Madrilen bizi den arren, bihotza oriotar-oriotarra du Gabriel Loidi (Donostia, 1961) konpositore, piano jotzaile eta musika irakasleak. "Orion sortu ninduten, eta jaio aurretik usaindu nituen Orioko errioa eta itsasoa". Azken hori inspirazio iturri handia du, eta itsasoari lotuta eginak ditu bere lan kuttunenetako batzuk: Euskal Baleazaleak eta Juan Sebastian Elkano kantatak –ahots batentzako edo gehiagorentzako idatzitako konposizio musikalak, instrumentuen laguntzaz interpretatzen direnak–. Musikenen ganberako musika irakasten du, piano irakaslea ere bada, eta hainbat eta hainbat konposizio egin ditu pianorako, orkestrarako nahiz abesbatzentzat, baita han eta hemen piano kontzertuak eman ere. Ezinezkoa da Loidiren biografia bi lerrotan azaltzea, eta gainera, hark nahiago du bizitzaz jardutea: askatasunaz, humanismoaz, konpromisoaz, dogmez, Euskal Herriaren historiaz eta abar.
Konposatzen eta irakasten aritzen zara. Zer duzu orain esku artean?
Irailaren 20an Leongo musika jaialdian estreinatuko den kontzertu bat prestatzen ari naiz. Pianorako eta orkestrarako sortu dut, irakasle izan nuen Edith Vogel-en omenez. Izan ere, oso pertsona garrantzitsua izan zen hura niretzat. Vienan jaio zen 1912an, eta han bizi izan zen 1938an naziengandik ihesi Londresera jo zuen arte. Bere bizitzako azken hiru urteetan pianoa ikasi ahal izan nuen harekin, eta arrasto sakona utzi zuen nigan. Horregatik, irakasleari eskaini diot kontzertua, eta nire ikasle izan zen Chen Manchun txinarrak interpretatuko du. Aurrerago, Txinan eman nahi dugu kontzertua. Pekingo goi mailako kontserbatorioko irakaslea da Chen, eta pentsatzen dut nik ere arrastoa utziko nuela harengan. Harremanetan jarraitzen dugu, eta hor bada lotura bat, nire irakasle izandakoaren, ikasle izandakoaren eta Txinaren artean.
Vogel-ek zuri irakatsitakoa transmititu diozu Manchun-i. Zer nabarmenduko zenuke irakaspen horiez?
Bizitzari buruzko jakintza transmititu zidan niri irakasle hark, eta horrekin batera, baita teknika oso garrantzitsu bat ere: legatoa [italiarrez lotua esan nahi du]. XIX. mendean, erromantizismoan erabiltzen zen teknika da, eta gaur egun galtzen ari da. Legatoa, azken finean, soinuak lotzea da; ez egotea banatuta. Hori pianoan irakastea ez da erraza, denbora asko behar da; izan ere, soinuak fusionatu, bata bestearekin lotu, eta kontrolatu egin behar dira, pedalen bidez.
Konpositorea, piano jotzailea eta musika irakaslea zara. Zer hurrenkeratan?
Musikaria naiz, baina aurrena konpositorea. 14 urte nituenetik konposatzen dut. 18 urterekin Londresera joan nintzen, eta sei urtez bizi izan nintzen han. Garai hartan, ordu asko eskaini behar izan nizkion pianoari, egunean 6-8 ordu, eta denbora gutxi izaten nuen konposatzeko. 36 ute ingururekin esan nion nire buruari horrela jarraituz gero ez nintzela iritsiko buruan nuen guztia sortzera, eta alderantzizko bidea hartu nuen: konposizioa jarri nuen erdian. Dena den, egunero-egunero jotzen dut pianoa, eta forman nago. Irakaslea ere banaiz; ganberako musika instrumentu guztiak irakasten ditut: biolina, biola, biolontxeloa, oboea... Oso aberasgarria da hori, konpositore batentzat oso ona delako instrumentu konbinazio hainbatekin inspiratzea. Dena den, ez dakit inspirazioa etorri egiten al zaidan; inspirazioan bizi naizela esango nuke, bizimodu bat dela.
Zeuk konposatutakoa interpretatu izan duzu, ezta?
Bai. Pianoa instrumentu bat da, eta instrumentua ahotsa; ahotsik gabe, ezin zara espresatu. Gainera, uste dut sorkuntzaren amaierarekin kontaktua eduki behar dela, eta hori interpretazioak ematen du. Partiturak nire buruan egoten dira, eta horiek interpretatzeko moduak garrantzi handia du. Nire musika guztia jotzen dut.
