli egiten dira, oroitzapen politak gainera. 47 urte eduki arren, oraindik ilusioa egiten du horrela ibiltzeak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide