1989az geroztik, Euskal Herrian egiten den zortzigarren hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak aurkeztu ditu gaur Soziolinguistika Klusterrak –bosgarren aldiz egin du ikerketa erakunde honek–. 7.637 orduz egindako behaketa zuzenaren bidez, 215.396 elkarrizketa eta 603.497 solaskide behatu ziren lagintzat hartutako 145 udalerrietan, tartean, Urola Kostako seitan: Azkoitia, Azpeitia, Zumaia, Zestoa, Zarautz eta Orio.
Gorabeherarik ez
Soziolingustika Klusterrak ohar bidez adierazi duenez, ondorio nagusia azken bost urteetan euskararen kale erabilera orokorraren gorabeherarik eza da: "Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi pertsonatik bat ari zen euskaraz (% 12,6). Datu orokor hau 2016ko hizkuntzen erabileraren kale neurketan behatutakoaren berdina da". 2006an neurtu zen baliorik altuena (%13,7), eta hamar urtean beherantz egin ostean, mantendu egin da balioa azken bosturtekoan. Lehen neurketari erreparatuz gero, 1,8 puntuan hazi da erabilera azken 32 urteetan (%10,8).
Datu orokorretik harago, arras ezberdina da egoera eremu geografikoei erreparatuz gero. Nabarmen, Gipuzkoa da euskara gehien entzuten den eremua (%30,6), azken hamarkadan erabilerak bi puntu behera egin duen arren. Behera egin dute balioak Nafarroan (%5,9) eta Ipar Euskal Herrian (%4,9) ere. Txanponaren beste aldean, duela bost urte baino euskara gehiago entzuten da Bizkaiko (%9,4) eta Arabako (%4,9) kaleetan. Azken honetan inoiz neurtu den erabilerarik altuena izan da 2021ekoa.
Erderak, nagusi
Euskararen kale erabilera zortzi herritarretatik bakarrarena bada, Klusterraren hitzetan bistakoa da "hizkuntza handienek indar, eragin eta erabilera oso handia" dutela. Gaztelera da nagusi Hego Euskal Herrian; frantsesa, aldiz, Ipar Euskal Herrian.
Halaber, eta martxoan Uemak argitaratutako txostenaren bidetik, bada aipatzekoa den beste ondorio bat: eremurik euskaldunenetan behera egin du euskararen kale erabilerak. Txosteneko gogoeten atalean jaso dutenez, "udalerrien konbergentzia-joera ikusten da; udalerri bakoitzeko euskararen ezagutza-maila aldatuz joan ahala, erdiko eremu soziolinguistikoetan gero eta udalerri gehiago daude eta muturreko eremuetan, berriz, gero eta gutxiago".
Erabilera, "gaztetzen"
Ikerketaren ondorioetan adin-taldeen eta sexuen arteko bereizketa eta korrelazioek pisu handia dute. Azterketaren arabera, gazteak eta emakumeak dira euskara gehien darabiltenak. Azken bost urteetan haurren erabilerak gora egin du, eta zenbat eta gazteago, orduan eta nabarmenagoa da emakumezkoen eta gizonezkoen arteko arrakala. Beste ertzean, 65 urtetik gorakoak dira euskara gutxien darabiltenak, eta kasu honetan, gizonezkoen euskaraz aritzeko joera da nagusi.
"Gizartea zahartuz doan honetan, euskararen erabilera 'gaztetu' egin dela" ondorioztatu du Klusterrak. Hala ere, haurretatik gazteetara dagoen jauzia (-%6,8) kezka iturri da: "Haurrei zuzendutako eskaintzan presentzia handia du euskarak; gazteenean, ordea, eskaintza hori helduei eta adinekoei zuzentzen zaienera hurbiltzen da, euskarazko aukerak murritzagoak dira, alegia".
Azkenik, eta adin-taldeen arteko komunikazioak oinarri, ikerketan agerian gelditu da haurrak eta nagusiak batera daudenean euskararen erabilera altuagoa dela bereizita daudenean baino. Klusterraren arabera, "nagusien erabilera bikoiztea edo hirukoiztea dakar haurrak solaskide izateak lurralde guztietan".