Gogoan al duzu pianoaren aurrean eseri zinen lehen aldia?
Esan behar dut berandu, 11 urterekin, eta derrigorrean hasi nintzela pianoa ikasten, eta beraz, oso haserre. Baina libre izatea lortu nuenean, alegia, ikasten ez jarraitzeko askatasuna eman zidatenean, jarraitzea erabaki nuen; pianoarekin maitemindu nintzen, 14 urterekin, eta ordutik, geldiezina izan da. Dena den, nik libre izan behar dut.
18 urterekin musika ikasketetan sakontzen jarraitzea erabaki zenuen, eta Londresera joan zinen. Etxekoen babesa izan al zenuen?
Tira, nik ez nuen baimenik eskatu etxean: familia elkartu eta "banoa" esan nuen. Dena antolatuta neukan, bai eskola, bai irakaslea...
"Uste dut asko aldarrikatu garela mundura euskaldun gisa, euskaldunok nor izan garen jakin gabe"
Etxetik al datorkizu musikarekiko zaletasuna?
Ez, baina gure aitak oso ondo abesten zuen. Gaztetan, baritono oso ona zenez, hiletetan, ezkontzetan... abesten zuen, diru pixka bat irabazteko. Gero, Orioko gizonen abesbatzan ere aritu zen. Uste dut musikaria naizela, 4 urte nituenean, aita eta beste abeslari hainbat udan gauez egiten zituzten entseguetan abesten entzuten lokartzen nintzelako. Aitari entseguetara berarekin eramateko eskatzen nion, eta txoko batean hartzen nuen lo; erdi esna, erdi lo, gizonen ahots haiek entzuten egoten nintzen. Hainbat ahotsetara, zoragarri abesten zuten, eta hori gorputzean sartu zitzaidan. Horrek baldintzatu zuen gerora abesbatzentzat idatzi dudan musika guztia.
Zuk sortutako musika RTVEn emititu izan dute.
Orain urte batzuk, Balea sinfonia idatzi nuen, Orioko azken balearen ehizaren istorioa kontatzeko. Garai hartan, pentsatzen nuen istorioa ehiza horrekin hasi eta bukatzen zela, baina gerora deskubritu nuen euskal baleazaleen historia osoa, liburu batean. Zur eta lur gelditu nintzen, ezin sinetsita. Pare bat hilabete egon nintzen horrela, eta kantata handi bat idazten hasi nintzen, narratzaile eta guzti. RTVE telebistan eta irratian eman zuten, bai, 2017. urtean, Orquesta y Coro Radiotelevision Españolak interpretatuta.
Gero etorri al zen Elkanorena?
Euskal baleazaleen inguruko lan hark arrakasta handia izan zuen, eta RTVEk Elkanoren istorioa kontatzeko antzeko kantata bat egitea eskatu zidan. 2018an emititu zuten. 2022an, berriz, Madrilgo Teatro Realeko orkestra eta abesbatza titularrak Juan Sebastian Elkano kantata interpretatu zuen Madrilgo Auditorio Nazionalean, [lehen mundubiraren] V. mendeurreneko oroitzapen ofizialaren itxiera ekitaldian. RNE irrati klasikoak zuzenean eman zuen kontzertua.
Zer sentitzen da halako musikariak norberaren lana interpretatzen entzundakoan?
Ez dakizu zer sentipen zoragarria den... Hain dira musikari eta abeslari profesional onak... Nik buruan neukan huraxe entzun nuen abesbatzan eta orkestran; ezustekorik ez zen izan, baina sekulakoa da bibrazio horiek gorputzean sentitzea. Izan ere, obra ekaitz batekin hasten da, potentzia handiarekin, eta orkestra gorputzean sentitzen da, ekaitzaren erdian itsasontzi batean zoazela olatu batek gorputza zeharkatuko balizu bezala. Zoragarria da hori.
Ba al duzu helbururik edo lortu nahi zenukeen ametsik?
Zaila da horri erantzutea. Nire obra gauzatzea nahi dut, baita bizitzan ezinbestekoak iruditzen zaizkidan balioak ere. Hori jada ari naiz egiten, eta ez daukat buruan hortik urruntzen edo desberdintzen den ezer. Nahiko nukeena da, hori bai, nire herrian hobeto hartua izatea; izan ere, ez laguntzeaz gain, batzuetan kontrakoa egiten dute. Eta ez naiz ari Orioz. Arazo serioa daukagu; humanismoa falta da, eta herri hau jaten ari da kainismoa. Ustez etsai komun bat eduki dugunez, ez gara konturatu gure etsai handiena geu garela. Kainismoa toki guztietan dago, eta hori soilik humanismoarekin konpontzen da, baina horrek hezkuntzan egon behar du, eta ez dago. Denak elkarren aurka lehiatzen ari dira elkar zapalduz, eta egoera absurdoak sortzen dira. Hemengo talentuak loratu behar badu, beste zerbait behar da.
