Urrutira nabigatzen duten irtenbideak

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 3a

Jon Lasa, Branka enpresaren sortzailea, Ubegun industriaguneko lokalean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Ubegun industriagunean kokatuta, konpositeen bidez sortutako pieza arinetan eta haien ingeniaritzan espezializatutako enpresa da Branka. Jon Lasak 2015. urtean sortu zuen, eta geroztik, askotariko sorkuntzak atera dira hango tailerretik. Urruneko kontrola duten ontziak eta eguzki panelak dira orain eskuartean dituen proiektuetako batzuk. Brankan, sormena eta itsasoarekiko interesa uztartzen ditu Lasak. Maiatzeko Aia-Orio Guka aldizkariko Klik! ataleko erreportajea da honakoa.

Jon Lasak (Orio, 1984) txikitatik sentitu du itsasoarekiko lotura. Arrantzale herri batean jaioa eta hazia, itsasontzi handiak eta itsas jarduera eguneroko paisaiaren parte izan ditu beti.

Bere familia, aldiz, farmazia baten jabea da, belaunaldiz belaunaldi egindako ogibidearen transmisiori esker, eta tradizioekin jarraituz, Lasak ere ibilbide hori aukeratu zuen Batxilergoa amaitu ostean. Bi urte eta erdi igaro zituen Farmazia ikasten, ez zuelako bere nahiak asetzen zituen ikasketarik aurkitu etxetik gertu. Bere gurasoen lagun batek, ordea, Southamptonera, hego Ingalaterrako kostaldeko hirira, joatea gomendu zion, hango unibertsitateek itsasoarekin lotura handia zutelako. Hiri hartako eskaintza ezagutu ostean, Lasak Ingalaterran geratzea erabaki zuen, Southamptoneko Unibertsitatean Itsas Arkitektura ikasteko.

Izan ere, Lasari betidanik gustatu izan zaio gauzak sortzea eta sormena lantzea, baita arazoak konpontzea ere. "Behin Ingalaterran gustuko karrera aurkituta, lau urte igaro nituen bertan, 2005etik 2009ra, hain justu. Eta, egia esan, ez naiz ezertaz damutzen. Ez bakarrik han ikasi izanagatik, baita eta ingelesa menderatzeak ireki dizkidan ate guztiengatik ere. Iñigo anaiak ere Ingalaterran ikasi zuen".

Ironikoa badirudi ere, Madrilen Itsas Ingenieritza irakasten dute, baina karrera "oso tradizionala" dela iritzi dio Lasak. "Gehienbat, petroliontziak edota industriara zuzendutako egiturak egiten irakasten dute. Niri, aldiz, bestelako itsas arkitektura gustatzen zait, bela edota aisialdirako ontziekin zerikusia duena".

Errutinatik atera nahian

2009. urtean, Lasak ikasketak amaitu ostean, Espainia krisi egoera bete-betean murgilduta zegoen. "Nire zoritxarrerako, erori zen lehen merkatua laketontziena izan zen". Egoera horren aurrean, curriculumak bidaltzen hasi zen munduko txoko guztietara, besteak beste, Australiara eta Zeelanda Berrira. Hainbat saiakeraren ondoren, Zumaiako Balenciaga ontziolak ireki zizkion ateak oriotarrari. Lau urte igaro zituen enpresa hartan, eta asko ikasi bazuen ere, aukera gutxi izan zuen bere sormena garatzeko.

Ate berriak zabaltzen

Lasak jakin-mina duen pertsonatzat du bere burua, eta gauza berriak ikastea du gustuko. "Ontziolako lana oso monotonoa zen, eta ez ninduen betetzen. Nire egunerokoan, oro har, planoak eta diseinuak egiten nituen". Lau urtez Balenciagan lan egin ostean, bere konpainia sortzeko aukera izan zuen 2015ean. "Eusko Jaurlaritzak finantzatutako konpositeen proiektu batean parte hartu nuen, eta merkatuan hainbat industriatan aplikatzeko aukera ikusi nuen, erabiltzen ari ez ziren material eta teknikekin". Hala, Ubegungo lokal bat hartu, eta bertan sortu zuen Branka.

Zer da Branka?

Branka pieza arinen ingeniaritzan eta fabrikazioan espezializatutako enpresa da. Horretarako, konpositeak erabiltzen dituzte, hau da, heterogeneoki nahastutako material sintetikoak. Askotariko elementuak dituzten molekulaz osatuta daude horiek. Enpresak hiru negozio ildo ditu. Lehenengoa arintzea behar duten piezen ingeniaritza eta fabrikazioa da, itsasoa eta robotika bezalako sektoreetarako. "Neurrira egindako produktuak dira, ingeniaritza osagai ugarikoak, eta soluzio jakin bat dute, material horiekin bakarrik lor daitezkeenak".

Lankidetza

Bigarren ildoa Tecnalia ikerketa zentroarekin batera garatutako teknologia bat da, zehazki, zelula fotovoltaikoak konpositez kapsulatzen dituena. "Teknologia propioa duten eguzki panelak dira, finak, arinak eta integratuak izateko aukera ematen dutenak". Hain justu, Tecnaliarekin elkarlanean Izpitek enpresa sortu dute. Bizkaian dute lantegia, eta bertan, eguzki panelak kustomizatzen dituzte, ondoren fabriketan, itsasontzietan edota ibilgailuetan instalatzeko. "Brankan materialen inguruan dugun ezagutzari esker sortu da Izpitek".

Arazoen aurrean, konponbide konplexuak

Brankak ez du katalogo batekin funtzionatzen; paper zuritik hasten dira lanean. "Gure bezeroek, normalean, ez dute ezagutzarik konpositeen inguruan. Agian jakingo dute aluminioa manipulatzen, baina zerbait oso arina fabrikatu behar dutenean, litekeena da gai ez izatea euren metodoa erabilita. Kasu horietan, guregana etortzen dira, eta beraien arazoa azaltzen digute. Guk konponbide bat diseinatu behar izaten dugu, eta gero, gauzatu. Beraiek sortu beharreko piezaren xehetasunak azaltzen dizkigute, eta guk egia bihurtzen ditugu".

Ontzi robotizatuak

Hirugarren negozio ildoa tripulaziorik gabeko ontzien fabrikazioa da. "Itsasontziak betidanik gustatzen zaizkit, eta teknologia berriak txertatuz, ontzi konbentzionalek dituzten arazoak konpondu ditzakegu. Ontzi bat robotizatzen duzunean, hau da, tripulatzailea kentzen diozunean, askoz txikiagoa eta konpaktuagoa bilakatzen da. Dena den, bere lana oso ondo egiten du". Horren adibide da Azti ikerketa zentroarekin elkarlanean sortutako ontzia. Hain justu, ontziaren azpian dauden sentsoreen bidez, antxoaren biomasa neur daiteke, ondoren datu horiekin urteroko kuotak kalkulatzeko.

Etxetik egiteko modukoa

Aztik, itsasontzi handi baten laguntzarekin, antxoaren biomasaren neurketak egiten ditu urtero itsaso zabalean. Datu horiek Bruselara bidaltzen dituzte, eta han erabakitzen da antxoa harrapatzeko kuota zenbatekoa izango den. "Prozesu hori 60 metroko ontzi batekin egten dute, eta tripulazioak hilabete itsasoan igaro behar izaten du, ontziak ura kutsatzen duen bitartean. Guk, aldiz, Aztiren sentsoreak jartzen dizkiogu ontziari, eta lan berdin-berdina egin dezakegu. Jende hori guztia ontzian egon beharrean, bakoitza bere etxean gera daiteke, eta urrutitik kontrola ditzake ontziaren mugimenduak".

Inor ez bolantean

Nola kontrolatzen da, ordea, tripulatzailerik gabeko ontzi bat? Arazo hori konpontzeko, Brankak urrutiko eragiketa zentroa sortu du. Han, bederatzi pantaila dituen gelatxo bat dago, eta bertatik, itsasontzia kontrolatzen dute. "Ontzi arrunt batean dagoen instrumentazioaren antzekoa aurki daiteke han. Ontzian ezarritako kamera bakoitzak ikuspuntu ezberdin bat erakusten dio kontrol gelan dagoen arduradunari, ontzia itsaso zabalean barrena benetan gidatzen ari balitz bezala. Sondak, radarrak, kontrola, azeleragailua… berak erabakitzen du zer ikusi".

Osagarri bat

Norbaitek pentsa lezake ontzi bat robotizatzean tripulatzaileari postua kentzen zaiola, baina ez da guztiz egia. "Arrantza ezin da robotekin egin. Dena den, askotan, arrantzaleak itsasora ateratzen dira eta egunak edota hilabeteak igaro ditzakete zerbait harrapatu arte. Egoera hori ekiditeko, urrutiko kontrola duen ontzia erabil daiteke arraina non eta zenbat dagoen kalkulatzeko, eta ondoren arrantzaleek eremu horretara jo dezakete, ziurtasun handiagoarekin. Modu horretan, langileei bizi kalitatea bermatzen zaie. Izan ere, jendeak etxean egon nahi du bere familiarekin".

Jakin-minaren abantailak

Bertako enpresa batzuek konpositeen inguruan hainbeste ezagutza ez dutenez, Brankak hasieratik inbertitu du material ezberdinak aztertzen. Inbertsio horretatik, ezagutza batzuk barneratu dituzte, ondoren etxean geratu direnak. "Agian beste batzuek nahiago dute material edota prozesu tradizionalagoak aplikatu; guk guztiz aurkakoa bilatzen dugu. Ezagutza horrek ezberdintzen gaitu. Hasieratik izan gara oso kuriosoak eta jakin-min handia daukagu. Asmatu dugula ikusten dugunean, horri eusten saiatzen gara. 

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide