Haurrei zuzendutako teknologiari buruzko ikastaroak eskainiko ditu UKUEk Aste Santuan

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 19a, 08:00

Belaontzi patina eta Adimen artifiziala izeneko ikastaroak eskainiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak Aste Santuko opor garaian.

Aste Santuko oporraldian haurrei zuzendutako bi ikastaro antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Teknologiari lotutako ikastaroak izango dira, eta helburua, ondo pasatzeaz gain, egun hauetan ikasten aritzekoa ere badela adierazi du UKUEk.

Belaontzi patina eta Adimen artifiziala dute izena ikastaro hauek eta Urola Kosta Udal Elkarteko OpenLab espazioan eskainiko dituzte. Martxoaren 25etik 27ra eta apirilaren 2tik 5era eskainiko dira, birritan (bi talde aste bakoitzean). Hala, interesdunek horien artean egokien datorkiena aukeratu ahal izango dute.

Belaontzi patina izeneko ikastaroa 7 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta parte-hartzaileek belaontzi bat diseinatu, muntatu eta programatzen ikasiko dute. "Haizearen bitartez funtzionatuko du, baina haurrek eraiki eta programatutako aginte bat erabiliko da norabidea zehaztu eta bela kudeatzeko. Horretarako, agintea bluetooth bidez komunikatuko da. Nahikoa haize ez badago, motorrek, erreduktoreek eta engranajeek bultzatutako trakzio sistema bat asmatu, muntatu eta programatu beharko dute haurrek", azaldu dute antolatzaileek. 

Horiez gain, LED-ak argiztatzeko elektronika eta gidatzeko informazioa emango duten baldintza metereologikoak neurtzeko sentsoreak ere gehituko dizkiote belaontziari. 

Adimen artifizialren inguruko jarduera, berriz, 11 eta 14 urte bitarteko nerabeei zuzenduta dago. "Lehenik eta behin paketeak sailkatzeko linea deritzona landuko dute. Horretarako garraiatzailetik datozen blokeak hainbat saskitan sailkatu beharko dituzte, Mindstorms edo Spike Prime robotean integratutako smart kamera batzuk erabiliaz. Ikasleek sistemak muntatu, programatu eta integratuko dituzte. Horrez gain, robot humanoide bat (Robot Inventor) muntatu eta programatuko dute, ekoizpen lerroarekin elkarreraginean aritu dadin. Berriz ere kamera adimendunak pantailekin integratuko dituzte. Filogidatutako orgak (Makeblock edo Mindstorms) arduratuko dira horretaz lineako robot kontrolagailuekin komunikatuz", informatu dute antolatzaileek. 

Izen-ematea zabalik dago eta interesdunek martxoaren 20a arte dute ikastaroan apuntatzeko aukera. Horretarako, galdetegi hau bete beharko dute.

UKUEko arduradunen arabera, lehentasuna izango dute OpenLab espazioak eskainitako ikastaroetan aurrez parte-hartu ez duten haur eta nerabeek. Horiekin taldea osatuko ez balitz, izen-emate ordenaren arabera beteko dira taldeak. 

Ikastaro bakoitzeko ezinbestekoa izango da gutxienez zortzi eta gehienez hamabi pertsoneko taldea osatzea. Gutxieneko kopurura iristen ez bada, ezin izango da ikastaroa aurrera eraman, eta izen-emate kopurua gainditzen bada, itxaron-zerrenda bat sortuko da, izena emateko hurrenkera errespetatuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide