Orioko Udalak antolatuta, Zaintza Herri Akordioaren aurkezpen ekitaldia egin dute gaur goizean, azken bi urteotan zaintzaren inguruan sustatutako parte hartze prozesuan egindako bidea herritarrekin partekatzeko. Lehenik eta behin, ordea, Ane Izagirrek eta Patxi Izagirrek solasaldia eskaini dute Kultur Etxean, Bakardadea identifikatu eta akonpainamendua nola egin bizitzako etapa ezberdinetan izenburupean. Jendetza elkartu da hizlariak entzuteko, eta beren kezkak eta galderak partekatzeko.
"Azken urteetan, bai Orioko Herri Ikastolan bai Zaragueta Herri Eskolan, buru osasuneko prebentzio tailerrak eskaintzen aritu gara, eta herri mailan ere aurki daitezkeen bakardade motak identifikatzea eta horiek nola akonpainatu ditzakegun eztabaidatzea izan da, nolabait, solasaldiaren helburua", azaldu du Anek.
Halaber, bakardadea "sufrimendu psikologikoaren aurreko atea" dela aipatu du Patxik, eta solasaldian proposatu dute zein garrantzitsua litzatekeen Orion foroak sortzea, "helduek ere beren itzalak eta argiak partekatu ditzaten. Foro horiek profesional egokiekin landuko lirateke, bakardadearen atzealdean egon daitezkeen arriskuak detektatzeko eta, ondoren, behar den tokira bideratzeko". Herritarrak solasaldira "ekarpenak egiteko gogoz" azaldu direla nabarmendu dute biek, eta prozesuari jarraipena emateko nahia ere antzeman dute.
Zaintza erdigunean
Solasaldia amaitu ostean, entzuleak Herriko Plazara lekualdatu dira, Zaintza Herri Akordioaren aurkezpena aurrez aurre jarraitzeko. Helburua izan da herritarrekin partekatzea azken bi urteotan egindako bidea: zaintzak gai pribatu izateari uztea eta, eremuz eremu, zaintzaren inguruko kultura berri bat sortzea. Saioa Iraola Berdintasun eta Hezkuntza teknikariak gidatu du ekitaldia, eta oholtzara gonbidatu duen lehen hizlaria Anuska Esnal Orioko alkatea izan da.
Bada, Iraolak egindako lehen galdera honakoa izan da: zergatik proposatu zuen Orioko Udalak zaintzaren inguruko proiektu bat garatzea? "Alde batetik, gizartearen zahartze prozesu batean aurkitzen gara, baita migrazio olatu baten atarian ere, eta zaintza gehienbat emakumeengan utzi izan den rol bat delaz jabetu gara", azaldu du Esnalek. "Pandemiaren iritsierarekin eta egoera horrek ekarritako osasun larrialdiarekin, hori guztia agerian geratu zen. Gainera, zaintza bada zahartzaroarekin eta mendekotasunarekin lotzen dugu kontzeptu bat, eta horrek guztiak gogoeta sakon bat egitera eraman gintuen”, gaineratu du.
Pandemiak, hala ere, beste errealitate bat ere utzi zuela agerian azaldu du alkateak: "Pandemia garaian, eguzki handi bat izan ziren herrian sortu ziren zaintza sareak. Horrek ere argi utzi zigun herriak bazituela osagaiak herria saretu eta baliabide komunitarioak sortzeko". Udaletik gogoeta horri heldu zioten, eta herrira ekartzea erabaki zuten. "Lehenengo pausoa diagnostiko bat egitea izan zen, herritarren premiak identifikatzeko, eta, ondoren, premia horiei aurre egiteko burutu beharreko ekintzak zehazteko", azaldu du alkateak.
Zaintza, ordea, ez da soilik besteei begira jarri beharreko kontua. Esnalek nabarmendu duenez, "zaintza bada barnera begiratzea ere. Zein garrantzitsua den bakoitzak bere nitasun edo nortasun hori garatzea, eta baita kontzientzia hartzea ere: besteari eskatu beharrean, ‘nik ere zer egin dezaket?’ galdetzea". Horrela, zaintza komunitarioago eta partekatuago baten aldeko bidea proposatu du udalak, zaintza esparru pribatuan soilik kokatu beharrean, herriaren erdigunean jarriz eta herritarren arteko sareak indartuz.
Herria, zaintzarako gune
Jarraian, Arkupe merkatari eta ostalari elkarteko Karmele Garmendiak eta Guerara elkarteko Jokin Urangak hartu dute hitza, zaintzaren inguruan dituzten helburuak eta egiteko moduak partekatzeko.
Arkupe elkartea 1996. urtean sortu zen, Orioko ostalari, dendari eta merkatariak elkartzeko eta elkarren artean laguntzeko helburuarekin. Izan ere, herria bizirik egoteko, bertako merkataritza ere bizirik egotea garrantzitsua dela nabarmendu du Garmendiak. Horretarako, urtean zehar hainbat kanpaina egiten dituzte, udalaren laguntzarekin eta herriko eragileekin elkarlanean. "Herri bat ez dira bakarrik eraikinak eta kaleak; azken finean, bertan bizi diren herritarren artean egiten den elkarbanatzea da. Guk gertutik ezagutzen ditugu gure bezeroak, eta haien egunerokoan aldaketaren bat nabaritzen badugu, laguntzeko esku har dezakegu, betiere diskrezioa mantenduz, noski", kontatu du Garmendiak.
Merkataritza Mahaian ere gai hori lantzen ari direla azaldu du, eta horren harira, formakuntza saio batean parte hartu dute herriko 20 ostalarik. "Helburua da gure bezeroengan arreta jartzea eta, egoera desatsegin batean badaude, guk nola jokatu dezakegun jakitea: zein protokolo jarraitu edo zer bide egin behar dugun". Azken finean, Garmendiaren esanetan, "herriko merkataritza ez da produktuak eta zerbitzuak saltzeko leku bat soilik; zaintzarako guneak ere badira, eta pertsonak sozializatu egiten dira eremu horietan. Interakzio txikiak dirudite, baina, batzuentzat, oso garrantzitsuak eta beharrezkoak izan daitezke".
Urangak hartu du hitza ondoren, Gueraratik egiten dituzten ekintzak eta proiektuak partekatzeko. 1985eko apirilean, Orioko Udalak eta Saharako La Güera herriak senidetza akordioa sinatu zuten, eta hortik dator Guerara elkartearen izena. Askotariko ekintzak egiten dituzte elkartetik, baina nabarmena da Saharako herriarekin duten lotura. Hain zuzen ere, Oporrak Bakean programaren bitartez, Orion urtero egiten zaie harrera Saharako haurrei, uda bertan igaro dezaten.
Halaber, janari bilketak edota ikasleentzako kontzientziazio hitzaldiak ere antolatzen dituzte, eta duela hiru urte, haima bat ere eraiki zen Ostargi joskintza elkarteko kideen eta emakume sahararren artean. Gainera, aurten estreinakoz, Errefuxiatuen Munduko Eguna ere ospatu dute, herriko elkarteekin elkarlanean antolatuta, hala nola Palestina-Orio, Orioko Trikiti Taldea, Salatxo Abesbatza eta Orioko Txarangarekin. Orion ez ezik, Guerarak, udalarekin sinatutako hitzarmenaren bitartez, beste hainbat proiektu garatu ahal izan ditu Saharako kanpamenduetan. "Herri solidario bat herri zaintzale bat" dela nabarmendu du Iraolak, eta horren adibide da Gueraratik egiten duten lana.
Elkartegintza, zaintzaren beste zutabe bat
Elkarteekin egindako lanean zehar, maiz agertu den ondorioetako bat izan da "Oriok elkartegintza sendoa" duela. "Herrian elkarte eta eragile asko daude, baina, batzuetan, bakarka egiten dute lana eta ez dira elkarren artean ezagutzen. Hori ere erronka bezala jaso da, eta aurrera begira, espazioak sortzea proposatu da, elkarren berri izan eta elkarlanerako aukerak zabaltzeko", azaldu du Iraolak. Halaber, "solidaritatea eta elkartasuna" zaintzaren oinarriak ere badirela nabarmendu du teknikariak, eta elkarte ezberdinetan praktika on asko identifikatu diren arren, hainbat erronka ere azaldu direla gaineratu du, besteak beste nola iritsi kultura edota jatorri ezberdinetako herritarrengana.
Aurkezpenari amaiera emateko, Jabier Zabaleta Euskara teknikari ohiak hartu du hitza, ekitaldirako idatzitako manifestua irakurtzeko. Hemen irakurri daiteke idatzia.