Dena prest dute Aian eta Orion urteko gau magikoenerako

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 19a, 13:00

Aiako plazan, suaren bueltan dantzan herritarrak.

San Joan suak egingo dituzte bi herrietan igande gauean, eta orduak zehaztu dituzte. Orion, Harribilen eskutik dantzan ariko dira 100 haur eta gaztetxo inguru.

Badator ekainaren 23a; urteko egun luzeena eta gau motzena da, eta baita gaurik magikoena ere, San Joan suek argitzen baitituzte herri, auzo eta baserri inguruak udaren hasierari ongietorria emateko.

Ohi bezala, Aian eta Orion juntadizoa egingo dute, eta zehaztu dituzte orduak. Orion, 100 haur eta gaztetxo inguru elkartuko ditu Harribil dantza taldeak herritarrei emanaldi berezia eskaintzeko. Aian, berriz, udalak herritarrak gonbidatu ditu elastiko beltza eta baserritar zapia jantzita ateratzera kalera.

Honakoa da egitaraua herri bakoitzean:

Aia

  • 21:30. Plazan elkartuko dira herritarrak.
  • 22:00. Sua piztuko dute, dantzak eta musikak girotuta.
  • Ondoren. Txokolatea banatuko dute.

Orio

  • 21:00. Kosta Tailerretik aterata, herrian barrena ibiliko dira, eta azkenik, Arranplako plazoletan elkartuko dira suaren bueltan dantza egiteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide