Laura, Pepa, Manuela, Arantxa eta Rosi Orioko AEKko ikasleak dira. Aurten B1 mailako ikastaroan izena eman dute. Bakoitzak bere jatorria du, baina Orion eta Aian bizi dira orain. Askotariko jatorriak, adinak eta lan egoerak izanda ere, euskara elkarrekin ikasten dute. Ikaskideek elkarri egin dizkiete galderak.
Zein da aurten zure erronka?
Arantxa: Euskaraz pixka bat hobeto hitz egitea, ulertzeko gai naizen arren, asko kostatzen zaidalako.
Laura: Nik hobeto hitz egin nahiko nuke. Hori da nire erronka nagusia.
Rosi: Hobetzea da nire erronka ere, baina, pixkanaka ikasten ari naiz, oso poliki. Erronkak txikia izan behar du niretzat, bestela frustratu egingo naizelako eta halakoetan euskaltegia uztea oso erraza delako.
Pepa: Egia da ez daukagula titulurik eta ez dugula behar, baina nire erronka da ingurukoekin euskaraz hitz egitea eta komunikatzea.
Ez al duzue behar hizkuntza titulurik?
Laura: Herrian jendearekin erlazionatzeko ari naiz euskara ikasten. Adibidez, kafetegian jendearekin hitz egiteko, erosketak egiterakoan...
Rosi: Eguneroko elkarrizketak ulertzeko behar dut nik euskara. Eskolan maisuekin eta andereñoekin hitz egiteko, adibidez.
Laura: Uste dut oso garrantzitsua dela herriko historia bere hizkuntza propioan ezagutzea.
Kontatu al dezakezue euskara ikasten hasi zaretenetik bizi izan duzuen pasadizo bitxiren bat?
Pepa: Iaz, film labur bat grabatu genuen, eta AEK-ren lehiaketa batean parte hartu genuen, Zumaian. Euskaltegian egin genuen grabaketa eta lehenengo saria irabazi genuen. Primeran pasatu genuen, bai grabaketan, bai Zumaian egin zen proiekzioa ikusten. Eta, gainera, irabazi!
Manuela: A ze lotsa!
Arantxa: Barre asko egin genuen, eta oso dibertigarria izan zen.
Euskal Herriko zer gauza interesatzen zaizkizue?
Rosi: Sagardotegiak interesatzen zaizkit, baina Satxota, adibidez, ez dut ezagutzen. Santion dago, eta ez dut ulertzen hain gertu egonda oraindik zergatik ez naizen joan.
Pepa: Niri askoz gehiago gustatzen zait kultura: mitologia, dantzak, historia... Euskal Herrian dantza desberdin pila daude, eta oso interesgarria da horiek ezagutzea.
Laura: Herri honetan oso garrantzitsuak dira ohiturak.
Pepa: Eta asko zaintzen dituzte.
Arantxa: Ohitura aberatsak daude, bai.
Pepa: Bertsolaritzak ere izugarrizko balioa dauka.
Zein da zuentzat euskarazko hitzik politena edo dibertigarriena?
Arantxa: Ikasi nuen aurreneko euskarazko hitza hilerria izan zen. Bizilaguna hil zenean, hala esan zuen ikaskide batek: "Hilerrira joan da". Han herri bat eta jendea dagoela ematen du, eta horrek poza ematen dit.
Rosi: Basamortu hitza ere berezia da. Bestalde, asko atsegin ditut hitz konposatuak: Bihotza, adibidez.
Manuela: Harremanak. Oso atsegin dut hitz hori. Kuxkuxeroa hitzak ere badauka zerbait.
Arantxa: Zaunka-zaunka!
Rosi: Kar, kar. Onomatopeia arraroak ditu euskarak!