Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) eta Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herriko 93 udalerritan egindako euskararen kale erabileraren neurketaren emaitzak argitaratu dituzte. Hain zuzen ere, Uemako 87 udalerritan –zortzitan ezin izan dute egin behaketa, arazo batzuk tarteko, hala nola Beizaman eta Orion– eta Uematik kanpoko Tolosaldeko beste seitan egin dituzte behaketak. Tartean dira, Aizarnazabal, Azpeitia, Errezil, Getaria, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.
Dena den, hainbat udalek hizkuntzaren erabileraren kale neurketaren azterketa berezia egiteko eskatu diote Soziolinguistika Klusterrari, eta horien emaitzak udazkenean jakinaraziko ditu erakundeak. Herri horien artean dira Azpeitia, Zarautz eta Zumaia. Horrenbestez, Urola Kostako 11 herrietatik lautako datuak –Uemak iazko maiatzean egin zituen neurketak herri horietan– baino ez dituzte jakinarazi oraingoz: Aizarnazabalgoak, Errezilgoak, Getariakoak eta Zestoakoak. Azkoitia eta Aia ez dira Uemako kide, eta beraz, ez dute kale neurketarik egin herri horietan.
Neurketen datuak argitaratu dituzten lau herrietako biztanleen hizkuntza joerak desberdinak dira; herri horietan euskara da nagusi, baina erabilera datuetan badira aldeak. Errezilen, esaterako, erabat euskaraz bizi dira herritarrak, eta antzera Aizarnazabalen ere. Zestoan, berriz, lau herritarretik hiruk hitz egiten dute euskaraz kalean, eta Getariako datua pixka bat apalagoa da: kalean entzundako elkarrizketen %68,4 izan dira euskaraz. 2017an ere egin zuten euskararen kale erabileraren neurketa Errezilen, Aizarnazabalen eta Zestoan –Getarian ez zuten egin–, eta Errezil da euskararen presentziak gora egin duen herri bakarra: 4,9 puntu igo da erabilera. Zestoan, 2,5 puntu jaitsi da, eta Aizarnazabalen, berriz, 2,3 puntu.
Herrikako datuetan aldeak diren bezalaxe, adin tarteka eta sexuaren arabera ere nabari daitezke. Gainera, aurten ikerketaren metodologia aldatu egin dute: helduen artean bi multzo egin dituzte. Honako hauek dira adin tartekako multzoak: haurrak 2 eta 14 urte bitartekoak, gazteak 15 eta 24 bitartekoak, heldu gazteak 25 eta 39 urte bitartekoak, heldu nagusiak 40 eta 64 urte artekoak nahiz adinekoak 65 urtetik gorakoak.
Herritarren gehiengoak euskaraz
Aizarnazabalen egindako behaketan 3.530 lagunen elkarrizketak entzun dituzte aztertzaileek, eta solasaldi horietatik %93,8 izan dira euskaraz, %5,9 gaztelaniaz eta %0,4 beste hizkuntza batzuetan. Adin tarteei erreparatuz gero, baina, badira aldeak: gazteak (%96,8) eta haurrak (%96,5) dira euskara gehien erabiltzen dutenak, eta haien atzetik daude heldu nagusiak (%94), heldu gazteak (%91,5) eta adinekoak (%90,1). Sexuari dagokionez, berriz, gizonek emakumeek baino gehiago hitz egiten dute euskaraz Aizarnazabalen; gizonen %94,2k eta emakumeen %93,5ek.
Errezilen ere euskara da nagusi egunerokoan. Izan ere, Uemak emandako datuen arabera, 782 herritarren solasaldiak entzun dituzte, eta horietatik %99 izan dira euskaraz. Gazteen, heldu gazteen nahiz adinekoen solasaldi guztiak euskaraz izan ohi dira herri horretan, eta haurren arteko elkarrizketen %98,9 eta heldu nagusien artekoen %98. Gaztelaniaren kale erabilera, berriz, %1 da.
Bi puntu behera Zestoan
Zestoako kaleetan maiatzean egin zuten behaketa Uemako kideek, eta 556 elkarrizketatan 1.908 lagunen hizkuntza portaera aztertu zuten. Neurketaren arabera, lautik hiru herritar (%75) aritzen dira euskaraz kalean, eta ondorioz, 2017ko azterketarekin alderatuta, 2,5 puntu jaitsi da euskararen erabilera Zestoan. Dena den, Uemak jakinarazi duenez, jaitsiera hori azterketaren akats tartearen barruan dago, 3,9 puntukoa baita zenbateko hori.
Adin talde guztietan euskara da nagusi Zestoan, baina multzoka, nabarmenak dira aldeak. Izan ere, gazteek erabiltzen dute euskara gehien: %91k. Heldu gazteen artean, berriz, %86k hitz egiten dute euskaraz, eta haurren %79k. Heldu nagusi deitutako multzoko herritarren %62k darabilte euskara kalean, eta adinekoen %56k. Umeen datua da nabarmen behera egin duena; hain zuzen ere, 2017ko neurketarekin alderatuta, euskararen erabilera hamabi puntu jaitsi da. Adinekoen eta gazteen multzoetan, berriz, bi puntuko igoera sumatu dute behatzaileek.
