Energiari buruzko online informazio gunea zabaldu du UKUEk

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 26a, 10:00

Ion Arozena UKUEko lehendakaria, energia alorraz hainbat xehetasun ematen informazio gune berrian.

Informazio gune berriak "aholku eta tresna ugari" eskaintzen dizkie enpresei beren energia kontsumoa murrizten laguntzeko, eta eskualdeko enpresetako ordezkarien testigantzak ere jaso dituzte bideo erreportaje bidez. Gune berria erabilgarri dago jada.

UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak energiari buruzko informazio gune berria zabaldu du sarean enpresa eta bestelako eragile ekonomikoentzat, "klima aldaketari aurre egiteko eta jasangarritasuna sustatzeko ahaleginean". Udal elkarteak zehaztu duenez, "gaur egun bizitzen ari garen trantsizio energetikoan parte hartzeko beharrezko informazioa eta baliabideak helarazteko eta ingurumenarekin gero eta ardura gehiago duen merkatu batean posizionamendu hobea lortzeko" sortu du gunea, eta hemen dago ikusgai.

UKUEren web orrialde horrek hainbat atal ditu. Batetik, aholku eta tresna "ugari" eskaintzen dizkie enpresei beren energia kontsumoa murrizten laguntzeko, eta, horrela, "beraien jardueren bidez eraginkortasun eta jasangarritasun handiagoa bultzatzeko". Bestetik, eskualdeko enpresetako ordezkarien testigantzak ere bildu dituzte bideo erreportajeekin. Udal elkarteak jakinarazi duenez, egitasmoan parte hartu duten Urola Kostako enpresak honakoak dira: Isladak ingurumen eta jasangarritasun aholkularitza; Argisun Soluciones Energeticas; Jolas haur parke jasangarriak; Jesuskoa landetxea; eta Gaintza Txakolina.

Lau helburu eta zazpi atal

UKUEk lau helbururekin zabaldu du energia alorreko informazio gunea: eskualdeko egungo energia egoerari buruzko informazioa zabaltzea; energiaren, mugikortasunaren eta klima aldaketaren inguruan udal elkarteak egindako ekimenak ezagutaraztea; energia eraginkortasunaren sustapenean eta klima aldaketaren aurkako borrokan enpresentzako euskarri izatea, mota horretako jarduerak errazten dituzten baliabide, dirulaguntzak eta tresnak ezagutaraziz; eta eragileen arteko lankidetza sustatzea eta klima aldaketaren aurkako borrokan aliatuak izatea.

Informazio gunea honako zazpi ataletan banatu dute:

  • Urola Kostako egoera energetikoa
  • Enpresen energia betebeharrak eta dirulaguntzak
  • Eraginkortasuna eta energia motak
  • Energia berriztagarriak enpresatan
  • Prestakuntza eskaintza
  • Mugikortasun jasangarria
  • Klima aldaketa

Informazio gehiago

Egitasmo berriari buruzko informazio gehiago nahi duenak 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu dezake eta Eneko Larunbegatik galdetu, edo energia@urolakosta.eus helbidera idatzi dezake mezua.

Bestalde, jakinarazi dute sare sozialetan #energiaplana hastag-a erabiliko duela Urola Kostako Udal Elkarteak gaiari buruzko informazioa zabaltzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide