Mundu guztitik bertaratzen dira zezenzaleak, urtero, sanferminetako entzierro bat bertatik bertara bizitzeko asmotan. Asko dira, era berean, entzierroan egunero irtetzen direnak ere. Jende ugari parrandatik etxeratzen ari den unean prestatzen dira horiek San Fermin jaietako entzierroak dituen 850 metroak egiteko. Hain zuzen ere, eskualdeko hainbat gaztek bizi dituzte sanferminak modu horretara. Oriotik, Zumaiatik edo Azpeititik joaten da hainbat lagun San Fermin jaietara, egunero, entzierroan ateratzeko asmoarekin. Horietako bat da Aratz Arregi (Orio, 1999). 18 urte bete zituenetik ez du entzierro bat bera ere galdu eta, adierazi duenez, "txiki-txikitatik" dauka entzierroekiko zaletasun hori.
"Amak esaten dit amonagatik daukadala zezenekiko zaletasuna. Lehen, zezenen inguruko telebista kate bat zegoen, eta orduak pasatzen nituen amonarekin batera hari begira". Horrela azaldu du Arregik zezenekiko bere zaletasunaren zergatia. Horrez gain, aitortu du bere Lizarrako (Nafarroa) familiak ere izan duela horretan zerikusia: "Lizarran familia daukat, eta han festetan bigantxak ateratzeko ohitura handia dago. Txikitatik gustatu izan zait haiek ikustea ere".
"Betidanik joan izan naiz amarekin entzierroak ikustera"
Sanferminetako entzierroetan ateratzen hasi aurretik, ordea, ondo prestatuta zegoen oriotarra. 8 urte zituela hasi zen Iruñeko entzierroak ikustera joaten. "Betidanik joan izan naiz amarekin entzierroak ikustera. 04:00etan jartzen ginen hesian, korrikalariak eta zezenak noiz pasatuko ziren zain. Umemoko bat nintzen orduan, baina izugarri gustatzen zitzaidan entzierroak ikustea", azaldu du. Horrez gain, 18 urterekin San Fermin jaietako bere lehen entzierroan irten aurretik, bigantxekin trebatu zen oriotarra: "Lizarrako jaietan bigantxak ateratzen dituzte, eta 14 edo 16 urte nituenetik atera izan naiz han. Hortik, sanferminetara egin nuen jauzia".
Iruñeko San Fermin jaiak beretzat zer diren galdetuta, argi mintzatu da Arregi: "Niretzat, munduko festa onenak dira sanferminak. Gainontzeko jaiek ez daukaten esentzia bat daukate Iruñeko jaiek. Zezenak ere, onenak izan ohi dira; sanferminetako entzierroetarako soilik prestatzen dituzte. Ederra da hori".
Astebete Iruñean
Eskualdean zezenekiko dagoen zaletasuna kontuan hartuta, ez da harritzekoa hainbat lagun ateratzea sanferminetako entzierroetan. Orioko, Zumaiako eta Azpeitiko hainbat lagunen kasua da hori, egunero parte hartzen baitute Iruñeko entzierroan. "Inguruko herrietako hainbat gazte joaten gara Iruñera; taldetxo bat eginda daukagu. Pare bat auto bete ohi ditugu", nabarmendu du Arregik.
Gaur egun, hala ere, Iruñean igarotzen du astea oriotarrak: "Pandemia baino lehenagoko sanferminetan joan-etorrian ibiltzen nintzen egunero, inguruko herrietako taldetxoarekin. Pandemiaz geroztik, ordea, han geratzen naiz lotan. Nire lehengusu bat Iruñean bizi da, eta haren etxean geratzen naiz astebetez".
"Entzierro bat amaitu orduko, beste bat hasi nahi izaten dut"
Ingurukoek "erotuta" dagoela eta "gehiago ez ateratzeko" esaten badiote ere, Arregik ez die kasurik egiten. "Entzierroetako adrenalina horrek motibatzen nau urtero parte hartzera. Nik, behintzat, ez dut beldurrik sentitzen, eta zirrara horrek gehiago eta gehiago eskatzen dit. Entzierro bat amaitu orduko, beste bat hasi nahi izaten dut", adierazi du.
Festak bizitzeko modu horrek, ordea, badu bere alde arriskutsua ere. "Bederatzi urte hauetan pare bat susto handi izan ditut", azaldu du oriotarrak. Joan den urtean, entzierroan bere atzean zihoan korrikalariak "bultza" egin zion, eta lurrera erori eta ukaldondoan "kolpe handi samar bat" hartu zuen. Bestetik, duela bi urte, bihurgune baten ondoren irrist egin eta lurrera erori zen Arregi. "Zezen talde osoa nire gainetik pasatu zen, eta azken zezenak izugarrizko kolpea eman zidan", azaldu du.
Jarraitzeko gogoz
Aurrera begira, sanferminetako entzierroetan "urte luzez" jarraitzeko asmoa duela baieztatu du oriotarrak. "Istripu larririk izaten ez badut, behintzat, jarraitzeko gogoz nago. Familia bat osatzen duzunean, zailagoa izaten da jarraitzea eta pixkanaka uzten joaten zara. Hala ere, gaur-gaurkoz, ez daukat uzteko asmorik", azaldu du.
"Hasiberria izanda, normalena ez disfrutatzea izango litzateke"
Bera bezala sanferminetako entzierroetan korrika egiten hasi nahi duen jendearentzako ere badu aholkurik Arregik: "Hasieran, sanferminetako entzierroetan parte hartu baino lehen, beste herrietako jaietako bigantxekin esperientzia hartzeko esango nieke". Eta esperientzia hartzeko, Debako (Gipuzkoa), Lizarrako, Faltzesko (Nafarroa), Tafallako (Nafarroa) edo Tuterako (Nafarroa) jaietako bigantxak gomendatu ditu Arregik. "Sanferminetan egon ohi den jendetzarekin, eta hasiberria izanda, normalena ez disfrutatzea izango litzateke. Beraz, Iruñeko entzierrora esperientzia gabe joateak ez du batere merezi", azpimarratu du.