Elkarrizketaren batean egia, edertasuna eta enpatia bezalako kontzeptuak aipatu zenituen musikaz hitz egitean. Garrantzitsuak al dira zuretzat?
Gaur egungo munduan ideologiek eragin handia dute, gizakiak baldintzatzen eta aurreiritziz betetzen ari dira, eta ni, batez ere, humanista naiz. Beraz, niretzat giza balioak funtsezkoak dira. Hortaz, adierazpen haietan esan nahi nuena zen ez dela nahikoa musika formakuntza ematearekin; hori inportantea den arren, beharrezkoa dela balioetan heztea ere. Berezko balioak, bere horretan baliotsuak direnak, hala nola adiskidetasuna, maitasuna, giza emozioak, bizitza bera... hil ala bizikoak dira. Pertsona orok garatu behar ditu bere gizatasunaren dimentsio guztiak, eta bere emozioekin kontaktuan jarri. Musika barne mundu hori esnarazten duen berezko balioetako bat da. Horregatik, ikasle bakoitza pertsona bakar gisa tratatu behar dela uste dut, eta saiatu behar dugu bere sentitzeko moduarekin konektatzen eta hortik abiatuta zerbait propioa sortzen. Ez bakarrik entrenatu eta doktrinatu eta ondo dagoena eta gaizki dagoena irakatsi.
Musikan, arlo guztietan bezala, gauza asko landu eta hobetu daitezke. Baina ba al dago derrigor norberak sortzez eduki behar duen zerbait?
Bokazio argi baten atzean, askotan, maisu handi bat egoten da. Era berean, askotan, norbait musikarekin bizipen berezia eta benetakoa edukitzen ikusteak esnatzen du bokazioa. Oso inspiratzailea da hori. Tamalez, balioez hitz egiten dugunean, teorian gelditu ohi gara beti; jendeak balioak erabiltzen ditu mundua zeinen gaizki dagoen esateko, baina balioak praktikan jarri behar direnean... Hori beste kontu bat izaten da. Balioak, ordea, praktikan jartzeko dira: edertasuna, esaterako, berezko balioa da, baina sortu egin behar da edertasuna, ez esan edertasuna inportantea dela eta kito. Enpatia ere berebizikoa da, beste pertsonak sentitzen duena kontuan hartzen ari zarelako; enpatiarik gabe, ez zara ezertaz enteratzen, ez duzu ulertzen zer ari den gertatzen. Hortaz, maisu on batekin balioak praktikan jartzen direnean, ez da izaten agintzen duen irakaslea eta obeditzen duen ikaslea; doktrinamendua litzateke hori, ez hezkuntza. Hezkuntzak pentsatzen eta sentitzen laguntzen du, baina pentsatu eta sentitu behar duguna gure esku uzten du. Doktrinamenduak, berriz, esan egiten du zer pentsatu eta sentitu behar duzun. Niretzat garrantzitsuena giza askatasuna eta giza duintasuna dira, eta balio horiek irakasten ditut, ez bakarrik legatoaren teknika, hori ere oso garrantzitsua izan arren. Baina balio humanista horiek gabe dena hutsik dagoela uste dut, inolako zentzurik ez duela.
"Hezkuntzak lagundu bai, baina gure esku uzten du pentsatu eta sentitu behar duguna, doktrinamenduak, ez"
Esaten ari zaren horrek talka egiten du gaur egungo hezkuntza sistemarekin. Nola erreakzionatzen dute zure ikasleek askatasun horren aurrean?
Ez daude ohituta, baina oso ondo hartzen dute, horren behar handia dagoelako. Oso iritzi ona dut eskolan egokitu zaizkidan gazteez. Musikenen nirekin aritzen diren pertsonak oso sentiberak dira, oso langileak, eta aipatu ditugun balio horiek guztiak barneratzeko benetako nahia dute. Munduak behar ditu, nahiz eta munduak ez jakin. Beti esaten diet hori, eta ikusiko dute hori horrela dela.
Beti inspiratuta zaudela esan duzu. Azalduko zer den hori?
Ez dut harrokeriaz esan; inspirazioa bizimodua da niretzat. Gaur egun pentsatzen dugu pertsonek egokitu egin behar dutela beren ingurunera, baina bere lana asko irakurri dudan filosofo bikain batek, Xabier Zubiri donostiarrak, esaten zuen gizakia ez dela ingurunera egokitzen, baizik pertsonak ingurunea egokitzen duela. Alegia, hotza egiten badu, gizakia ez dela hotzera egokitzen; horren aurrean txabola bat eraikitzen duela, gizakia sortzailea dela. Gaur egun, jendea gaixotu egiten da, bizitza horrelakoa delako gauza guztietara egokitu behar duela uste duelako, baina hori doktrinamendua da, ez da humanismoa. Jendeari sinetsarazten zaio modu zehatz batekoa izan behar duela, aurrena norberak nolakoa den hausnartu, eta gero, ahal den heinean, ingurua norbera den horretara moldatu beharrean. Nik ez dut horretan sinesten, ez dut hori irakasten, eta ez dut hori egiten. Saiatu naiz neure burua ezagutzen eta ni bezalako gizon batek nolako bizitza behar duen hausnartzen. Bizitza aldatzen dut beharraren arabera, baina ez naiz ni aldatzen, ezinezko zerbaitetara egokitzeko. Horrek gaixotzeko bakarrik balio du.
Eta zein da edo nolakoa da, bada, Gabriel Loidi?
Esango nuke artea sortzeko bizi den pertsona bat dela, eta ardura handia sentitzen duela berak jasotakoa –adibidez bere maistrarengandik jasotakoa– hurrengo belaunaldiari transmititzeko.
Sortzaile asko gai gutxi batzuei bueltaka ibiltzen dira beren ibilbide osoan zehar. Baduzu zuk halako obsesiorik?
Ez, gai asko ditut, baina itsasoa oso garrantzitsua da niretzat. Esaterako, iazko udan ikusi nuen Ibon Gaztañazpiren Errio dokumentala, eta zoragarria iruditu zitzaidan; etxera iritsi, eta artikulu bat idatzi nuen sentitu nuen guztia adierazteko. Dokumental horrek erakusten du zein izan ziren gure arbasoak, eta uste dut nondik zatozen ez baldin badakizu, ezin duzula jakin nor zaren, eta nor zaren jakin gabe, ezin duzula ingurua moldatu zu zaren horretara. Uste dut asko aldarrikatu garela mundura euskaldun gisa, nor izan garen jakin gabe, eta hori akats izugarria iruditzen zait. Horregatik aldarrikatzen dut humanismoa. Euskaldunok itsasoak mundura zabaldutako pertsonak izan gara, ez gara probintziano hutsak izan, eta hori ez jakiteak asko baldintzatzen du dena. Zergatik? Bada, Balea idatzi nuenean, ez nekielako horretaz ezer. Baleazaleen historia ikasten hasi nintzenean, erabat aldatu zitzaidan nire arbasoez nuen kontzientzia. Nire arbaso oriotarrak, baleazaleak ziren, Terranovara (Kanada) joaten zirenak. Erantzukizun bat ere sentitu nuen gure oroimena ezagutzen laguntzeko; gure oroimena ez badugu ezagutzen, ez dugu arrastorik gure etorkizuna nolakoa izan daitekeen. Horregatik iruditzen zait ezinbestekoa arlo horretan egiten den lan guztia eta Errio-rekin egin dutena. Oso eskertuta sentitzen naiz.
Gai hori bada, beraz, musa antzeko bat, eta gehiago, zuretzat.
Gai horrek asko inspiratu nau, baita olatuek ere. Txikitatik ikusi ditut itsas gizon-emakumeak Orion. Gure aitonak, adibidez, bi itsasontzi zituen, eta Kontxako Bandera irabazi zuen 1916an. Hori guztia oso errotuta dago. Errioaren usaina jaio aurretik ezagutzen nuen, amaren sabeletik; identifikatu egiten dut, eta inoiz ez dut ahazten nondik natorren. Batzuetan gogorra ere bada oroimen hori, baina dena bere osotasunean ikusi behar da, gure memoriak aparteko aberastasuna daukalako: sekulakoa da euskaldunak itsasoan zer izan garen munduarentzat. Eta hori jakin egin behar da. Harrokeriarik gabe, umiltasunez, baina horren inguruko kontzientzia hartu behar da, geure buruari galdetzeko ea zer izan nahi dugun munduarentzat. Uste dut izan garenarekin lotutako zerbait izan behar duela, bestela zentzurik ez daukalako.