Eustatek 2016an emandako datuen arabera, Zestoako herritarren %82k dakite euskaraz, eta hori oinarri hartuta, Uemak azaldu duenez, Zestoan %60ko erabilera espero zuten. Dena den, neurketak erakutsi duenez, hamabost puntu gehiago entzuten da euskara Zestoako kaleetan.
Getarian erabilera datu baxuena
Getaria da neurketa egin duten eskualdeko lau herrien artean euskararen erabilera baxuena duen herria. Joan zen maiatzean 3.911 lagunen elkarrizketak entzun zituzten behatzaileek han, eta horietatik %68,4 izan ziren euskaraz. Gaztelaniaz eta frantsesez, berriz, herritarren %29,8 aritzen dira kalean, eta %1,8 beste hizkuntza batzuetan.
Adin tarteka oso desberdinak dira datuak: haurren %81,4 aritzen dira euskaraz, gazteen %77,7 eta adinekoen %70,8. Heldu gazteen eta heldu nagusien adin tarteetan da baxuena euskararen erabilera, horien %62k eta %56,3k erabiltzen baitute euskara kalean, hurrenez hurren. Zehazki, adin tarte horietako herritarrek erabiltzen dituzte gehien beste hizkuntzak: heldu gazteen %37,8k eta heldu nagusien %43,6k. Emakumeen eta gizonen hizkuntza joera antzekoa da; izan ere, emakumeen %68,1ek hitz egiten dute euskaraz eta gizonen %68,7k. 2017an ez zuten behaketarik gauzatu Getarian, eta beraz, ezin da kale erabileraren datuen alderaketak egin.
Datu orokorrak
Uemak eta Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herriko kaleetan egin duten ikerketaren barruan entzundako elkarrizketetan, solaskideen %61,1 aritu dira euskaraz. Gaztelaniazko elkarrizketak, berriz, %36,9 izan dira, %0,2 frantsesezkoak eta %1,8 beste hizkuntza batzuetakoak. Euskararen erabilera ez da, beraz, jaitsi 2017tik 2021era; izan ere, euskararen erabilera orokorra %61,5 izan da bi neurraldietan. 227.900 solaskide eta 71.000 solasaldi behatu dituzte, denera, azken behaketan.
Datuek erakusten dute euskara gaitasunik handiena duten herrietan dela handiena euskararen kaleko erabilera: jakintza %90ekoa edo handiagoa den herrietan, %83,8k erabiltzen dute euskara; %80tik %89,9ra artekoa denetan, %78,6k; eta, %60tik %79,9ra artekoa denetan, %54,1ek.
Herrien tamainaren arabera ere aldea nabarmena da. Izan ere, biztanle gutxien dituzten herrietakoa da erabilera daturik handiena. Dena den, 10.000 biztanletik gorako herrietan 3,7 puntu igo da erabilera, eta 1,5 puntu jaitsi, 500 biztanle baino gutxiagokoetan. Hala ere, 500 eta 1.000 biztanle arteko herrietan gora egin du kaleko erabilerak; behera, berriz, 1.000 eta 10.000 biztanle artean dituztenetan.
Halaber, adinaren arabera ere desberdinak dira datuak; euskararen erabilera jaitsi egin da adinez gora eginda. Hor ere, ordea, bada salbuespen bat: 64 urtez gorakoek 40 eta 64 urte artekoek baino gehiago hitz egiten dute euskaraz; %51,5 eta %50,1, hurrenez hurren. Bestalde, haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%75,7), eta gazteak ere bai (%65,6). 40 eta 64 urte arteko helduen %50,1ek erabiltzen dute euskara, eta adinekoen %51,5ek. Adinaren araberako datuetan, ez da alde handirik izan 2017ko eta 2021eko neurketen artean.
Sexuaren arabera, berriz, emakumeek euskara zertxobait gehiago erabiltzen dutela ondorioztatu dute behaketaren egileek: emakumeen %61,7k erabiltzen dute euskara kalean, eta gizonen %60,3k. Adinekoen artean, baina, aldatu egiten da joera hori: emakumeen %50,2k hitz egiten dute euskaraz, eta gizonen %52,9k.
Datuak sexuaren arabera aztertuta, beste zenbait neurketek erakutsitakoa berresten da: emakumeek (%61,7) gizonezkoek (%60,3) baino gehiago egiten dute euskaraz, eta adin tarte guztietan, gainera. Gazteen artean eta haurren artean dago arrakalarik handiena: 6,6 puntukoa gazteetan eta 4,1ekoa haurretan. Gainerako adin tarteetan ez da halako alderik: bizpahiru puntukoa, gehienez.