Postontzia jarri dute herritarrek agintariei klima aldaketaren inguruko kezkak eta proposamenak helarazteko

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 8a

Herriko Plazan, udaletxeko hormaren kontra jarri duten postontzia. (Orioko Udala)

Postontzia Herriko Plazan egongo da hilaren 17ra arte, eta udalak herritarrak animatu ditu beren ekarpena egitera. Naturklima fundazioaren ekimenez jarri dute postontzia. 

Herriko Plazan postontzi berria dago erabilgarri egunotan: zehazki, herritarrek agintariei klima aldaketaren inguruko kezkak eta proposamenak helarazteko jarri dute udaletxeko atearen ondoan, Naturklima fundazioaren eskutik. Postontzia hurrengo asteko ostiralera arte egongo da erabilgarri, hilaren 17ra arte, eta udalak herritarrak animatu ditu beren ekarpena egitera. 

Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioa da, eta aurten, BateraLabs egitasmoa jarri du martxan, "lurraldeko eskualdeek elkarlanean, klima aldaketaren aurrean proposamen eta proiektu zehatzak diseinatzeko".

Izan ere, klima aldaketaren ondorioak gero eta nabariagoak dira lurraldean: bero-boladak, muturreko fenomeno meteorologikoak, uholde-arriskua, ekosistemetan sortzen diren kalteak… "Ondorio horiek, ordea, ez dira modu berean agertzen eskualde guztietan. Horregatik, BateraLabsek erantzun deszentralizatua proposatzen du, Gipuzkoako eskualde bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokituta, eta horretarako, herritarren ikuspegia jasotzea ezinbestekoa da".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide