Orioko Udalak aho batez onartu zuen, ekaineko udalbatzarrean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana, 2026-2029 aldirako berdintasun politikak gidatuko dituen tresna. Kalaka kooperatibak gidatutako prozesuaren bidez osatu dute plana, eta 2025ean egindako diagnostikoan jasotako ondorioak izan ditu abiapuntu. Hirugarren plan honek azken urteetan egindako lana sendotu eta datozen urteetarako erronka nagusiak zehazten ditu.
2022an II. Berdintasun Plana aurkeztu zutenetik, urrats garrantzitsuak egin dituzte Orion berdintasunaren alorrean; besteak beste, indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko protokoloa diseinatu dute, Saregile emakumeen etxea martxan jarri dute, eta zaintzaren inguruko diagnostiko eta lanketa parte hartzaileak egin dituzte. Gainera, Berdintasun eta Hezkuntza sailak ere egituratu dituzte, eta udaleko departamentu horretan Saioa Iraola teknikaria ari da lanean iazko irailetik. Hain zuzen ere, Iraolaren hitzetan, "Berdintasun plan baten helburu nagusia da berdintasunerantz bultzatzen den eraldaketa prozesu horretan bide orria zehaztea".
Sei erronka nagusi
Orioko Berdintasun planaren ibilbidean zenbait mugarri izan direla nabarmendu du Iraolak. "Pertzetik elkarte feministak 2019. urtean egin zuen herri diagnostikoak ahalbidetu zuen herrian berdintasunari eta justizia sozialari lotuta zeuden beharrak identifikatzea. Ondoren, diagnostiko horretan oinarrituta, 2022an bigarren plana hasi ziren garatzen, errealitatearen bestelako ezagutza eta oinarri batzuekin". Bigarren plan hura osatzeko lanketa berezia egin zela azpimarratu du Iraolak, herriko emakumeekin eta hainbat talderekin elkarlanean.
Azken urteetan egindako diagnostikoek, eta, batez ere, horien ondorioz egindako ekintza planek eta hartutako neurriek –Ahalduntze Eskola, Saregile eta Hezkidetza Mahaia, besteak beste– definitzen dituzte hirugarren planaren erronka nagusiak. "Justizia soziala areagotuko duen herri baterantz aurrera egiteko, ezinbestekoa da egiturak sortzea eta horiek egonkortzea". Hain zuzen ere, Zaintza, Hezkidetza eta Emakumeen mahaien egonkortasuna eta koordinazioa sendotzea izango da lehen erronka nagusia.
Beste erronka handi bat zeharlerrotasuna dela azpimarratu du teknikariak. "Berdintasun sailak lan egiten du herrian eraldaketa prozesuak sustatzen, baina baita administrazio publikoaren barrura begira ere, eraldaketak sustatzeko. Administrazio publikoa, azken finean, zatikatua dago –Hirigintza, Hezkuntza, Kirola edota Kultura sailak ditu, esaterako, udalak–, eta zeharlerrotasunak lan egiteko modu berri bat ekartzen digu. Herri baten ongizatea areagotzea ez da soilik Berdintasun sailaren kontua; hirigintzak ere, esaterako, ardura asko du alor horretan". Zeharlerrotasuna bermatzeko, udaleko langileen eta teknikarien formakuntza beharrezkoa dela nabarmendu du Iraolak.
Hirugarren erronka kirolean ongizatea sustatzeko eraldaketa prozesuak bultzatzea izango da. "Iazko ikasturtean, Orio Arraunketa Elkartean ibilbide bat hasi genuen, klubeko emakume arraunlari talde batek jarritako salaketari lotuta". Orioko Udalak eta arraun elkarteak elkarlanean garatutako lan eredu bat sortu dute, bost ardatz nagusi dituena: emakumeen eta gizonen berdintasuna, indarkerien prebentzioa, osasun fisikoa eta mentala, inklusioa eta kirolarien ahotsa. Ardatz horiek oinarri hartuta, 2026-2028 aldirako ekintza plana diseinatu dute, arraunlarien ongizatea erdigunean jarriko duena. Eraldaketa prozesua arraunketa elkartetik abiatu eta, ondoren, herriko gainerako elkarteetara zabalduko dute.
Laugarren erronka Oriok herri zaintzaile izateko bidean aurrera jarraitzea da, "pertsonetan oinarritutako zaintza ekosistema berri bateranzko trantsizioa" sustatuz. "Gaur egungo zaintza eredua familian oinarritzen da, eta baliabideei erreparatuz gero, ikus daiteke sektorea oso prekarizatuta eta feminizatuta dagoela". Gainera, gizartea erronka demografiko handi baten aurrean dagoela gogorarazi du teknikariak, eta gizarte langileak pertsonan oinarritutako metodologian trebatzen hasi direla azaldu du.
Jarraipena eta ebaluazioa
Bosgarren erronka Bizitza askeak plazer estrategiaren garapenean sakontzea izango da, besteak beste, herritarrak eta eragileak berdintasunaren inguruan sentsibilizatuz eta indarkerien prebentzioa landuz. "Urratsak egin nahi ditugu, ez bakarrik prebentzioan, baita biktimari laguntzeari dagokionez ere. Izan ere, indarkeria kasu bat jazotzen denean, erreparazioa ere garrantzitsua da. Erreparazioa, gainera, ez da bakarrik indibiduala, komunitarioa ere bada, eta datozen urteetan lantzen joan nahi den erronka handi bat da".
Seigarren eta azken erronka "emakumeen ahalduntze pertsonal nahiz kolektiborako espazioa" den Saregile indartzea eta egonkortzea izango da; izan ere, "potentzial handia" duen espazio bat dela nabarmendu du teknikariak, "ez bakarrik emakumeentzat, baita gizarte osoarentzat ere".
Planaren jarraipenerako eta ebaluaziorako hainbat tresna baliatuko dituzte. "Planaren barruan, helburu bakoitza ekintza zehatz batzuei lotuta dago, eta aldi berean, ekintza bakoitza ebaluatzeko metodologia bat dago. Gainera, jarraipen batzorde bat ere badago, eta urtero memoria bat aurkezten du, helburuak betetzen direla ziurtatzeko", azaldu du Iraolak.