Libe Arruabarrena, Maialen Orbañanos eta Laida Urbitarte: "Harmailak beteta egoteak laguntzen du golak sartzen"

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 22a

Arruabarrena, Orbañanos eta Urbitarte, Atarrabiako (Nafarroa) kiroldegian. Han entrenatzen du Beti Onak taldeak. (Arnaitz Rubio Aprea)

Orain dela hiru denboraldi hasi zen Laida Urbitarte oriotarra Atarrabiko (Nafarroa) Beti Onak eskubaloi taldean jokatzen. Ordutik, beste bi herrikide batu dira Nafarroako talde horretara: Libe Arruabarrena aurrena, eta Maialen Orbañanos iaz. Gustura daude taldean, eta argi dituzte helburu kolektiboak zein pertsonalak. Ekaineko Aia-Orio Guka aldizkariko erreportajea da honakoa. 

Oriotarrak dira Laida Urbitarte, Libe Arruabarrena eta Maialen Orbañanos, baina urtearen zati handiena Atarrabian (Nafarroa) igarotzen dute, hirurek Beti Onak eskubaloi taldearekin jokatzen baitute gorengo mailan. Aurreneko denboraldia osatu berri du Orbañanos hegaleko jokalariak, bigarrena Arruabarrena piboteak, eta hirugarrena, berriz, Urbitarte ezker hegaleko jokalariak. Urbitarte eta Arruabarrena, hurrenez hurren, Zarauzko eta Orioko taldeetatik fitxatu zituen Beti Onak taldeak; Orbañanos, berriz, Zuazon ibili da bi urtez. Hirurek berritu dute Nafarroako taldearekin zuten kontratua beste urtebeterako, eta gustura dabiltza, eskubaloiaren bueltan "sekulako afizioa" dagoelako Atarrabian. Talde txikia da Beti Onak, eta laugarren denboraldia egin du gorengo mailan, baina hortzak erakusten ari da talde nagusienei.

Eskubaloia da hiru oriotarren bizitzetako erdigunea, baina ikasketekin eta lanarekin uztartzen dute kirol jarduna: Urbitarte da hiruretan nagusiena, 24 urte baititu, eta fisioterapia ikasita, horretan egiten du lana; Orbañanosek 21 urte ditu, eta fisioterapia ari da ikasten bera ere; eta Arruabarrenak urte bat gutxiago dauka, 20, eta magisteritza ari da ikasten. Dena uztartzeko entrenamendu saio batzuk goizetik arratsaldera aldatzen dituztela aitortu dute, eta horrela moldatzeko modua egiten dutela.

Maiatzean amaitu zen eskubaloi liga. Sailkapenean seigarrenak izan zarete. Zer balorazio egiten duzue sasoiaz?

Libe Arruabarrena: Bosgarren postua lortzeko borrokatzen aritu ginen, baina azken jardunaldiaren ostean, seigarren sailkatu ginen. Aurreneko zortzi taldeek beste ligaxka bat jokatzen dute ligako titulua lortzeko helburuz, eta fase horretan Malagaren aurka jokatu genuen; etxean irabazi egin genuen, eta Malagan gol baten aldearekin, galdu. Haiek pasatu ziren finalerdietara.

Laida Urbitarte: Lehen liga bakarrik jokatzen zen, baina beti talde berak irabazten zuen, eta emozio pixka bat gehiago egon zedin sortu zuten titulua lortzeko ligaxka. Ez pentsa, susto batzuk egoten dira fase horretan.

L. A.: Iaz Espainiako Kopan bigarren egin genuen, baina aurtengorako sailkatu ginen, Bera Berak irabazi zuelako eta Kopa talde horren etxean jokatuko zelako; etxeko taldea, izan ere, talde gonbidatua izaten da beti. Aurtengo Kopako final laurdenetan galdu egin genuen, eta hantxe amaitu zen gure ibilbidea.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Beti Onak aurreneko aldiz lehiatu da aurten Europan. Klubak esfortzu ekonomikoa egin du hori horrela izan zedin. Zer moduzko esperientzia izan da?

Maialen Orbañanos: Hamaseigarren egin genuen. Europan aritzen ginen aurreneko aldia izateko, nahiko ondo jokatu genuen, baina azken partidan, ezin...

