Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak turistifikazioaren aurkako kanpaina hasiko du

Julene Sorarrain 2024ko mai. 18a, 13:30

Araba kaleko etxebizitza berrien obrak. (Julene Sorarrain)

Sindikatuko kideek adierazi dutenez, "ezinbestekoa da gaitz hori eta haren erantzuleak seinalatzea", eta horren harira dator aurkeztu berri duten kanpaina.  Iragarri dute zenbait ekintza egingo dituztela datozen asteetan.

Etengabe hazten ari da eskualdeko etxebizitza turistikoen kopurua, eta horrekin batera areagotu dira alokairuen prezioak eta bizitoki bat eskuratzeko zailtasunak. "Turistifikazio eta gentrifikazio prozesu betean gaude", aldarrikatu du Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak.

Udari begira, azpimarratu nahi izan dute azken urteetan "legezko zein legez kanpoko" etxebizitza turistikoek izan duten hazkundea: "Eragin zuzena du bizitoki bat behar duten pertsonengan: alokairuen prezioak igotzea eragiten du, asko uda sasoian etxetik kanporatzen dituzte...".

Sindikatuak eskualdea "turistifikazio eta gentrifikazio prozesu betean" dagoela azaldu du, eta ondorioz, "etengabe hazten ari da etxebizitza turistikoen eta hotelen kopurua, eta eraikuntza enpresa handiak (Amenabar, Salbide) lurrak erosten ari dira ahalik eta etxebizitza gehien eraiki eta euren irabaziak bermatzeko, erakunde publikoen babesarekin".

Aldi berean, sindikatuko kideek "jabe txiki eta ertainek klase posizioa mantentzeko" dituzten moduak zerrendatu ditu, hala nola, "pisuak alokairuan jartzea, pisu turistiko bilakatzea, haiekin espekulatzea". Prozesu hauetatik bi ondorio nagusi atera dituzte: "Batetik, langile klasea haien dinamiketan parte hartzera behartzen du alokairu bat eskuratzeko; eta, bestetik, kontakizun interklasista ezartzen du, maizterren eta etxejabeen arteko ezberdintasunak ezkutauz".

Aztikerrek azken egunetan gazteei zuzendutako inkestaren emaitzak zabaldu ditu. Inkestako atal bat etxebizitzaren gaiari eskaini zaio. Sindikatuak argudiatu du emaitzek argi erakutsi dutela "euren markoa zein mugatua" den. Etxebizitzaren egoerari aurre egiteko udalak herritarrei zenbait proposamen egin dizkie, besteak beste, gazteei emantzipatzeko dirulaguntzak eman, etxepeetako bizitokiak sustatu edo babes ofizialeko etxeak alokairuan edo jabetzan eskaini. Aukera hauen aurrean, Sindikatuaren erantzuna hurrengoa izan da: "Laburbilduz, etxejabeen eta eraikuntza enpresen irabaziak bermatzen dituzten neurriak soilik hartzen ditu aintzat udalak".

Diotena indartzeko, Sindikatuak hurrengo datuak eman ditu: "2013. urtetik etengabe hazi alokairuen prezioa, eta joera goranzkoa da oraindik ere. Datu zehatzak lortzea zaila bada ere, prezioek %25 egin dute gora ordutik; Zarautzen, %39. Batez beste 861 euro ordaindu behar dira han etxe bat alokatzeko; Zumaian 774 euro. Zarautzek Espainiako Estatuko metro karratu garestiena du (3.896 euro/m2), eta salerosten diren etxebizitzen %60 milioi erdi eurotik gorakoak dira".

Kanpainari buruz informazio gehiago lortzeko, esindikatua.urolakosta@gmail.com helbidera idatzi daiteke baita 633-34 94 18 telefono zenbakira deitu ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide