Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburua izango du hizpide Gari Goikoetxeak ostiralean, 19:00etan Kultur Etxean eskainiko duen hitzaldian. Iñaki Iurrebaso soziolinguistarekin elkarlanean idatzitako liburuan, euskararen egungo egoeraren azterketa egin dute, datuetan oinarrituta, eta hizkuntzaren etorkizunari begirako erronkak jarri dituzte mahai gainean.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) Esnatu! dinamikaren barruan antolatu da hitzordua, eta bertan, liburuko ondorio nagusiak azalduko ditu Goikoetxeak. Entzuleek, gainera, "euskararen egoeraz eta etorkizunaz hausnartzeko aukera" izango dutela aurreratu du Orioko Udalak. UEMAk udaberrian abiatu zuen Esnatu! dinamika, xede argi batekin: euskararen arnasguneak biziberritzea, Euskal Herriko gune euskaldunenetako hizkuntza ohiturak indartuz, euskararen beheranzko joerari buelta emateko.
Horrenbestez, udalak gonbidapena egin die herriko elkarteei, ostiraleko hitzordura bertara daitezen. Izan ere, hitzaldiaren ondoren, argazkia egin nahi da elkarte guztiekin batera, Esnatu! dinamikari babesa adierazteko.