L. U.: Gurutzaketan ez zitzaizkigun talde samurrenak tokatu. Dena den, ederra izan zen.

L. A.: Esperientzia polita izan da, bai.

M. O.: Zalantzarik gabe.

Europako esperientzia horretatik zer duzue gogoan gordeta?

L. U.: Beste maila bateko jokalarien kontra jarduteko aukera izan dugu, eta aurrez aurre izan ditugun taldeak oso desberdinak izan dira gu aritzen garen ligakoekin alderatuta. Gurean korrika gehiago egiten da, atzelariak gehixeago mugitzen dira; Europan, berriz, atzelariak itxiagoak dira, indartsuagoak, handiagoak. Beste era bateko eskubaloia da haiena, eta halako esperientzia bat Atarrabian bizitzea... Pabiloia beti beteta izaten dugu, eta sekulakoa izan zen. Bereziki azken partidaz gogoratzen naiz, Turkiako Bursaren kontrakoaz; partida hartan dezenteko aldearekin ibili ginen, baina bukaeran, buelta eman zioten markagailuari. Egun hartako oroitzapen oso ona dut.

L. A.: Laidak esan duenarekin gelditzen naiz ni ere. Gainera, taldearekin etxetik kanpo jokatu izana azpimarratuko nuke: bidaiatzea, betikoak ez diren beste talde batzuen kontra jokatzea... Polonian eta Turkian ibili ginen.

Bazterrak ikusteko denborarik izaten al duzue halakoetan?

M. O.: Turkian, lur hartu orduko joan ginen hotelera. Hurrengo egunean, 07:00etan esnatu ginen entrenatzeko, partida jokatu, eta goizaldean, 05:00etan, berriz jaiki ginen, itzulerako abioia hartzeko. Beraz, partida jokatu genuen pabiloia bakarrik ezagutu genuen.

L. U.: Izatekotan, goizetan edukitzen dugu kafe bat hartzeko tartea, baina beti hotelaren inguruan ibiltzen gara. Egonaldia ikasteko eta aurkarien bideoak ikusteko ere aprobetxatzen dugu.

L. A.: Turismoa, zero.

Arruabarrena, Orbañanos eta Urbitarte Beti Onak taldeko kideekin, azaroan, Europako Txapelketako kanporaketa batean.

 

Europarako txartelik ez duzue lortu datorren denboraldirako, baina bai Espainiako Koparako, ezta?

L. A.: Hala da. Iruñeko Nafarroa Arenan izango da hurrengo urteko Espainiako Kopa, eta beraz, sailkatuta gaude. Orain gutxi baieztatu ziguten, eta egia esan, albistea pozgarria da. Gustura gaude, sailkatu izanagatik eta etxean jokatuko dugulako.

M. O.: Etxean arituta, guretzat hobeto, dudarik gabe.

Denboraldiaz zer balorazio egiten duzue?

M. O.: Oso gutxi jokatu dut nik. Min hartuta batu nintzen taldera, gero lau hilabetez jokatu nuen, eta berriro lesionatu nintzen. Jokatu dudanean, hori bai, oso ondo pasatu dut; asko gozatu dut. Berriro lesio potoloa eduki dudan arren, uste dut daukadan onena eman dudala min hartu bitartean. Beti Onaken nabaritu dut herriak asko laguntzen duela, bai partidetan, bai bestela. Harmailak beteta egoteak golak ekartzen dituela uste dut.

L. A.: Denboraldi nahiko ona egin dugulakoan nago. Hasieran, ikusten genuen lehiaketa asko genituela eskuen artean; ligako partidak astegunetan eta Europakoak asteburuetan. Txapelketa guztiak ondo uztartzea zaila da, baina uste dut on egin digula horrela ibiltzeak; askotan aipatu dugu hori taldean. Denboraldia ez dugu amaitu nahi genuen bezala, igoera fasean pixka bat gehiago borrokatu nahi genuelako, baita [Espainiako] Kopan ere. Orokorrean nahiko sentipen onak izan ditugu, eta Maialenek esan duena ere horrela da: ederra da etxean jokatzea, zaleek asko animatzen eta laguntzen dutelako.

(Arnaitz Rubio Aprea)

L. A.: Azken bi urteetan salto nahiko handia egin du taldeak. Beste heldutasun maila bat daukagu gauza batzuetan: badakigu zer den aritzen garen liga, nola jokatu... Geroz eta esperientzia hangiagoa dugu, eta uste dut hori asko nabaritu zaigula aurten. Libek esan duen bezala, partida asko jokatzearen emaitza ere izan da hori; nekea eragiten du horrek, baina zenbat eta gehiago jokatu, are hobeto ikusten duzu zeure burua.

Hiru jokalarien ustez, sekulakoa da orio bezalako herri txiki batek eskubaloi klub propioa edukitzea

Hirurok jarraituko duzue taldean datorren denboraldian. Blokea mantenduko al da?

M. O.: Bai, taldean hiru baja soilik egon dira, eta pare bat lagun batu dira taldera.

Zuk, Libe, ekainaren 25etik uztailaren 5era jubenilen Munduko Txapelketan izango zara, Txinan, Espainiako selekzioarekin. Gogoz al zaude?

L. A.: Bai, gogotsu nago. Ekainaren hasieran, Elx-en (Herrialde Katalanak) entrenatuko dugu, eta hilaren 9tik 14ra, Lau Nazio Txapelketa jokatuko dugu, Alemanian. Ondoren ekingo diogu munduko lehiari. Iaz galdu egin genuen Europako Txapelketaren finala, eta arantza hori atera nahi dugu, oso zaila izango den arren.

Libe eta Maialen, udarako zer asmo?

M. O.: Deskantsatzea! [barrez].

L. U.: Goi maila aritzen zarenean, ezin izaten duzu bi hilabetez ezer egin gabe egon, baina lasaiago egongo gara, noski. Maiatzean entrenamenduak bukatuta, sasoiari heldu beharko diogu, gimnasiora-eta joanda. Hori bai, bestelakoa izango da: uda izango da, Orion egongo gara...

Hain zuzen, udan antolatu ohi du Orio Eraginek hondatzako eskubaloi txapelketa. Parte hartzen duzue ala debekatuta daukazue halako kirol jardueretan aritzea?

L. A.: Parte hartu izan dut.

L. U.: Nik ere bai. Baina jendeak beldurra sartzen dizu. Aurreneko aldiz izena eman nuenean, seguru al nengoen esaten zidaten, lesionatzeko beldurrik ez al nuen. Klubak ere abisatzen du: taldetik kanpoko jardueretan zerbait gertatuz gero, norbere erantzukizuna dela eta kontratua eten dezaketela.

M. O.: Kontuz ibili behar da, baina Orioko txapelketa ez da Zarauzko Txaparrotan lehia bezain bortitza. Gainera, Orion epaileak nahiko zorrotzak izaten dira.

L. A.: Klubak ez, baina Espainiako selekzioak esan izan dit lesioak saihesteko hondartzan ez jokatzeko.

Beti Onak taldean elkarren babes handia sentitzen dute, eta oriotarren nortasuna taldekideei kutsatzen saiatzen dira

Beti Onak denboraldi oso onak egiten ari da azken urteetan. Nolakoa da eskubaloiko lehenengo mailako lehia?

L. A.: Beti Onak talde txikia da oraingoz; laugarren denboraldia baino ez du egin gorengo mailan. Bera Bera baino askoz xumeagoa da taldea, baina urtez urte sailkapenean postu hobeak lortzen joan gara, eta aurten aurreneko aldiz Europako Txapelketa jokatu dugu. Goraka goaz urtez urte.

M. O.: Garai batean, beste taldeengandik urrun zegoen Bera Bera baina urtez urte txikitzen ari da distantzia hori. Izan ere, gainerako taldeak hasi gara Bera Berari gerra ematen.

Maialen Orbañanos, partida batean. (Utzitakoa)

L. U.: Aldea txikitzen ari da, bai. Bestalde, maila handiko gero eta jokalari gehiago ari dira eskubaloian jokatzera kanpora joaten –Errumaniara, Frantziara eta Alemaniara–, Euskal Herrian baino baldintza hobeak dituztelako. Jokalari on asko kanpora joan direnez, gu aritzen garen liga berdinduago geratzen ari da. Baldintzei dagokienez, gurean eskubaloian aritzen garen gehienok ikasi edo lan ere egiten dugu, nahiz eta jardun horiei ordu gutxi eskaini, entrenamenduekin-eta bateragarri izateko.

Eskubaloiari, baina, denbora asko eskaintzen diozue.

L. U.: Bai, dudarik gabe. Goizez eta arratsaldez entrenatzen dugu, bidaiak egiten ditugu partidak jokatzeko, eta bidaia horiek batzuetan astegunetan izaten dira, eta besteetan, asteburuetan.

Baina eskubaloirik gabeko etorkizuna ez duzue bistatik galtzen.

L. A.: Hala da. Eskubaloiak egunerokoa konpontzen dizu, baina ez du etorkizuna ziurtatzen.

M. O.: Zerbait pentsatuta eduki behar duzu eskubaloia uzten duzunerako.

Maialen Orbañanos: "Aurreneko helburua belauna sendatzea da, eta gero, pixkanaka hobetzen jarraitzea"

Gustura zaudete Beti Onaken. Datorren denboraldira begira, zer eskatzen diozue zeuen buruari?

L. U.: Partida jokatu edo ez, entrenatzen jarraitzea da gakoa. Batzuetan zaila izaten da; izan ere, gerta daiteke Galiziaraino joan eta minuturik jokatu gabe itzultzea, baina astelehenean dena ematera bueltatu behar izatea. Kirola hori da. Gainera, taldea animatu behar da, eskubaloia taldeko kirola delako, eta zeure buruari begiratu behar diozu, baina batez ere taldea eduki behar duzu kontuan, hori delako garrantzitsuena. Denek beren burua estutuko dutela espero dut, eta hurrengo urtean sailkapenean postu hobea lortuko dugula.

Laida Urbitarte, norgehiagoka batean. (Utzitakoa)

L. A.: Taldeko kirola izanik, garrantzitsuena talde bezala ondo egotea delakoan nago. Denek ondo jokatzea eta elkar ondo ulertzea garrantzitsua da; taldekideen artean armonia egotea. Horrekin asko lortzen da, eta hori da gure helburua. Urtetik urtera gehiago sumatu behar dugu armonia horren emaitza.

M. O.: Belauna ondo osatzea da nire aurreneko helburua, martxoan aurreko lotailu gurutzatua puskatu bainuen. Ebakuntza egin didaten arren, luze doa errekuperazioa, eta abenduan edo urtarrilean egongo naiz berriz jokatzeko moduan. Hortik aurrera, pixkanaka hobetzen joatea nahiko nuke, ahalik eta maila onena emateko. Gainera, ahal den talde joko gehiena egitea ere nahiko nuke.

Libe Arruabarrena: "Espainiako Kopa etxean, Nafarroa Arenan, jokatuko dugu; pozik gaude"

Arreta deitzen du herri txiki bateko hiru kirolari eskubaloiko goi mailan aritzeak. Zer sentipen duzue zuek?

L. U.: Orio bezalako herri batentzat izugarria da. Herriko beste jokalari bat ere badabil goi mailan: Maria Zalduak Rocasan jokatzen du, Kanariar Uharteetako taldean. Ni Zarautzen hasi nintzen eskubaloian, orduan Orion ez zegoelako talderik, baina Orio Eragin kluba sortu zuten gero, eta hortik atera dira gainerako jokalariak.

L. A.: Jende askok esaten digu harrigarria dela hirurok oriotarrak izatea.

M. O.: Ez genuen espero gorengo mailara iristerik. Lagun artean hasi ginen eskubaloian jokatzen, pixkanaka hobetzen joan ginen, eta honaino iritsi gara.

Libe Arruabarrena, jaurtiketa bat egiten partida batean. (Utzitakoa)

Ondo ezagutzen duzue elkar. Laida, zu, esaterako, Libe eta Maialen entrenatutakoa zara. Nola ikusten duzu bakoitza?

L. U.: Libek sekulako garra daukala nabarmenduko nuke. Txikitatik ezagutzen dut, eta beti ikusi dut munduaren kontra joateko prest; hori pistan bere ezaugarri oso inportantea dela uste dut. Izan ere, dena ematen du. Pistatik kanpo, berriz, lotsagabea –tamainan– da, eta gozamena da berarekin bizitzea [etxea partekatzen dute]. Atarrabiara iritsi zenean, aldea nabaritu nuen, ondoan oriotar bat edukitzea sekulakoa delako; izateko era oso desberdina dugu oriotarrok eta beste denek. Maialen ere txiki-txikitatik ezagutzen dut, eta plazera da berarekin jokatzea; dena ematen du pistan. Elkarren ondoan jokatzen dugu, eta oso ondo ulertzen dugu elkar. Segurtasun handia ematen duen jokalaria da. Munduaren bukaerara arte joango nintzateke biekin.

Zuk nola ikusten dituzu kideak, Libe?

L. A.: Laida pertsona oso-oso jarraikorra da. Lan pila bat egiten du, taldean lan gehien egiten duenetarikoa dela esango nuke, eta fruituak ikusi egiten dira. Entrenamendu guztietan dena emanda aritzen da, eta partidetan ere ikusten da hori. Eskubaloi arlotik kanpo, asko eskertzen da etxean norbaitekin euskaraz aritu ahal izate hutsa. Pertsona zoragarria da, eta oso ondo ulertzen dugu elkar. Orbañanosi buruz zer esan? Txikitatik talde berean aritu gara eskubaloian, eta nik baino garra handiagoa duela esango nuke. Gozamena da Beti Onaken elkarrekin aritzea.

Laida Urbitarte: "Jokalari onenak kanpora joaten ari direnez, berdinduago gelditzen ari da liga"

Eta zuk, Maialen, zer duzu nabarmentzeko Laidari eta Liberi buruz?

M. O.: Atarrabira iritsi nintzen aurreneko momentutik sekulako babesa izan dira biak niretzat. Beraiek esan duten gauza bera nabarmenduko nuke nik ere: sekulakoa da betidanik elkarrekin aritu garen beste bi oriotarrekin egon ahal izatea. Laidak izugarri animatzen du beti taldea, baita norbait momentu txarra pasatzen ari denean ere; beti baikor egoteko arrazoiak aurkitzen ditu eta beti laguntzeko prest egoten da. Libek esan duen gisan, oso konstantea da Laida; berari esan diot sekulako denboraldia egin duela eta onenetariko bat izan dela. Libe eta biok talde berean aritu izan gara txikitatik, eta plazera da berarekin jokatzea; babes handia izan da niretzat. Bestalde, Laidak esan duen gisan, sekulako garra dauka. Uste dut hori badela oriotarren ezaugarrietako bat: egurra ematen aritzen gara beti, jarrera onarekin. Saiatu gara jarrera hori Oriotik Atarrabira eramaten eta han zabaltzen; edo hori da helburua [barrez].

Eta etxeko eskubaloi klubaz, Orio Eragini buruz, zer esango zenukete?

L. U.: Txikitatik nuen argi eskubaloian aritu nahi nuela, baina herrian ez zegoen aukerarik, eta Zarautzera joan nintzen. Zarauzko kiroldegira sartzen naizen bakoitzean esaten dut ez daukala parekorik, eta beti pentsatzen dut Zarautzera bueltatzeko zortea eduki nahiko nukeela noizbait. Eragini dagokionez, uste dut izugarria dela herrian eskubaloi klub bat izatea.

L. A.: Izugarrizko poza ematen dit herriko klubean horrenbeste ume ikusteak, gu hasi ginenean bi talde bakarrik baitziren. Zirrara eragiten dit Karela kiroldegiko harmailak beteta ikusteak. Orio Eraginek irakatsi zitun eskubaloian, eta poz ikaragarria ematen du haren bueltan jendea ikusteak. Lehen, arrauna eta futbola soilik ziren Orion, eta sekulako poza ematen dit beste kirol batek ere indarra baduela ikusteak.

M. O.: Karelara joan eta harmaila beteta ikusteak sekulako poza ematen du. Gure burua isladatuta ikusten dugu eskubaloian aritzen diren ume horiengan. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide