Joan den hilean Alemanian izan naiz monitore lanetan. Ikasle talde batek bertako hizkuntza ikasteko Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso zuen, eta haiekin hiru astez egon naiz Wiesbadenen. Ez nuke bidaiaren xehetasunekin irakurlerik nekatu nahi, baina badaude aipatzeko modukoak iruditu zaizkidan zenbait gauza, hain zuzen ere, hizkuntzarekin lotutakoak.
Bada, alemana ia ezagutu gabe joan nintzen atzerrira, eta esango nuke hiru astetan jauzi handia egin dudala hizkuntzarekin. Horren arrazoia? Eskolako irakasleek, ekintzetako arduradunek eta bertako jendeak alemanez egiten dietela euren bizilagunei zein kanpotarrei. Horrek ez du esan nahi, ordea, garbizaleak direnik. Ikusi dudana da ingelesa sobera badakite eta erabiltzen badute ere, argi dutela zein den euren berezko hizkuntza, euren lehentasuna.
Hala, hiru aste izan naiz kanpoan, eta hiru astean bertakoekin ez dut alemana besterik hitz egin. Miresgarria iruditzen zait bertako jendearen hizkuntza-ohitura. Izan ere, nahiago dute, eurena ez den beste hizkuntza bat mintzatzea baino, mantsoago hitz egitea, elkarrizketak beharko lukeena baino gehiago iraun arren. Pazientzia handia dute, eta adeitsuki zuzentzen dute gaizki esandakoa. Niri egokitu zaidanetan, behintzat, zerbait ulertzen ez duzula esatean soilik aldatzen dira ingelesera; hori argitutakoan, ordea, atzera alemanari heltzen diote.
Gauzak horrela, maiatzean KARKARAn argitaratutako Mintzalagun programari buruzko erreportajeaz oroitu nintzen; bereziki, bidelagun batek esandakoaz. Hark zioen, pazientzia urria dugula gure hizkuntza gaizki hitz egiten dutenekin, egunerokotasunean nahiago ditugula elkarrizketa bizkor eta naturalak, gaztelaniaz badira ere. Horren ondorioz, euskaldun berriekin gaztelaniaz aritzen gara, eta gauza jakina da pertsona bat hizkuntza horrekin lotuz gero, gaitza dela harekin euskaraz hitz egiteko ohitura berreskuratzea. Horrenbestez, nago badugula alemanen hizkuntza-ohiturez zer ikasia. Batetik, gaizki hitz egiten duena errespetatzea, gizarteratzen saiatzen ari baita. Bestetik, motelago aritzea, gure jarduna ohitu gabeko belarrietara egokitzeko. Azkenik, elkar ulertzea ezinezkoa denean, gaztelaniara jotzea (zorionez elebidunak gara), baina euskaraz jarraitzea ahaztu gabe. Azken batean, lehentasunak argi izatea funtsezkoa da, euskarari behar duen bultzada emango badiogu. Horrez gain, oinarrizkoa da bide hori errespetutik eraikitzea. Postalez eta oroigarriez gain, bidaietatik beti ekartzen omen da zerbait etxera. Niri usadio horiek nabarmentzekoak iruditu zaizkit. Izan ere, xumeak badirudite ere, euskaldunok ez ditugu betetzen.