Norbere negozioak abiatu dituzten eskualdeko hogei bat emakumek euren bizipenak eta beldurrak agertu zituzten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak antolatutako Emakume Ekintzaileen Topaketaren lehenengo edizioan. Goiz osoa eman zuten UKUEren egoitzan, eta parte hartzaileek aitortu zuten saioa baliagarri izan zitzaiela, era berean, "elkar ezagutzeko, bakoitzaren proiektuen berri izateko eta sareak sortzeko".
Horren harira, Johanna Pino UKUEko Enpresa Sustapeneko teknikariak azaldu zuen topaketaren xede nagusia izan dela emakume ekintzaileei "babesa" azaltzea eta "bakarrik ez sentitzeko" bitartekoak eskaintzea. Izan ere, ikusi dute gehienen proiektuak "autoenpleguan" oinarritzen direla eta bakarrik kudeatzen dituztela.
Pinok zehaztu zuen, halaber, azken urteetan gero eta emakume ekintzaile gehiago gerturatu zaizkiela eskaintzen dituzten zerbitzuak jasotzeko. Horregatik, "pozik" azaldu da 27 emakumek eman dutelako izena topaketan, nahiz eta egunean zenbaitek ezin izan zuten bertaratu bestelako arrazoiak tarteko: "Kontuan hartuta gaur egun oso zaila dela goiz oso bat blokeatzea horrelako egitasmoetan parte hartzeko, oso gustura gaude parte hartzaile kopuruarekin".
Kezkak eta animoak
Intza Unanue ekintzaile eta komunikatzaile oriotarrak gidatu zuen topaketa, eta Amaia Zabaluaren laguntza ere izan zuen parte hartzaileak beren kezkak eta beldurrak partekatzera animatzeko. Pertsonen eta negozioen garapenean aditua da Zabalua, baita ekintzailea ere, eta coaching saioa eskaini zuen. Hala, hainbat ariketaren bidez elkarrekin hausnartzera bultzatu zituen bertaratuak. Azaleratu zituzten arazoetako bakoitzaren inguruan eztabaidatu zuten, eta egoera horiei aurre egiteko aukerak ere aztertu zituzten. Kontziliazioarekin eta norbere buruari, bezeroei eta senitartekoei mugak ezartzeko zailtasunekin lotutakoak izan ziren emakume ekintzaileek agertu zituzten ezinegon gehienak.
Estitxu Aginagalde ekintzaileak, bestalde, bere negozioaren aurkezpen zabalagoa egin zuen gainerako kideak motibatzeko; izan ere, haren apustuak arrakasta izan du. UKUEko Enpresa Sustapen zerbitzuaren laguntzarekin Mxuk marka sortu du Aginagaldek; arropa eta poltsak bezalako osagarriak egiten ditu, eta Azpeitian du lantegia. Bertakoa da bera, nahiz eta orain Zarautzen bizi den, eta, nabarmendu zuenez, "ekintzaileei zuzendutako diru laguntzek baino garrantzi handiagoa du sortzaileen ekosistemak sortzeak". Eskualdean orain arte horien falta sumatzen zuen. "Horregatik, aukera sortutakoan, bertan izan nahi nuen, nahiz eta lanez gainezka egon", adierazi zuen.
Orotariko errealitateak
Diseinatzaileek, abokatuek, bitxi egileek, jostunek... askotariko negozioak abiatu dituzten ekintzaileek parte hartu zuten atzoko topaketan. Adinez ere orotarikoak ziren, gainera. Nolanahi ere, norbere bizipenak partekatzean konturatu ziren dituzten beldur edo kezka gehienak berberak direla: "Ekintzaileon beldurrak unibertsalak dira, izan hemen edo munduko edozein herrialdetan. Beti aurkituko ditugu gainditu beharreko trabak. Dena den, guk erabaki genuen bide hau hartzea, eta jakitun ginen izango genituen eragozpenez. Ni, adibidez, duela hamabost urte etorri nintzen Kubatik, eta banekien emakumea eta migratzailea izanik oztopo gehiago izango nituela nire negozioa martxan jartzea erabaki nuenean, baina aurrera egitea erabaki nuen hala eta guztiz ere", azpimarratu zuen Griselle Morales Artefaktoria online saltokiaren arduradunak. Duela hilabete gutxi jarri du martxan, eta haren hitzetan, «ilusioak, ametsak eta ideiak» saltzen ditu Internet bidez: "Marrazki edo katilu sinpleak baino gehiago dira sortu eta saltzen ditudan artikuluak. Espiritu eta diru arteko trukea egitea proposatzen dut, nolabait".
Atzokoan dinamizatzaile lanak egin zituen Unanuek, bere aldetik, aitortu zuen bestelako egoerak ezagutzeko «oso baliagarria» izan zitzaiola topaketa: "Nik beste bi lagunekin batera abiatu nuen Popatik estudio kreatiboa. Horrek aukera eman digu zalantzak elkarrekin partekatzeko; beste askok, ordea, bakarrik egin behar izaten diote aurre horri. Horrez gain, frogatu dut gazteak izateagatik abantaila gehiago ditugula; izan ere, hiru bazkideok 30 urtez azpikoak garenez, diru laguntza gehiago jasotzeko aukera dugu. Topaketan parte hartu duten emakumeetako askok seme-alabak izan ondoren ekin diote bideari, eta orain aprobetxatzeko esan didate".