Askorako eman du ostiral iluntzetik igande arratsaldera arte iraun duen Txuleta Festak. Zarauzko Munoa plazan Zarautz Arraun Elkarteak jarritako karpan lehiaketak eta txuleta jana izan dira nagusi, eta Orioko eta Aiako ordezkaritza ere izan da; modu anitzetan, gainera.
Euskal Parrilla Catering enpresan egiten dute lan Jose Inazio Atorrasagasti eta Aratz Arregi oriotarrek, eta milaka txuleta zati erretzen aritu dira parrillan. Izeta sagardotegiko Gotzon Iruretagoiena aiarrak, berriz, txuleta bakarra erre du, larunbateko Maestro Parrillero lehiaketan Gipuzkoa ordezkatuz. Igandean, berriz, herriko elkarte gastronomikoen arteko lehian parte hartu zuen, ergometroko partea eginez. "Urpekoak elkartekoa naiz, eta abisatu didate ergometrorako ez zutela inor, eta animatu egin naiz", azaldu zuen atzo, lehiaren aurretik, bideo honetan.
Lanak lan eta ardurak ardura, umoretsu zeuden hirurak larunbat goizean. Aurreneko orduak zer moduz joan ziren galdetuta, gustura ziren Atorrasagasti eta Arregi: "Ostirala lasai joan da, ondo. Gu ohituta gaude haragi askorekin lan egiten, eta guretzat samurra izan zen. Ostiralekoa beroketa izan zen, eta larunbatekoa, partida".
Biak bakarrik aritu dira asteburu osoan txuleta erretzen, baina ZAEko hamar kideren laguntza izan dute haragia ondo zatikatzeko.
Iruretagoiena ere pozik zen Gipuzkoa ordezkatzeko parrillan. "Hogei urte daramatzat lan honetan, egunero egiten dut, eta lehiaketan betikoa egingo dut, ez naiz hasiko esperimentatzen", zioen irribarretsu. Berarentzat txuleta batean garrantzitsuena, zalantzarik gabe, "alde bat ondo sellatu eta barrutik beroa egotea". Txapela Burgos (Gaztela eta Leon, Espainia) aldera joan zen, baina esperientzia berria poltsikoratuta gelditu da aiarra.