Atzo iluntzean Aiako probalekuan erabaki zen Gipuzkoako Kintopekoen Txapelketa. Belamendi errezildarraren, Igone Pagadizabal hondarribiarraren eta Ainhoa Gabirondo oriotarraren idi pareak atera ziren plazara, eta lehia handiko saioa ikusteko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Izan ere, plaza batengatik, errezilera joan ziren txapela, mantak eta diru saririk mamitsuena. Belamendiren pareak 59 plaza, sei zinta eta 34 metro egin zituen; Pagadizabalen pareak, 58 plaza, bost zinta eta 34 metro; eta Gabirondoren pareak, 46 plaza.
Gipuzkoako Txapelketako finalera sailkatzeko, urtean zehar jokatu dituzten sariketetatik lautako puntuazioak hartu zituzten kontuan: Aizarnazabalgoak, Elgoibarkoak, Aiakoak eta Azkoitikoak. Horietan, irabazleari 5 puntu eman zizkioten, bigarrenari 4, hirugarrenari 3, laugarrenari 2, bosgarrenari 1 eta gainontzekoei 0. Eta puntu gehien batu zituzten hirurak izan ziren atzoko finala jokatu zutenak. Sailkapen nagusian, Belamendik 16 puntu zituen; Pagadizabalek, 13; eta Gabirondok, 10. Beraz, esan liteke Belamendirentzat urte borobila izan dela aurtengoa, sailkapeneko buru ez ezik, Gipuzkoako txapela jantzita bukatuko baitu.