Urola Kostako Kontseilu Sozialistak joan den astean aurkeztu zuen eskualdean sortu berri duen Etxebizitza Sindikatua. "Kalitatezko etxebizitza, doakoa eta unibertsala" ditu helburu, eta horiek lortzeko arazoaren muinera jo nahi dute. Horretarako, sistematik kanpo antolatuko direla azaldu du Ander Espallargas (Zarautz, 1996) Etxebizitza Sindikatuko kideak, langileei formakuntza eskaintzeko eta identifikatzen dituzten arazoak salatzeko.
Nolakoak izan dira Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuaren lehenengo egunak? Gerturatu al zaizue herritarrik?
Kontuan hartu behar da iaz hasi ginela eskualdean antolatzen etxebizitzaren auziari aurre egiteko, nahiz eta, plataforma joan den astean aurkeztu genuen. Inguru honetan gaia lantzen duen eragilerik ez zegoelako erabaki genuen guk heltzea beharra bazegoelako., eta, biltzen hasi ginen momentutik bertatik hasi zitzaizkigun iristen etxebizitza problematikarekin lotutako zenbait kasu.
Eskualdean gaia lantzen duen eragilerik ez dagoela diozu, baina Zumaian, esaterako, Etxebizitza Asanblada deituriko mugimendua martxan izan da. Hirietan ere badaude antzeko egiturak. Haiekin elkarlanik izatea aurreikusten duzue?
Gu prest gaude gaia gainerako eragileekin lantzeko, baina lurreratu berriak gara eta oraindik ez dugu harreman askorik egin. 2008ko krisi ekonomikoaz geroztik mugimendu ugari sortu zituzten estatuan nahiz Euskal Herrian etxebizitza auziaren bueltan: Hipotekek Kaltetutakoen Plataforma, Etxegabetzeak STOP eta antzerakoak. Azken horiek, ordea, ez ditugu eskualdean identifikatu. Hala ere, etxebizitzaren gaiarekin lotura zuzenik ez duten taldeekin sortu nahiko genituzke aliantzak, batez ere. Migratzaileen elkarteekin, adibidez.
Aipatu duzun Etxegabetzeak STOP plataforma ezaguna da kaleratzeen aurka egiten duen lanagatik. Antzeko misioa duzue zuek?
Hortik harago joan nahi dugu guk, zeren, iruditzen zaigu haien egiteko modua ez dela nahikoa arazoa konpontzeko. Egia da, lan garrantzitsua egiten dutela etxegabetzeak geldiarazteko eta herritarren bizi baldintzen defendatzeko, baina garaipen horiei epe luzean eusteko proiektu politikoak behar dira.
Gainera, instituzioetatik bultzatu nahi dituzte aurrera urratsak eta kaleko presioaren baliatzen dute horretarako. Hau da, herritarrak mobilizatzen dituzte, politikariengan eragiteko hauek legeak aldatu ditzaten. Hori, ordea, sistemaren barruan jardutea da, eta guk uste dugu hortik at antolatu behar dugula benetako aldaketak eman daitezen. Horregatik, bereizketa taktiko-estrategikoa ikusten dugu etxebizitza auziko gainerako eragileekiko.
Etxegabetzeekin lotuta, guretzat ez dira soilik epaile baten aginduz gauzatutakoak. Langile batek etxea uzten badu alokairua ordaindu ezin duelako etxegabetzea da era berean, nahiz eta, bere borondatez egin.
Urola Kostan orain sortu baduzue ere, Etxebizitza sindikatua ez da berria. Urteak daramatza Gasteizen eta herri nahiz eskualde gehiagotan ere badago. Haien eredua da jarraitu duzuena?
Gasteizkoak du erreferentzialtasun handiena, baina mugimendua ez da bertan bakarrik hasi. Gehiago ere badira eta guztien indarrak batuta eta haien ibilbidean bildutako informazioa eta esperientziak elkartuta Euskal Herri osoa hartzen duen Etxebizitza Sindikatu nazionala sortu genuen ekainean. Beraz, gu ere haien esperientziez elikatzen ari gara eta oso lagungarriak ari zaizkigu izaten ditugun zalantzak argitzeko. Gainera, ziur gaude gure eskualdetik aterako ditugun irakaspenek ere ekarpen aberasgarriak egingo dizkiotela sindikatu nazionalari.
Urola Kostako etxebizitza arazoa dagoela esatean, horren arrazoia bizitoki falta dela diote batzuk. Zuen ustez, ordea, arazoa ez da konpontzen etxebizitza gehiago eraikita, ezta?
Guretzat konponbidea etorriko litzateke herritar guztiei doakoa, kalitatezkoa eta duina izango den etxebizitza bermatuta. Gainera, ez dugu uste etxebizitza gutxi daudenik, baizik eta etxe huts asko daudela. Zumaian eraikiko dituzten eta Zarautzen eraiki dituzten eta eraikitzen jarraituko duten etxebizitzekin esaten dute aukera gehiago izango dituztela gazteek emantzipatzeko eta horietako asko sozialak ere izango direla, baina guk tranpa ikusten dugu. Azken batean, jabetza pribatua ari dira bultzatzen, beste behin.
Etxe hutsei lotuta, bestalde, guk eskatzen duguna ez da merkaturatzea, ez dugu nahi ziklo horretan sartzea, kapital inaktibo hori desjabetu beharra dagoela pentsatzen dugu.
Okupazioa babesten duzue zuek?
Okupazioaren aurkako nolabaiteko ofentsiba izan da azken urteetan hedabideetan, beldurra sortu nahi izan dute jendearen zentzu komuna interpelatzeko eta etsai edo gaizkile bezala ikusten dituzte okupak edo hainbat hilabetetan etxebizitzako alokairua ordaintzeari utzi dioten maizterrak. Zabaltzen duten mezua da okupek zure etxea kenduko dizutela eta ez da horrela gaur egungo legediaren arabera inork ezin dizulako kendu zure etxebizitza propioa. Egoitzaren bortxatzea litzateke hori.
Herritarrei etxebizitza eskubidea bermatzeari lotuta, Zarauzko Udalak EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuen joan den asteko ohiko osoko bilkuran, hain justu. Herriaren diagnostikoa egitea, apartamentu turistikoak arautzea eta herria gune tenkatu izendatzea proposatu dute bertan. Zein da zuen irakurketa?
Guk ez ditugu kritikatuko bizi baldintzak hobetzeko neurriak. Herritarrak ahalik eta ondoen bizi daitezen nahi dugu. Kontua da askotan ez zaizkigula nahikoa iruditzen. Etxebizitza lege berriak, adibidez, lagunduko du hobetzen sektore batzuen eta pertsona batzuen bizi baldintzak, baina ez dugu uste epe luzean eutsi ahalko zaienik legeekin soilik ez delako aski. Gainera, ikusi beharko da nola egiten duten herriko ikerketa hori eta gune tenkatu izendatzeak zer esan nahi duen modu praktikoan.
Zein dira, beraz, aurrera eraman asmo dituzuen jarduerak?
Azken urte honetan prestatzen aritu gara Urola Kostako testuingurua hobeto ezagutzeko, eta, ikerketa soziologikoak eta ekonomikoak egin ditugu horretarako. Hori eginda, protokolo moduko batzuk garatu ditugu iristen zaizkigun kasuei aurre egiteko. Horregatik, gure lan ildo nagusiak une honetan lirateke aholkularitza eta formakuntza zerbitzuak ematea eta gure inguruan antzematen ditugun arazoak salatzea.
Zentzu horretan, Urola Kostan oraindik ez ditugu hiri handietan Putre Funtsekin dituzten arazoak, baina badago zeregina alokairuen garestitzearen aurka.
Kontuan hartu behar da, era berean, etxebizitzaren esparrua oso zabala dela, eta, bizitokiaz harago arlo gehiagori ere eragiten diola. Zarautzen, adibidez, antzeman dugu etxebizitzak alokatzean jarrera arrazistak dituztela jabeek eta hori gainditzeko lan egingo dugu.
Nori zuzendutakoak dira aholkularitza eta formakuntza zerbitzu horiek eta nola jarri daitezke zuekin harremanetan?
Gure jarduera langile klase orokorrari laguntzean oinarritzen da. Horregatik, ez dugu lanik egingo jabe pribatuekin. Ezta jabe txikiekin ere, maizterrekin arazoak dituztela esateko etortzen bazaizkigu. Azken finean, haiek ere alokairuak igotzen dituzte, eta langileen aurkako erasoa da hori. Horrez gain, muga gehiago ditugu, trafikatzaileren bat etortzen bazaigu, harekin ere ez dugu lanik egingo.
Gurekin harremanetan jartzeko, bestalde, Urola Kostako Kontseilu Sozialistaren sare sozialetan zabaldu ditugun bideetatik egin dezakete. Telefonoz, 633 34 94 18 zenbakira deituta edota postaz, esindikatua.urolakosta@gmail.com helbidera idatzita. Nolanahi ere, aurrez aurreko arreta eskaintzeko asmoa ere badugu Zumaiako Etxape zentro sozialistan.