Alironetako piezak eta hurrenkerak

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 25a

Orioko Txarangako kideak, iaz, Zumaian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Bai iazko traineru denboraldian, bai aurtengoan, ia igandero ari da Orioko Txaranga kalera ateratzen arraunlariei harrera egiteko. Honezkero zaleek jakingo dute zer pieza eta noiz jotzen duten, baina despistaturen bat baldin badago, Abel Perona zuzendariak eman ditu xehetasunak piezen hurrenkerez. 

Orioko Txarangak girotzen ditu herritarrek arraunlariei egiten dizkieten harrerak. Musika doinuekin hasten eta amaitzen dira alironak Orion, eta hitzordu horietan jotzen diren piezak ez dira izaten ausazkoak: abesti zehatzak dira, eta ordena zehatz batean jotzen dira. 

Abel Perona txarangako zuzendariak azaldu du errezibimenduetan bi zati bereiz daitezkeela: Txokolateneraino iritsi arte librea izaten da, egunaren, entzuleen edo zuzendariaren nahien araberakoa. Ondoren, Errusta tabernaren aurrera –han egoten dira arraunlariak banderarekin– Gora Mitxelena joz eta abestuz joaten dira. Talde argazkia ateratzen dute denek elkarrekin, eta suziria entzun ondoren,  Txapeldunak eta 1,2,34 abestiak joz joaten dira Herriko Plazara, kalejiran, txaranga aurretik eta arraunlariak banderarekin atzetik.

Arraunlariak udaletxeko balkoira ateratzen direnean Txapeldunak eta Alirona piezak eskaintzen ditu txarangak plazatik, eta entrenatzaileak bandera balkoian jartzen duenean, Mirotza abestiaren bertsio laburraren txanda etortzen da, zale eta arraunlari asko hunkitzen diren unea.

Amaitzeko, berriro Gora Mitxelena jotzen dute, eta ondoren, borobilean jarrita, bospasei pieza jotzen dituzte, "festa giroa pixka bat luzatzeko". 

'Gora Mitxelena' abestiaren letra

Gora Mitxelena pieza jotzen dutenean, tarte batez instrumentuak isilarazi eta kantuan hasten dira txarangako kideak. Honako letra abesten dute orduan:

Gora Mitxelena ta
beraren kuadrilla
urte askuan ondo
kontserba dadila

Buruz azkarra eta
memoriz habila
berriz ere saiatuko gera
banderaren bila

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide