Urola Kostako Udal Elkarteak udal bulego eta ekipamenduetan erabilera bakarreko ontziak murrizteko kanpaina bat eramango du aurrera datozen hilabetetan.
Kanpainaren helburu nagusia tokiko administrazio publikoetan, ur ontziratuaren ordez, iturriko uraren erabilera sustatzea izango da. Ondorioz, botilako uraren kontsumoarekin lotutako plastikozko botilen hondakinak murriztuko dira, baita ur hori fabrikatzeak, biltzeak eta azken tratamenduak eragiten dituzten inpaktuak murriztu ere.
Kanpaina aurrera eramateko, eta iaz iturriko uraren inguruan garatutako azterlanaren difusioa egiteko asmoarekin, Urola Kostako tokiko administrazioari zuzendutako formakuntza saio bat burutzea proposatu dute. Izan ere, 2024. urtean egindako ingurumen ikuskaritzaren ondorioz, eskualdeko langile publikoek ingurumen arloan "formakuntza gabezia" zutela ikusi zuten.
Saio honetan botilako uraren eta iturriko uraren ezaugarriak, botilako uraren inpaktuak eta iturriko uraren eta botilako uraren alderaketaren gaiak jorratuko dituzte. Gainera, aurreko urtean egindako ingurumen ikuskaritzen emaitzak aurkeztu eta hitz egiteko ere balioko du saioak.
Prebenitu, berrerabili eta birziklatu
Prebenitu, berrerabili eta birziklatu lelopean, hiru kanpaina antolatu ditu UKUEk ikasturte honetarako. Hala nola, erabilera bakarreko ontzien murrizteaz gain, auzo-konposta, arroparen berrerabilera eta etxeko hondakinen birziklapena landuko dituzte.
Kanpainen eta egingo diren jarduerei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, 943-89 08 08 zenbakira deitu edo hondakinak@urolakosta.eus helbidera idatzi daiteke.