Hezkuntzaren etorkizuna eleaniztasunaren eskuetan

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 21a

Olatz Lucas, Orioko liburutegian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Bi urtez Lehen Hezkuntzan ingeleseko eskolak eman ondoren, abentura berri bati ekin dio Olatz Lucasek. Hizkuntzazale amorratua da oriotarra, eta, zehazki, eleaniztasunak Bigarren Hezkuntzako ikasleen hizkuntza akademikoan duen eragin positiboa izan du hizpide doktoretza tesian. Uztaileko Aia-Orio Guka aldizkariko erreportajea da honakoa.

Betidanik gustatu izan zaizkio hizkuntzak Olatz Lucasi (Orio, 1997). Eskolara joaten hasi bezain laster piztu zitzaion hizkuntzekiko interesa, zientziak edota matematikak alde batera utzita. Eleaniztasuna ere beti izan da kuriositatea sortu dion gai bat, eta unibertsitatean Lehen Hezkuntzako gradua amaitu ostean, eleaniztasunaren eta hezkuntzaren inguruko masterra egin zuen. "Ikasketa horiei esker ikusi nuen eleaniztasuna ez dela hainbat hizkuntza jakitea soilik, ikusi nuen ezaugarri horrek nola eragin dezakeen norbanako bakoitzaren ikaskuntza prozesuan".

Master Amaierako Lanean, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzeak ikaskuntzari mesede egin diezaiokela ikertu zuen Lucasek. "Euskararen ezagutza ingelesera eta gaztelaniara transferitu dezakete Lehen Hezkuntzako ikasle eleaniztunek, hau da, hizkuntza horietan ez zaie berriro azaldu behar zer den atzizkia edo aurrizkia. Transferentzia hori egiteko gai dira eleaniztasunaren praktika pedagogiko egoki batzuk aplikatuta. Prozesu horren baitan sortu zitzaidan doktoretza egiteko gogoa", esan du.

Bi urtez Lehen Hezkuntzako ingeleseko irakasle lanetan aritu ondoren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Donostia Research Group on Education and Multilingualism (Dream) ikerketa taldean sartu zen Lucas. "Talde horretan eleaniztasuna ikertzen dute hainbat ikuspegitatik. Nik, ordea, bigarren mailako ikasleen irakurketan, ulermenean eta alfabetatze akademikoan jarri dut arreta", gaineratu du. Hain zuzen ere, Lucasek nabarmendu du gaur egun, hezkuntzan, "kezka handia" dagoela bigarren hezkuntzako ikasleen irakurketa errendimenduarekin. "EAEn irakurketaren ulermena asko jaitsi dela erakusten duten emaitza asko atera dira, eta tesian hori nola hobetu daitekeen landu dut, ulermena alfabetatze akademikotik abiatuta. Izan ere, faktore asko egon daitezke ulermenaren beherakada azaltzeko", erantsi du.

Zer da, ordea, alfabetatze akademikoa edota hizkuntza akademikoa? Bada, Bigarren Hezkuntzako ikasleek, arloetako edota hizkuntzetako ikasgaietan arrakasta izateko ezagutu behar duten hizkuntza zehatza da. CALS-etan (Core Academic Language Skills) –euskaraz, Hizkuntza Akademikoaren Oinarrizko Trebetasunak (HAOT)– oinarritutakoa da Lucasen ikerketa, hau da, testu akademikoak ulertzeko eta ekoizteko behar diren gaitasun linguistiko akademikoetan. "CALS-ek ez dute hizkuntza akademikoa ulertzen hiztegia bakarrik jakinda bezala; kontuan hartzen du testuen egitura ulertzea, lokailuen bitartez loturak egitea eta horien funtzioa ezagutzea, sintaxi konplexua interpretatzea, ideiak modu akademiko batean antolatzeko gaitasuna izatea eta abar", azaldu du Lucasek.

Zer dira CALS-ak?

CALS-ak Harvard unibertsitateko Graduate School of Educationeko Catherine E. Snow eta Paolla Uccelli ikertzaileek gidatutako taldeak garatu zituen. Lanketa horrek erakutsi du CALS-ak Bigarren Hezkuntzako ikasleekin modu esplizituan lantzeak eragin positiboa duela irakurritakoaren ulermenean, ez bakarrik hizkuntza ikasgaietan, baizik eta eduki arloetako ikasgaietan ere bai. "CALS-ak hizkuntza guztietan baliagarriak diren hizkuntza trebetasunak dira. Azkenean, ikasleek ikasgai guztietan jakin behar dute informazioa interpretatzen, ideien arteko loturak egiten, argumentuak ulertzen edota hizkuntza akademikoa erabiltzen", esan du.

Harvardeko ikerketa horrek, halaber, erakutsi du CALS-ek lotura zuzena dutela irakurketaren ulermenarekin eta ikasleen errendimendu akademikoarekin. Hortaz, ikerketa horretatik abiatuta, CALS-ak EAEko hezkuntza testuingurura ekarri nahi izan ditu Lucasek, ikusteko ea nola funtzionatuko luketen testuinguru eleanitzean eta praktika pedagogiko eleaniztunekin batera landuta. "Gure hezkuntza sisteman, legeak zehazten duen moduan, hiru hizkuntza irakasten dira: euskara, gaztelania eta ingelesa. Baina egia da, errealitatean, geroz eta ikasle gehiagok ekartzen dituztela beste hizkuntza batzuk etxetik ikasgelara. Lehen hezkuntza euskara ez duten ikasle etorkin askok, D ereduan matrikulatzean, eskolako kontzeptu ia gehienak beraien bigarren ala hirugarren hizkuntzan ikasten dituzte. Hortaz, CALS-ak lantzeaz gain, hizkuntza akademikoa garatzeko eta irakurketaren ulermenean eragin positiboa izateko, praktika pedagogiko eleaniztunak txertatu nahi izan genituen", zehaztu du.

"Ikasleek ikasgai guztietan jakin behar dute informazioa interpretatzen edota ideien arteko loturak egiten"

Lucas translanguaging pedagogikoan oinarritu da bere ikerketa egiterakoan. Ikuspegi horrek ikasleen errepertorio linguistiko osoa balioesten du, eta gelan hizkuntza bat baino gehiagoren erabilera planifikatua ahalbidetzen du. Esaterako, ikasleek ingeleseko ikasgaian euskara erabil dezakete momentu jakinetan. "Hain justu, kontzeptu horren helburua da ikasleek hizkuntzen artean transferentziak egitea: hizkuntza batean dakitena beste batean aplikatu ahal izatea, hizkuntzak elkarren artean konektatzea eta prozesu horretan beren hizkuntza baliabide guztiak erabiltzea", azaldu du Lucasek.

Ikerketa aurrera eramateko, bi esku hartze pedagogiko aplikatu ditu EAEko ikastetxe publikoetan Lucasek, bakoitza zortzi asteko epealdian, hain zuzen. "Esku hartze horietan CALS-ak erabili ditut, baina ez genuen horiek garatzen al ziren edo ez soilik ikusi nahi; ikusi nahi genuen horiek nola txertatzen ziren gelan, zer eragin zuten irakurriaren ulermenean eta zer eragin zuten ikasleen hizkuntza kontzientzian". Hori horrela, lehenengo esku hartzea hizkuntza ikasgaiekin soilik –euskara, gaztelania eta ingelesa– egin zuen. Bigarrengoan, aldiz, hizkuntza ikasgaiez gain, biologia eta geografia ikasgaietan ere aplikatu zuen, "ez duelako zentzurik" hizkuntza akademikoa hizkuntzetako ikasgaietan bakarrik lantzeak.

Olatz Lucas, doktoretzako tesia eskuetan, Orioko liburutegian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Ikerketaren ondorio nagusiak

Egindako ikerketatik hainbat ondorio "interesgarri" atera ditu Lucasek. Lehen ondorioa da hizkuntza akademikoak transbertsala izan behar duela. "Hizkuntza akademikoaren lanketa ezin da hizkuntza ikasgaietara mugatu; transbertsala izan behar du ikasgai guztietan". Hain zuzen ere, Lucasen ustez, hizkuntza "tresna bat" bailitzan erabili behar da ikasgai guztietan, eta hizkuntza akademikoaren lanketak, garapenak eta aplikazioak "irakasle guztien ardura" izan behar du.

Hasieran, zientzia ikasgaietako irakasleek "ziurgabetasun handia" sentitu zuten hizkuntza haien ikasgaietan lantzeko eskatzean. "Proba egin ostean izandako elkarrizketetan, irakasleek aitortzen zuten eskuragarria eta aplikagarria zela hizkuntza ikasgaietan lantzea, beraiek ez zutelako ardurarik hizkuntza hori modu teoriko batean azaltzeko, baizik eta beraien ikasgaian aplikatzeko. Irakasle horiek zioten kontziente zirela hizkuntza lantzea ez dela aparteko gauza bat, beraien ikasgaiko edukia ulertzeko tresna bezala balio duen zerbait baizik.

Lucasen doktoretza tesia. (Arnaitz Rubio Aprea)

CALS-en garapenaren lanketak, oro har, ikasleengan eragin positiboa izan duen arren, irakurketaren ulermenean ez da halako eragin positiborik ikusi. "Azken finean, oso zaila da zortzi astetan hobekuntza egon den ala ez neurtzea, oso zaila delako zortzi astetan irakurketaren ulermena hobetzea. Hizkuntza akademikoan eta CALS-etan ikusi da hobekuntza, baina irakurketaren ulermenean eragin positiboa izan duela ikusteko zerbait luzeagoa egin beharko litzateke akaso", esan du.

"Hizkuntza akademikoaren lanketak transbertsala izan behar du ikasgai guztietan"

Bi esku hartze horiek egiteaz gain, Lucasek galdetegi bat diseinatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasleen hizkuntza irakaskuntza estrategiak eta praktikak ezagutzeko. Galdetegia hainbat ikastetxetara bidali du, eta 700 erantzun baino gehiago jaso ditu. Erantzun horien bitartez ikusi ahal izan du hizkuntza irakasleek eduki arloko irakasleek baino joera handiagoa dutela hizkuntza akademikoarekin lotutako estrategiak aplikatzeko. Hala esan du: "Galdetegiaren erantzunek agerian utzi dute irakasleen formakuntza faktore erabakigarria dela; ikusi ahal izan dugu alfabetatze akademikoaz eta praktika eleaniztunez formakuntza duten irakasleek gehiago txertatzen dituztela hizkuntzarekin lotutako estrategiak ikasgeletan".

Lucasen esku hartzeak argitara eraman du, bestalde, hizkuntza akademikoa "ekitatea eta inklusioa bermatzeko tresna egokia" izan daitekeela. "Askotan, hizkuntza akademikoa ez da modu esplizituan irakasten, eta horrek desberdintasunak sor ditzake ikasleen artean, ikasle bakoitzak eskolaz kanpo izaten dituen aukerak eta baliabideak ez direlako berberak. Dena den, tesiaren ondorioetan ikusi dut ikasle guztiek hobekuntza antzekoa izan dutela". Batek pentsa dezake lehenengo hizkuntza euskara duen ikasle batek D ereduan eduki zientifikoak "errazago" barneratuko dituela, baina Lucasen dioenez, guztiek izan dute hobetzeko aukera.

Hezkuntzaren gaur egungo erronkak

Hainbat ikerketak ondorioztatu dute Bigarren Hezkuntzako ikasleek testu luzeak irakurtzeko gero eta ohitura gutxiago dutela, eta arazo hori gaur egungo gizarteak bizi dituen "etengabeko estimuluek" eragiten dutela diote. Horrekin bat dator Lucas: "Irakasleek diote azken urteetan arazoak atzeman dituztela ikasleen kontzentrazioari dagokionez. Testuinguru horretan, agerikoa da lanketa egiten jarraitu behar dela. Gu hizkuntza akademikoan oinarritu gara kasu honetan, baina beste mila modu daude ikasleei kontzentrazioarekin eta ulermenenarekin laguntzeko".

"Irakasleekin harremanetan egon behar dugu aplikagarriak izango diren proposamenak sortzeko"

Bestalde, Lucasek nabarmendu du irakasleen formakuntza beste erronka handi bat dela, bai lanean ari diren irakasleek jasotzen dutena, bai irakasle izateko bidean daudenek jasotzen dutena. "Irakasleek betetako galdetegien bidez ikusi ahal izan dugu formakuntza dutenek ikasgelan kontzientzia lantzeko eta praktikak egiteko ohitura handiagoa dutela". Dena den, Lucasek uste du hezkuntzari lotutako zientzian aritzen diren ikertzaileek badutela irakasleen gaineko ardura. Izan ere, haren aburuz, "hutsune handia" dago ikertzaileen eta ikastetxeen artean. "Guk komunitate zientifikoa elikatzen jarraitzeko ikertzen dugu, baina zein punturaino egiten da horren transferentzia ikastetxeetan? Zientziak erakutsi du praktika eleaniztunek eragin positiboa dutela ikasleen hizkuntza akademikoaren garapenean, baina nola eramaten da praktika hori ikasgelara? Noren ardura da koordinazioa bermatzea? Prozesua zaila da; izan ere, ikastetxeetan ez daude arazo horri begira soilik. Ikastetxeetan erronka asko dituzte, eta iruditzen zait hutsune hori nolabait desagerrarazi egin beharko litzatekeela", azpimarratu du.

Askotariko ondorio interesgarrien artean bada nabarmentzen den bat, Lucasen arabera: hezkuntzaren arloan ikertzen jarraitu beharra dagoela. "Dreamek baditu ikastetxeetatik geroz eta gertuago egoteko eta irakasleekin lana geroz eta batuago egiteko beste proiektu batzuk". Lucasen ustez, ikertzaileek eta irakasleek "elkarrekin lan" egitea da etorkizunerako gakoa. "Ikerkuntzatik proposamen interesgarri asko iritsi dira, baina errealitatea ere kontuan izan behar da horiek ikastetxeetan aplikatu ahal izateko. Guri, gure bulegoan garenean, batzuetan, ahaztu egiten zaigu zer den Bigarren Hezkuntzako ikasleekin gelan egotea, baina oso garrantzitsua da ikasleekin eta irakasleekin hartu-emanak mantentzea, batez ere etorkizunean benetan aplikagarriak izango diren proposamenak sortzeko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide