Nadeth Agirre: "Lorpen oso handiak egindakoek jaso dute sari hau, eta ohorea da niretzat"
Herrian halako aitortza jasotzea berezia izango da...
Bai, bederatzi urte igaro dira sari hau ematen hasi zirenetik, eta urte hauetan garaipen handiak lortu dituztenak pasatu dira egoera honetatik. Orain ni ere zerrenda horretara batu izana ohorea da, bai.
Saria ematean, Xabier Sukiak zure palmares ikaragarria errepasatu du, eta azpimarratu du nola egon zaren hasieratik emakumeen traineruak behe-behetik goraino egindako bide horretan.
Urtez urte, pixkanaka lortutako zerbait izan da, eta orain konturatzen naiz gauza handia lortu dudala, baina momentuan gustura nintzen, eta ez nion horri begiratzen.
Ekitaldian esan duzu negu partean inbidia handirik ez dizula eman trainerua uretan ikusteak, baina udan agian emango dizula.
Normalean neguko lana izaten da zailena eta inbidia gutxien ematen duena, eguraldiak ere ez duelako askorik laguntzen, baina uda aldera, eguraldi onarekin, beste gauza bat izaten da. Egia da orain uretan ikusi ditudanean [ostiralaean, saria jasotzean] nagikeria eman didala, baina uste dut inbidia pixka bat pasatuko dudala uda aldera, iluntzeetan-eta ikusten ditudanean.
Andoni Iruretagoiena, Izeta VI.-a: "Ohorea da saria Euskal Herriko patroi onenaren ondoan jasotzea"
Mirotza saria jasotzearren pozik, ezta?
Bai, sariek beti egiten dute ilusioa. Neu aiarra izanik, alboko herrikoa, alegia, ilusio berezia egin dit nirekin gogoratzeak. Gainera, saria Nadethekin [Agirre] batera jasotzea ohorea da niretzat, Euskal Herriko patroi onena izan delako nesketan.
Orio Arraunketa Elkartekoek esan al dizute zergatik gogoratu diren zurekin?
Tira, uste dut batez ere ondoko herrikoa naizelako eta azken hiru urteetan pentatloiak irabazi ditudalako oroituko zirela nitaz.
Arraun zalea al zara zeu?
Zalea naiz, bai, jarraitzen dut; asko gustatzen zait. Bere garaian neu ere ibilia naiz arraunean, eta gertutik segitzen dut kirol hori.
Dena den, pentatloia da zure jarduera kutuna.
Bai, azken lau urteetan behintzat horretan ditut jarriak indarrak; horretarako egiten dut lan eta entrenatu. Helburu batzuk ditugu jarrita, eta helburu horiek lortu arte horretan jarraituko dudala uste dut.
Zein dira helburu horiek?
Aurrenekoa eta inportanteena laugarren txapela janztea, eta bigarrena, 30 minutuko muga jaistea; zaila izango da hori, baina lortu arte ez dut utziko.
Lino Carrera: "Normalean, saltxitxak frijitzen aritzen naiz ia erabat"
Bederatzigarren urtea du Garagardo Azokak, eta zu aurreneko urtetik zabiltza boluntario lanean. Arraun klubean lehenagotik ere ibiliko zara...
1998. urtetik nabil arraun klubean laguntzen. Orain, B taldearekin ibiltzen naiz gehien, estropadetan eta. Iaz ikaragarria egin genuen, baina aurten gaizki ibiliko gara; aurreneko taldetik jende askok alde egin du, eta B taldeko asko pasatu dira A taldera.
Garagardo Azokan, sukaldean aritzen al zara beti?
Normalean, saltxitxak frijitzen aritzen naiz ia erabat. Ostiralean, 23:00 aldera arte aritzen naiz, eta hurrengo egunean, 13:00etatik 18:30era arte. Azken egunean, iaz 12:00etan hasi eta itxi arte egin nuen lana, segidan.
Jendeak zer esaten du? Gustura gelditzen al da?
Bai, denek famatzen dute txerri ukondoa. Nafarroatik urtero etortzen da sukaldaria; Altxerrin jartzen diogu ohea. Iaz, esaterako, ikaragarraizko jende pila ibili zen, Txapeldunen Liga parean egokitu baitzen. Aurten ez da halako txapelketarik tokatu, baina bai eguraldi ona. Herriari giroa ematen dio azokak.
Lana egiteaz gain, ondo pasatzeko tartea ere hartuko duzu...
Bai zera! Saltxitxaren bat jan, eta kito. Hori bai, astelehenean, hau dena bukatzen denean, sei-zortzi lagunek soziedadean egiten dugu bazkaria.