Hogeita lau haurrek parte hartu dute UKUEk antolatutako robotika eta dronen ikastaroetan

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 6a, 08:00

Teknologiaren inguruko ikastaroetan parte hartzeko aukera izan dute haur eta gaztetxoek. (UKUE)

Uda sasoiaren amaierarekin batera, aste honetan egin dituzte tailerrak Urola Kostako Udal Elkarteak Zarautzen duen Open Lab espazioan. 

Haur eta gaztetxoei zuzendutako teknologiaren inguruko zenbait tailer eta ikastaro eskaini ditu UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak uda sasoian zehar Zarauzko Open Lab espazioan, eta opor garaiari bukaera emanaz, azken bi tailerrak egin dituzte aste honetan bertan 24 haur eta gaztetxok.

Robotika eta dronak izan dira aste honetan antolatutako tailerretako gaiak. Batetik, 7 eta 10 urte bitarteko haurrek robotika hizpide duen Smart Green City tailerrean parte hartzeko aukera izan dute; 11 eta 14 urte bitarteko gaztetxoak, berriz, Dronak eta errealitate areagotua izeneko jardueran aritu dira. Bietan ere, teknologia modu eraginkor eta arduratsuan erabiltzen ikasi ahal izan dute.

Tailer eta jarduera hauek guztiak UKUEk abian jarritako Open Lab espazioan eman dituzte. Ekimen honek "artearen, zientziaren eta teknologiaren esparruetan, sortze, ikertze, esperimentatze eta  garatze prozesuak aurrera eramaten" laguntzea du helburu, udal elkartearen arabera. Horrekin batera, "mota ezberdinetako erreminta, prototipatze eta fabrikazio elektronikoko makina  digitalak erabiltzeko aukera eskaintzen die herritarrei, 3D inprimagailua, esaterako". Zerbitzu hau doakoa dela azpimarratu du UKUEk.

Open Lab, ia egunero erabilgarri

Azkenik, udalen elkarteak gogorarazi du espazio hori asteartetik ostiralera bitartean egoten dela zabalik, goizez zein arratsaldez, 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:30era; larunbatetan ere zabalik izaten da, goizez bakarrik, 10:00etatik 13:00etara.

Dena den, hara joan aurretik erreserba egitea gomendatzen du udal elkarteak, 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide