Sinadurak, "hezkuntzak euskara gehiago behar" duelako

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 20a, 09:58

Sinadura bilketaren aurkezpena, irailaren 12an. (Euskalgintzaren Kontseilua)

Hezkuntza Lege berrian euskarak indar gehiago izan dezan eskatuz kanpaina abiatu dute hainbat eragilek, Euskalgintzaren Kontseiluaren ekimenez. 16 urtetik gorako herritarrek sina dezakete eskaera.

Euskara ikas eta irakats hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa, euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma, eta arautu gabeko hezkuntza osorik euskaraz garatzea. Legebiltzarkideei Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako onartuko duten Hezkuntza Lege berriak hiru puntu horiek jaso ditzala eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskal Herriko Ikastolek, EHIGEk, Heizek, Hik Hasik, ELAk, LABek eta Steilasek, "hezkuntzak euskara gehiago behar duela" sinetsita.

"Sinadura bilketa honen bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztiei zabaldu nahi diegu hezkuntzak euskara gehiago behar duela adierazteko eta aldarrikatzeko bidea", adierazi du ekimena hartu duen Euskalgintzaren Kontseiluak.

Azken hamarkadetan euskararen normalizazioan "urratsak egin" direla eta aurrerapausoen "zutoin nagusietako bat" hezkuntza izan dela aitortuta, euskarak "egoera gutxituan" jarraitzen duela gogorarazi du Kontseiluak. "Eta beraz, berdintasuna helburu, euskarak neurri proaktiboak behar ditu, ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude gisa", erantsi du. Horregatik uste dute sinadura bilketaren sustatzaileek eskatzen dituzten hiru neurriak ezinbestekoak direla hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko: "Euskarak behar du izan hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua".

Urriaren 15a arte

Irailaren 12an Gasteizen egin zuten agerraldian aurkeztu zuten Hezkuntzak euskara gehiago behar du leloa duen sinadura bilketa kanpaina, eta egun berean ireki zuten herritarrek sinatzeko aukera.

Kanpainaren arrazoiak eta beharrak azaltzeko eta sinadurak Internet bidez jasotzeko webgune bat sortu dute: euskaragehiago.eus. Han sina dezakete herritarrek, Euskalgintzaren Kontseiluak hezkuntzako eragileekin eta sindikatuekin batera ondu duen proposamena babesteko. Kanpaina gizarteratzeko eta sinadurak aurrez aurre eman ahal izateko, tokian tokiko ikastetxeetan zein euskalgintzako eragileen bidez sinadurak jasotzeko aukera ere aurreikusi dute kanpainaren sustatzaileek. Eskualdeko hainbat herritan ari dira aukera hori aztertzen, baina zehaztu gabe, momentuz.

Beraz, sinatzea nahi duten herritarrek euskaragehiago.eus webgunera jo dezakete. Urriaren 15ean bukatuko da bilketa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide