Arraunetxe, bikaina

Manu Etxeberria Sedano

Arraunetxe, Orio Arraunketa Elkartearen egoitza. (Onintza Lete Arrieta)

Manu Etxeberriak Arraunetxe eta Orio Arraunketa Elkarteari buruz idatzi du ondorengo iritzi artikuluan.

Aurreko astean Bizkaiko lagun batzuk (Lekeitio, Santurtzi eta Bilbokoak) gonbidatu genituen gure herri zoragarrira. Bazkal aurretik gozatu egin zuten herriaren bisitaldia egin genuenean, Goiko Kalea eta eliza ezagututa. Gure txokoko terrazan ere gustura; ederki baitago ingurua oinezkoentzat jarri genuenetik. Bazkaldu Toki-Alai elkartean egin genuen. Dena primerakoa iruditu zitzaien lagunei, zerbitzu guztiak, eta kanpoan 30 gradutik gora edukita, eskertu zuten aire egokitua ere. Solasaldi atseginean egon ginen. Lehiotik, errioa eta arraun kluba ikusgai geneuzkan, eta arratsalderako plana erabaki genuen, ahobatez.

Arraunetxen bisitaldiak antolatuta zeudela jakinda, kluba ezagutzera eraman genituen. Egun hauetan aurkeztu duten liburua eskaintzeko, hantxe zeuden Luis Azkue eta Joxe Mari Olasagasti. Elkarteko museoa erakutsi ziguten, eta lagunak txundituta geratu ziren erakustokian Olasagastik erakutsi zizkigun bandera eta garaikur pila ikusita. Haren azalpenak ere oso egokiak izan ziren Orioren palmaresa eta arraunak herrian duen indar eta garrantziaz hobeto jabetzeko.

Europa mailan, punta-puntakoa

Lagunek urrutitik antzeman zuten klubaren egoitza ez zela nolanahikoa. Han bertan geudela, aho bete hortz geratu ziren, bigarren solairuan dagoen gimnasio erraldoia (gunea, goi mailako makinak, hamalau ergometro erriora begira…) ezagututa; modu berean, behekoan dagoen ontzi pila ikusita, harridura nagusitu zitzaien.

Esan daiteke klubaren egoitzak Estatu mailan parerik ez duela. Eta Europa aldean ibili direnak diotenez, horrelako gutxi aurki daitezke kontinentean. Patxi Sarasuaren hitzetan "ezta munduan ere, ez zegok horrelako arraun klubik". Nonbait, hirietan –Sevillan, esaterako– izatekotan, beste kirol gehiago praktikatzen diren elkarteak bai egon daitezke Oriorenaren parekoak, baina arraunekoak soilik, zaila dirudi.

Gure alkate (gerora Jaurlaritzako kirol zuzendari ere bai) izan zen Jon Redondori zor diogu Orion horrelako instalazioak edukitzea, Gasteizen eta Madrilen joan-etorri ugari eginda gero lortu zuen aurrekontua dugun eraikuntza ikusgarria eta aparta egin ahal izateko.

Orioko Arraun Elkarteari dagokiona

Horrelako egoitza edukita, eta zuzendaritza taldearen lana kontuan hartuz, ez da harrizekoa hainbeste haur eta gazte arraunean pozik aritzea eta arraun jardueran gogoz murgiltzea. Lehiaketa mailan ere, ezin gehiago eskatu: Zabala entrenatzaile jarri zenetik, gure traineruak falta zitzaion jauzi txiki (eta handi) hori egitea lortu du. Arostegirekin ere arraunean ederki egiten zuten; orain ditugun batioak falta ordea. Zabalaren eskua eta lana, noski, txapela kentzekoa.

Gure elkarteko harrobi-lan ona, Ligak gai honi garrantzia ematea erabaki duenetik, agerian geratu da, argi eta garbi. Estropaden emaitzetan, gainera estropalari guztiek parte hartuta, lortu dugun arrakasta paregabea izan dela ezin uka. Orain arte, lan nekeza zen traineru bakarra (aurrekontua osoa harentzat), eta aulki mugikorrik gabe, eta emakumerik gabe, lan egiten zuten klubetako traineruen aurka lehiatzea eta gainditzea.

Ez dut ulertzen, esan beharra neukan, zergatik ez den saritzen Ligako estropadetan Gorka Aranberrik patroitzan egiten duen lan fina. Arraun munduaren misterioak. Eta zergatik ez zen ospatu herriarekin bandera, lege onean irabazitako garaikurra, Estatu txapelketan lortu zen garaipena. Dena onartu behar al da, ala?

Emakumeak (agian hobe esatea "neskak", batzuk jubenilak baitira) denboraldi bikaina egiten ari dira. Iaz gertatu zen hondamendia gogoratuta, are miresgarriagoa Zabaletak eta Mujikak egindako lana. Halaxe esan nien lehengoan ontziralekura jaitsi zirenean. Bihotzez zoriondu nituen, izan ere! Aupa Orio!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide