Aiako eta Orioko lau nekazari gaztek jasoko dute GazteNek programaren laguntza

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 23a, 10:30

Pagoetako Iturrarango Parketxean atera zuten talde argazkia gazteek eta agintariek. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Aian esnetako behiekin lan egiten duten hiru anaiak jasoko dute laguntza, eta Orion, esnetako behiak eta ardiak jarri berri dituen gazte batek. Aiakoa errelebo aldaketa dela zehaztu dute. Gipuzkoan hamalau gaztek jasoko dute laguntza.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aldundiek sustatzen dute GazteNek programa gazte nekazariei laguntzeko –lehen sektorean jarduera bultzatzea eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzea da helburua– eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Gipuzkoan hamalau gaztek lortu dute programa horren laguntza. Tartean daude Orioko eta Aiako ustiapen bana: Orio Gukak jakin duenez, Aian, esnetako behiekin lan egiten duten hiru anaiak jaso dute laguntza; errelebo aldaketa egin dute, gainera.

Orion, berriz, ustiapen berria martxan jarri duen gazte batek jaso du laguntza; esnetako behiak eta ardiak jarri ditu horrek. Lau gazte horiek gizonezkoak direla ere azaldu dute.

Aldundiak ohar bidez azaldu duenez, erakunde horrek 611.831 euro bideratuko ditu aurten, 2024an GazteNek programan izena eman duten lurraldeko hamalau gazteentzat. "Bost urtez lan egingo dute, tutorearekin batera, lehen sektorean sartzeko, beren enpresa proiektua garatuz eta ezarriz".

Diputatu nagusiaren "konpromisoa"

Hain zuzen, Pagoetako Iturrarango Parketxean elkartu ziren duela egun batzuk agintariak eta gazteak talde argazkia egiteko.

Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzetan, "dagoeneko abian den ustiategi bat hartzen duen edo lehen sektoreko proiektu berria abiarazten duen gazte bakoitza, hazi berri bat da landa ingurunearen etorkizunaren alde, elikadura jasangarriaren alde, ingurumenaren zaintza orekatu baten alde".

Mendozarentzat,  "ezin da ahaztu lehen sektorearen oinarrian pertsonak daudela, testuinguru ekonomiko oso konplikatuan apustuak egiten ari direnak". Horregatik, "ekarpen horrek merezitako ordaina eta errekonozimendua behar du eta, guztion artean, bidezkoa den aitortza hori oztopatzen duten trabak gainditu behar ditugu", esan zuen. "Nire konpromisoa duzue, ez bakarrik ahalegin horretan laguntzeko, baizik eta gerora begira egiten dituzuen apustuetan modu berritzailean laguntzeko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide