Alberto Contador, Samuel Sanchez, Alejandro Valverde, Luis León Sanchez, Carlos Verona... Ez gara ari doping lista bati buruz, ez (lasai asko izan zitekeen). Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena antolatutako lasterketetan zaildu, hazi eta hezitako izen loriatsu batzuk besterik ez dira. Beraiek esana da, euskal errepideetan pasatu dutela beren gaztetasunaren zati handi bat, eta oso presente dituzte gure errepideetan jokatzen diren Balenziaga Memoriala, Gorlako Igoera edota Bidasoako Itzulia, besteak beste. Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa ere txirrindularitza munduan aski ezagunak dira, baita hain entzutetsuak ez izanagatik ere, Ordiziako Klasikoa edota Miguel Indurain Klasikoa ere. Egunkariak betetzen dituzten lasterketa entzutetsu horiek guztiek jende andana mugitzen dute errepide albora; euskaldunoi paparra betetzen zaigu euskal izaera aldarrikatzean, eta gure zalegoa munduko onenetakoa dela esaten duenik ere bada. Baina zer litzateke euskal zalegoa nor animatu ez bagenu? Azken boladan Gipuzkoako txirrindularitza jasaten ari den dekadentziak alarma piztera eraman du Gipuzkoako Federazioa gidatzen zuen lantaldea.
Zergati asko daudela dirudi: moto loturen arazoak, baimenak lortzeko arazoak, anbulantzia falta, boluntario falta... Irtenbidea ez da batere erraza, baina argi dagoena da, azkenean, arazo horien biktima handienak txirrindularitza txikitatik jaso eta Pogacar, Vingegard, Van Aert edota Usoa Ostolaza, Idoia Eraso eta Lote Kopecky erreferente dituzten euskal gazteak direla.
Hasieran aipatutako izen handiek ere izan dituzte erreferenteak; bazuten gogoa eta bizikleta mundutik bizitzeko itxaropena, baina oraingo neska-mutilek ez bezala, beren kirola segurtasunez egiteko aukera ere bazuten.
Egungo egoerak etorkizun iluna erakusten digu; zer eskaini behar diogu bizikletaz gozatu nahi duen ume bati lehiatzeko lasterketarik antolatu ezin badugu? Azken egunotako notizia da Gorka Izagirre Ormaiztegiko txirrindulariak bere kirol ibilbidea amaitutzat eman duela. Bere hutsunearekin gorengo mailan bi gipuzkoar soilik geratzen dira. Hasiak gara instituzioetatik jasotako laguntza ezaren ondorioak pairatzen, eta ez dirudi epe laburrean gauzak hobera egingo duenik.
Gure zilborrera begira jarriz, Orion aurten San Martingo igoera berreskuratu dugu. Ez da arriskuan dauden lasterketen formatu berbera; herriko festa egitarauaren barruan antolatutako kronoigoera txiki bat izan da, baina ikusleen erantzunak oso asebeteta utzi gintuen. Herritarrek parte hartzaileak animatzeko eta probaren aitzakian goiz pasa eder bat igarotzeko gogoa erakutsi zuten, eta horrek guri ere datozen urteetarako indarra eman zigun. Gure ustez, berriz ere txirrindularitzaren inguruan oso zabaldua egon den figura bat indartu behar da: boluntarioa. Badirudi gaurko gizartean norberak berea denari begiratzen diola beti; bere denbora bere gozamenerako soilik da, eta besteen alde musutruk lan egitea, atzerapausoa.
Hori aldatu beharra daukagu; lehen aipaturiko lasterketa entzutetsuak ere boluntariotza eta lan eskerga bati esker sortu ziren, denok bat hartu eta elkarren laguntzaz besteentzat ekitaldi polit bat sortzeko gogotik, eta hori berreskuratuz gero, ziur gaude San Martingo igoera gehiago egongo direla, Aiztondo Klasiko gehiago antolatuko direla, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioan lantalde berri bat sartuko dela, eta, azken batean, Mikel Landa, Ion Izagirre, Usoa Ostolaza eta Idoia Eraso berriak irtengo direla.