Euskal Cymru elkartearen eskutik –kristau eta protestante komunitateak– Galesko Kulturaren Jaialdia ospatu zuten atzo arratsaldean Herriko Plazan. Ekitaldi xumea baina koloretsua izan zen, eta giro onean hasi ziren galestarren eta oriotarren arteko zubiak eraikitzen. Haien opilak, musika nahiz dantzak ezagutzeko aukera egon zen, eta umeentzat ere eskulanak egin zituzten, beren banderan ageri den herensugea oinarri hartuta.
Galesko Llandysul herritik hamazazpi lagun etorri dira Euskal Herrira topaketa hau egiteko. Igeldoko kanpinean ari dira gauak pasatzen, eta egunez, Orio eta inguruko herriak ezagutzeaz gain, euskara eskolak jasotzen ari dira.
Galestar bati elkarrizketa txiki bat ere egin zioten, Begotxu Olaizola irakaslearen itzultzaile lanari esker. Galestarrak euskaraz egin zituen hitz batzuk, eta ondoren, kontatu zuen Gales herri txikia dela "baina bihotz handia" duela eta beraientzat oso garrantzitsuak direla beren hizkuntza eta komunitatea edo herria. "Euskal Herrian pasatzen ari naizen egun hauetan ohartzen ari naiz antzekoak direla gure bi herriak: bietan herrigintzak garrantzia handia du. Gure bi hizkuntzek elkartu egiten gaituzte, baina bi hizkuntzak mehatxupean daude".
Esan zuen berak bizitza osoa galesez egiten zuela: eskolan ikasi, errugbian jokatu, Biblia ikasi... "Hizkuntza horretan pentsatzen dut, maitatzen dut eta komunikatzen naiz". Kontatu zuenez, gaur egun 500.000 pertsonek daukate galesez hitz egiteko gaitasuna, eta beraiek nahiko lukete milioi bat hiztun izatera iristea hamar urtetan. "Ingelesa toki guztietan dago, baina komunitate galesa oso indartsua da, eta hor gaude. Galesez existitzeko eskubide osoa dugu eta hori da gure helburua".
Inguruko herrietan bizi diren galestar batzuk ere bertaratu ziren ekitaldira, eta ordu batzuez, hizkuntza nahasketa dotorea gailendu zen Orioren bihotzean.
Gaur, Europako hizkuntza gutxituen alde
Gaur, berriz, Europako Hizkuntza Gutxituen Aldeko Ibilaldia egingo dute. 19:00etan da hitzordua Herriko Plazan, eta hondartzarantz joan-etorria egingo dute banderak hartuta.
Behin plazara itzulita, hizkuntza gutxituei buruzko agiri bat irakurriko dute, eta ondoren, galestar bat elkarrizketatuko dute. Azaldu dute galestar horrek espetxean igaro behar izan zuela gau bat gales hizkuntzaren aldeko protesta baketsu batean parte hartzeagatik.
Bertsoak, olerkiak eta musika ere egongo dira ekitaldi horren barruan.