"Bota ura!" esandako bakoitzeko, ur parrasta

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 21a

Txurrumuski aisialdi taldearekin udaleku irekietan dabiltzanek gaur ospatu dute Bota Ura eguna. Ura eskatu orduko, saltoki askotako eta etxe batzuetako jabeak prest aurkitu dituzte haien nahia betetzeko. Gozatua hartu dute bai ur eskean zirenek, bai ura bota dietenek. 

Beste uda batzuetan egun beroenen zain izaten dira Txurrumuski aisialdi taldeko kideak Bota Ura eguna iragartzeko. Aurtengoan, edozein egun zen aproposa, eta gaur eguerdian egin dute urteroko ekintza. Atzo iragarri zuten herriko hormetan itsatsitako kartelen bidez gaur izango zela haurrak urez bustitzeko eguna, eta saltoki askotako eta etxe batzuetako jabeak prest aurkitu dituzte "bota ura!" entzun  orduko parrastada botatzeko. 

Mangerak, baldeak eta plastikozko ontziak, era guztietako gailuak erabili dituzte haurrak eta begiraleak bustitzeko, eta deskuidatuta zebilen herritarren bat ere harrapatu du azpian ur txorrotadak. Metro batera nahiz hirugarren solairuko balkoitik, alde guztietatik iritsi dira ur zaparradak, eta gozatua hartu dute, bai busti direnek, bai ura botatzen ibili direnek. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide