Zaintza arloko prestakuntza saioetan izena emateko azken egunak dira

Onintza Lete Arrieta 2023ko urr. 25a, 16:00

Zaindu Urola Kosta prestakuntza saioen lehenengo edizioko irudi bat. (Urola Kostako Udal Elkartea)

Berehala hasiko dira aurrez aurreko nahiz online saioak, eta maiatzean amaituko dira. Bertan parte hartzen dutenek SSCS0208 Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta (2. Maila) profesionaltasun ziurtagiria jasoko dute.

Urola Kostako Udal Elkarteak Zaindu Urola Kosta izeneko prestakuntza saioa eskainiko du eskualdean zaintza arloan dabiltzan edo ibili nahi duten zaintzaileek "gaitasun tekniko zein zeharkakoak jaso eta barneratzeko" helburuarekin.

Parte hartzaileek SSCS0208 Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte-eta osasun arreta lanbide ziurtagiria eskuratu ahal izango dute, ikastaroa aurrez aurre edo online eginda. Aurrez aurrekoa ostegun honetan bertan hasiko da –izena eman daiteke oraindik–, eta internet bidezkoa, berriz, azaroaren 6an, astelehenarekin.

Izena emateko epea zabalik dago oraindik, beraz, eta interesdunak Oteiza Lizeo Politeknikoarekin jar daitezke zuzenean harremanetan matrikula egiteko, bertara azalduta edota 943-11 10 00 telefono zenbakira deituta.

Ikastaro teorikoa eta praktikoa

Ikastaroak alderdi teorikoa eta praktikoa, biak izango ditu, eta partaideek eskualdeko erakundeetan burutuko dituzte praktikak.

Aurrez aurreko ikastaroa:

  • Noiz: 2023/10/26-2024/05/16
  • Ordutegia: 15:00 - 18:30, astelehenetik ostiralera.
  • Edukia: Lanbide Ziurtagiriaz gain, zaintza sektorean lan egiteko egun garrantzizko diren alderdiak landuko dira: digitalizazioa, euskara eta ikuspegi holistikoa.
  • Lekua: Oteitza Lizeo Politeknikoa (Zarautz).

Online:

  • Noiz: 2023/11/06 - 2024/05/09
  • Ordutegia: Norberak bere erritmora egingo du ikastaroa. Dena den, azterketak eta hainbat saio aurrez aurre izango dira.
  • Edukia: Plataforma erabiltzen ikasteko aurrez aurreko saio bat antolatuko da urriaren 31n, 15:00etan.
  • Lekua: Plataforma digitalaren bidez egingo da, eta aurrez aurreko saioak Oteitza Lizeo Politeknikoan izango dira (Zarautz).

Argibideak edo informazio gehiago nahi duenak 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu dezake, edo lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide