Duela bi urtetik bizi da Ander Edo (Donostia, 1990) Orion. Irakaslea eta ipuin kontalaria da, eta istorioak zabaltzen aritzen da Euskal Herriko hainbat txokotan, baita komunikabideetan ere; tartean, umeei eta gaztetxoei zuzendutako 3,2,1... Guka telebista saioan.
Haur Hezkuntzako irakaslea zara Donostian, baita ipuin kontalaria ere. Nolatan?
Gizarte integrazio eta irakasle ikasketak egin nituen, eta ikasketetako lehenengo praktikaldian kontakizun bat ikustea egokitu zitzaidan. Nik ere horretan aritu nahi nuela ohartu nintzen, eta Ixabel Millet kontalariarekin bi ikastaro egin nituen. Oinarrizko gauzak ikasi bezain laster hasi nintzen ipuinak kontatzen. 20 urte nituela nire auzoko jaietan, Loiolakoetan, bizi izan nuen lehen esperientzia, eta ordutik, saioak eskaintzen ari naiz. Azkenaldian, Naiz irratian eta Guka Telebistan kolaboratzen dut, eta urtean behin Musika Hamabostaldian ere egiten dut saio bat, hainbat musikarirekin batera. Hitzordu hori oso berezia eta goxoa izaten da.
Lekuaren eta publikoaren arabera moldatu egin beharko duzu kontakizuna, ezta?
Bai. Ikuskizuna prestatzerakoan, beraien artean lotura duten lau edo bost ipuin garatzen ditut. Emanaldiari ematen diozun formatuak bat etorri behar du lekuarekin, ez baita gauza bera kontakizuna kultur etxe bateko programazioaren barruan egitea edo eskola batekoa izatea. Emanaldi berera, gainera, 2 eta 11 urte bitarteko umeak etor daitezke, eta hori ere kontuan izan behar da. Izan ere, ume asko gurasoek nahi dutelako joaten dira, eta horrek ere eragin egiten du. Denentzako zerbait eskaintzen saiatzen naiz, baina kontakizunarekin hasieratik sortzen da konexioa edo ez da sortzen; hori da magia. Batzuetan, saioa ikaragarri prestatu izanagatik, ez duzu esperotakoa lortzen; beste batzuetan, inprobisatuz, izugarrizko saioa egin dezakezu.
Ikasgelan kontatzen al duzu ipuinik?
Askorik ez. Hasieran kontatuko nituela uste nuen, baina hango dinamika oso bestelakoa da, beste mila eginkizun izaten baitira. Eskolan gehiago erabiltzen ditut album ilustratuak eta.
Gukaren 3,2,1... saioan aurrez grabatutako ipuinak kontatzen dituzu, eta Naiz irratian ere kontatzen dituzu istorioak. Desberdina al da zuzenean aritzea edo aurrez grabatzea?
Bai. Telebistarako grabaketetan kamera bati begira aritzen zara, baina polita da, telebistaren bestaldean ere badagoelako publikoa. Azken grabaketan, esaterako, kameralaria, haren alaba eta kazetari bat izan nituen begira, eta guztiak istorioan erabat sartuta zeudela nabaritzen nuen; asko gustatu zitzaidan hori. Ipuinak helduek entzuteko ere kontatzen ditut, haiek ikas ditzaten eta haurrei konta diezazkieten. Izan ere, istorioa indartsua baldin bada, Euskal Herriko ipuin kontalari onenak ere ez du sekula edukiko nork bere seme-alabari ipuin bat kontatzeak duen adinako indarra.
Tradiziotik datozen kontaketetan oinarritzen zara. Moldaketarik egin duzu noizbait?
Asko gustatzen zait iturri tradizionaletara jotzea, baina uste dut moldaketak egitea beharrezkoa dela, bai ipuina zeure egiteko, bai bizi garen garaiagatik, ez baitira berak XVIII. mendean zeuden jakintzak edo oraingoak. Azkenean, gizartearen islada jaso izan da ipuinetan: misoginia, arrazakeria... Eta iruditzen zait aldatu egin behar direla horiek, baina oinarrizko hezurdura mantenduta.
Ba al duzu bitxikeriarik gogoan?
Lehen emanaldian gitarra eta guzti hasi nintzen asko prestatutako istorioa kontatzen, eta amaierara iristean, 5 urteko mutiko batek, zutitu eta nire atzera begira jarrita, zera esan zuen: "Buruhandiak!". Ikusle guztiak aztoratu egin ziren, eta hamar segundotan amaitu behar izan nuen ikuskizuna. Nire bataioa izan zen hura, eta jabetu nintzen ezinbestekoa dela kontakizunak egokitzea. Harrezkero, emanaldi politak eta ez hain politak bizi izan ditut.