Errioan barrena aurrenekoz
Oriotar petoak dira ondoko orriko mutikoak. DBH 2. maila hasiko dute egunotan, eta dagoeneko ederki ezagutzen dituzte herria eta bertako bazterrak. Argazkia hartu den egunean zeharkatu dute, ordea, beren bizitzan aurreneko aldiz, errioa. Hondartzara joatea zen haien asmoa, baina bidean erabaki dute kirol portutik Txurruka aldera igarotzea, igerian. Marea igotzen ari zela egin dute zeharkaldia, "dezenteko korrontearekin", eta horregatik, "deskantsatzeko" baliatu dituzte autobidearen zubiko pilareak. Txurrukan "lasai" egon ondoren itzuliko dira errioaren bestaldera, berriz ere igerian. "Aupa Orio!" eta "Aupa Real!" esanez agurtu dira.
Betikoa, beti berri
Uda sasoian ohikoa da neska-mutilak erriora salto egiten ikustea errepideko zubitik, moilatik nahiz arrantzontzietatik. Paseoan dabiltzan herritar batzuek kontatu dute garai batean kukaña ere bazela Arostegi tailerraren parean, eta beraiek haurrak zirenean –duela 60 urte inguru– egunero ibiltzen zirela errioan igerian, eta ikasi ere, hantxe ikasten zutela, gurasoekin. Goiko irudiko hirukotea, esaterako, pozarren dabil uretara salto eta salto. "Aldizkarian agertuko gara!", esan diote elkarri, kamerari begiratu ondoren.
Ohitura bihurtzeko bidean
Abuztuaren hondarrean, errepide nagusiko zubitik salto egiten ari dira guraso batzuk eta beren seme-alabak, eta moilatik begira dituzte taldeko beste hainbat kide. "Badira bost urte abuztua Orioko kanpinean amaitzen dugula", kontatu dio hedabide honi talde horretako gizon batek. Bergarako zazpi familia etorri dira elkarrekin kanpinera. "Honelakorik ez dugu Bergaran [Gipuzkoa]", esan du emakume batek, zubia eta moila seinalatuz. Zubi ertzean paratuta uretara salto egin ala ez zalantzan dabilen gaztetxoa animatzen hasi dira guztiak.
Lagunaren atzetik
Lagun txakurraren jabeentzat familiako kide bat gehiago da bera, eta horregatik, uda sasoian eguraldi ona egiten duenean, Lasarte-Oriatik (Gipuzkoa) Oribarzarrera joaten dira itsasoaz denek elkarrekin gozatzera. Lagun dutenetik joaten dira txakurrak onartzen dituzten hondartza bakarrenetakora; duela urte eta erditik. "Guretzat sekulako plana da hona etortzea. Mugimendu eta erabilera asko duen ingurua da", esan dute.
Bi hamarkada Donostia-Orio-Donostia eginez
Herrietatik hiriburura joan-etorria egitea izaten da ohikoena, baina alderantzizko buelta egiten duenik ere bada. Arantzazuk, Jesusek eta Luisek, esaterako, bi hamarkada daramatzate hiriburutik Txurruka aldera etortzen uda sasoian. "Txiringitoaren ondoan jarri izan gara beti, zuhaitz artean, eguzkia eta itzala edukitzeko, eta gero pasiera egiten dugu barra aldera, Getariako arratoia ikustera. Arranplan bainatzen gara bero dugunean, eta errioaren bestaldera ere joaten gara zerbait hartzera". Lagunetako bat gurpildun aulkian dago, eta hark ezin hondarretan ibili. Horregatik hasi ziren Oriora etortzen. "Donostian bizi gara eta Orion pasatzen dugu uda; luxua da hori", esan dute, irribarretsu.
Beti berria, beti bakarra
Abuztu hasiera da, eta eguerdi partean ederki jotzen du eguzkiak. Antilla hondartza eguzkitakoz eta jendez bete da. Hondarretan zein uretan dabiltza bainulariak. Itsasoan apur bat gehiago urrunduta, berriz, beltzez jantzitako bizpahiru lagun ikus daitezke oholaren gainean eserita, lasai, olatu perfektuaren zain. Hamarkada batzuk igaroak dira Orion aurreneko surf oholak eta aurreneko surflariak agertu zirenetik. Ordutik, makina bat herritar aritzen da beti berria eta beti bakarra izaten den olatua hartu nahian.
Lasaitasuna arnastuz
Inguruko herrietatik etortzen denik ere bada. Goiko irudiko emakumea, esaterako, Usurbildik sarritan joaten da kofradia berrira egun-pasa bikotearekin eta txakurrarekin. Arrantzan egin eta bainatu, biak egiten dituzte han. "Orduak pasatzen ditugu hemen. Toki ona da, lasaia, eta txakurra ere aske ibiltzen da". Presarik gabe hitz egiten du; nabari da lasaitasuna arnastuz dabilela.
Elementuetan garrantzitsuena
Eguraldi ona eta marea gora. Ez da gehiago behar anbulatorioaren ondoko arranplan bainu freskagarria hartzeko. Adin askotako herritarrak elkartzen dira han; tartean, irudiko bi neskatoak. Laguntasuna eta elkartasuna adierazten ditu uretan denari irteten laguntzeko eskua luzatzeak. Izan jolasean, estuasunean zein lanean, horixe izango da errioaren eta itsasoaren bueltan den elementu garrantzitsuena: bestearen eskua aurkitzea ur ertzera iritsitakoan.
Betirakoak
Aurreneko aldiak, hamaikagarrenez bizitakoak... Denetariko istorioak aurki daitezke errio eta hondartza inguruetan. Betirako gelditu nahi ez dituzten sentimenduen lekuko ere badira bazter horiek, gainera. Hondartzako barrako harrizko hormetako batean, esaterako, norbaitek honakoa idatzi du, bihotzean gordetakoa harrian ere grabatuta gelditzeko: "Osaba Alejo, beti gure bihotzean".
Hirugarrenean, aidanez
Pablo eta Ian Eibarko aiton-amonekin joan dira Aitzondo aldera arrantzara uda hasierako arratsalde eguzkitsuan. Zarauztarrak dira bilobak, eta eguna pasatzera joan dira ondoko herrira. Arrantzan bigarren aldia dute herriko eremu horretan; aurrenekoan, berehala harrapatu zuten itsas kabra ederra, eta baita gozatua hartu ere hura afalduz. Bigarren aldian, berriz, ez dute halako zorterik izan. Arrain txikiak bakarrik inguratu omen zaizkie. Hirugarrenean saiatu beharko, agian?...
Ametsak eta ametsak
Lehen aldiak daude, azkenekoak ere bai, eta baita urtez urte errepikatzen direnak ere. Eta, horiez gain, ametsak daude: ontziaren brankan etzanda, portutik itsaso zabalera bidean senti daitezkeenak. Alderantzizkoak ere izango dira, zalantzarik gabe: portutik ontzikoei begira amesten diren horiek. Bakoitzak goza dezala bereekin, hurrengo udara arte.