Aurten eguraldiak baldintzatuta ospatu dute San Joan bezpera Orion. Izan ere, Euskalmetek ezarritako alerta laranja dela-eta, udalak eta Harribil dantza taldeak ordubete atzeratu zuten atzoko hitzordua, ekitaldia "ahalik eta modu seguruenean" egiteko. Dena den, hainbat herritar batu zen 80 bat haur eta gaztetxok eskainitako emanaldiaz gozatzera eta suaren bueltan dantza egitera.
Gaueko 22:30 aldera, dantzariak Bikamiotatik atera eta kalejiran ibili ziren Arrantzale kalean barrena. Ondoren, Herriko Plazara lekualdatu zen emanaldia, eta minutuak pasa ahala, bizilagunak beren etxeetatik ateratzen hasi ziren, gaueko giro jada freskoagoaz gozatzera. Dantza batetik bestera, hidratazio etenaldiak egin zituzten beroari aurre egiteko. Plazatik, txarangak lagunduta, kalejira egin zuten Ikastolako plazoletaraino, eta behin han, suaren inguruan dantzatu zuten gauerdira arte.
(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta)