Tokikomek jasoko du FesTVal 2023ko EITB saria

Erredakzioa 2023ko ira. 1a, 09:00

Tokikom osatzen duten hedabideetako ordezkariak, elkartearen hamargarren urteurreneko ospakizunean. (Tokikom)

Euskal Herriko tokiko hedabideen sareak jasoko du aurtengo EITB Saria. Tokikometik adierazi dute mundu mailan tokikoak hartzen ari diren lekua aitortzen dutela EITBtik ere eta "sektorekoek aitortzea pozgarria da oso".

Tokikom elkarteak jasoko du aurten EITB Saria FesTVal Gasteizko telebista jaialdian. Euskarazko 76 toki komunikabidek osatutako sarearen hamar urteko ibilbidea nabarmenduko du EITBk, eta euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu.

Festval-ek zabaldutako oharrean dioenez, "hamarkada batean, Tokikomek agerian utzi du zein garrantzitsuak diren tokiko komunikabideak gizartean, bertako informazioa galdu ez dadin. Gainera, elkarlan eredu berriak ezarri ditu, tartean EITBrekin, sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko".

Elkarlan horien artean daude: Primeran ikus-entzunezko plataformarako egindako lana, datu kazetaritzan lehen pausoak eman dituen Saretzen proiektua, irratietara tokiko istorioak eramateko dugun irrati-kolaborazioa, partekatu ditugun jakintza eta erremintak, saio bereziak elkarlanean produzitu eta pantailaratzea, eta abar.

Alaitz Artolazabal Tokikomen zuzendariak pozez hartu du saria: "Euskara hutsezko hedabideak aitortzea ez da egunero gertatzen. Komunitate sendoa osatzen dugu, baina are handiagoa izango bada elkarlan efektiboak beharko ditugu ezinbestean. Txikitik egiten dugun ahalegin hau EITB moduko enpresa handi batek ikusi izana positiboa da eta indarrak ematen dizkigu beste hainbeste urtetan jarraitzeko".

Tokikomek zero kilometroko komunikazioa lantzen du: gertuko komunitatearekin bat eginda, informazioa bertatik bertara lantzeko, inguruko norbanako eta entitateekiko konpromisotik, modu zintzo eta profesionalean. Informazioa bertatik bertara lantzen du bitartekaririk gabe, iturriak kontrastatuz eta zurrumurruei bidea itxiz. Tokikomeko hedabideak kolore eta joera guztietarako biztanleengana heltzen dira. Eraginkortasunez eta baliabideei ahalik eta atarramendu handiena atereaz, konpromisotik eta komunitatea bera hobetzeko ahaleginean ale bat gehiago jarriz. Lan-jarduna euskara ardatz delarik gauzatzen da. Tokikom markaren atzean 250 profesionaletik gora ari dira lanean 76 komunikabidetik gora biltzen dituen bateragunean, guztiek ere komunikazio zerbitzua helburu izanik.

ETBko kirol zerbitzuentzako ere izango da aitortza. XV. edizioko sari berezia emango diote informazioa eskaintzeko eta euskal kirolari zabalkundea egiteko, baita emakumezkoek egindako kirolaren erakusleiho izateko ere egindako lanagatik.

Saria irailaren 9an egingo den Festval 15. edizioaren galan jasoko du Tokikomek, iluntzean, Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan egingo den ekitaldian. Alfonbra laranjatik desfilatuko duten gainontzeko sarituak aurrerago jakinaraziko dituzte Festval-etik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide