Orioko Udalak herrian komunitate energetiko bat martxan jartzeko proiektua abiatu du aurten Goienerrekin elkarlanean, eta apirilean itxi zen egitasmoan izena emateko epea. Gaur jakinarazi du "200 herritarrek baino gehiagok" aurkeztu zutela eskaera, eta horiek aztertzen ari dela orain Goiener, herritarren elektrizitate-kontsumo ohiturak eta ezaugarriak zehazteko.
Proiektuaren lehen fasean, 150 etxebizitza eta merkataritza establezimendu inguruk jaso ahal izango dute instalazio fotovoltaikoak sortutako energia. Horregatik, jasotako eskaera kopurua aurreikusitakoa baino handiagoa denez, "aurretik zehaztutako lehentasunezko irizpideak eta kontsumo profilak hartuko dira kontuan bazkideak aukeratzeko; eta beharrezkoa balitz, zozketa ere egingo da", udalak jakinarazi duenez. Komunitate energetikoaren bazkide izango diren herritarren behin betiko zerrenda zehaztu ondoren, haiekin harremanetan jarriko da irailean Goiener "pixkanaka", elkartea martxan jarri eta "komunitatea aktibatzeko".
Goiener egiten ari den azterketa hori "beharrezkoa" dela nabarmendu du udalak, "Karela kiroldegiko estalkian jarritako eguzki plakek sortutako energia ahalik eta modu egokienean banatzeko; izan ere, instalazioak ez du energia pilatzeko gaitasunik, eta sortutako energia unean bertan banatu behar da".