Elikagaien xahuketa saihesteko kanpaina jarri du abian Urola Kostako Udal Elkarteak, eta herriz herriz doako tailerrak eskaintzen ari da soberakinen aprobetxamendua sustatzeko helburuarekin, baina batez ere herritarrak gaiaren inguruan kontzientziatzeko asmoz. Astelehen arratsaldean Aiako Alkar elkarte gastronomikoan egin zuten lehen saioa, eta atzo arratsaldean Orioko Muskuilu Harria elkartean bigarrena.
Tailerrean gauza baliagarriak ikasi zituztela adierazi dute parte hartzaileek. Esate baterako, iraungitze data eta ahal dela noizko kontsumitzea komeni den dioen dataren artean dagoen aldea, hozkailuan jakiak nola gorde eta abar. Azalpenak entzuten bitartean, hozkailuko soberakinekin barazkiz betetako alberjiniak prestatzen ikasi zuten, eta prestatu ostean, jan egin zituzten, ardo baten laguntzarekin.