Ekainaren 20an Munduko Errefuxiatuen Eguna ospatzen dute nazioartean, eta aurten, lehenengo aldiz, beren sorterria bortxaz uztera behartu dituzten herritarrak gogoan izateko eta babesteko ekitaldi sorta antolatu dute Orion. Festa eta aldarrikapena uztartu zituzten larunbateko ekitaldi nagusian, baina aurretik, ostegun arratsaldean, errefuxiatuen testigantzak zuzenean aditzeko aukera izan zuten oriotarrek. Orion bizi diren Saharako, Palestinako, Ukrainako eta Nikaraguako herritar banak hartu zuten hitza Salatxo aretoan antolatutako mahai inguruan.
Nikaraguako iraultzaren urteetan, 1980ko hamarkadan, hazi zela esanez hartu zuen hitza lehen aldiz Francisco Arteagak. Iraultzarekin konprometituta zegoen gaztetan, eta konbentzimendu osoz, sandinisten lorpenak defendatzeko sartu zen soldadu. "Zorionez, gerratik osorik itzultzea lortu nuen", gogoratu zuen. 1990etik aurrera, Nikaraguako politika norabidez aldatu zen eta eskuindarrek hiru legegintzaldi kateatu zituzten gobernuan, harik eta 2006an sandinistak boterera itzuli ziren arte, Daniel Ortegaren eskutik. Alta, Arteagak ez zion gaztetan defendatu zuen iraultzaren antzik hartzen gobernu hari. Murrizketak egin zituela nabarmendu zuen Salatxon, pentsiodunen baldintzak okertu zituela, adierazpen askatasunaren kontra egin zuela…
"Ideia iraultzaileak nituen arren, gobernu haren kontra protesta egin behar nuela sentitu nuen", esplikatu zuen nikaraguarrak. Sare sozialen bitartez bere iritzia zabaltzen hasi zen, eta berdin jarraitu zuen gobernuak askatasun digitala murrizteko legea martxan jarri zuenean ere. "Gobernuak inteligentzia militarraren bitartez jazarri ninduen, eta orain dela hiru urte, poliziak bahitu, eta Managuako Modelo espetxera eraman ninduten", kontatu zuen. 2024ko ekainaren 23an askatu zuten, baldintza berdinetan zeuden beste 134 pertsonarekin batera, baina Nikaraguako herritartasuna kendu zioten. "Hona etortzea beste aukerarik ez nuen izan", esan zuen Arteagak. Urtebete darama Orion, eta eskertuta agertu zen herritarrek egindako harrerarekin. Hala ere, Nikaraguara itzuli ahal izatea da bere desirarik handiena, aitortu zuenez.
Maryna Melnytxenkok aspalditik ezagutzen du Orio, umea zela egon baitzen Chernobil Elkartean parte hartzen zuen familia baten etxean. Zorigaitzak ezagun egin zuen Txernobyldik gertu dago bere herria, eta gerra hasi zen egun berean egin zuen alde etxetik. "Seme-alabek jolas bana hartu zuten, eta nik arropa pixka bat", gogoratu zuen. Bi astez ibili ziren Ukrainan alde batetik bestera, gerrak zenbat iraungo zuen jakin gabe. "Ez nekien zer egin, ez nekien nora joan", esan zuen Salatxon ukrainarrak. Beraz, Chernobil Elkarteak Oriora itzultzea proposatu zionean, ez zuen zalantzarik egin: duela lau urte, familia osoarekin etorri zen haurra zela ezagutu zuen kostaldeko herrira. "Haurrak integratuta daude, eta erabaki dugu hemen hazi behar direla, gerra amaitzen den arte, bederen, han beldurrez bizitzea baino hobea delakoan", adierazi zuen.
Thamer Barawi: "Inoiz ez dute garaituko zuzena den hori. Injustizia inoiz ez da izango gizateriaren bandera"
Labur baina zuzen hitz egin zuen Salek Mohamed sahararrak. Errefuxiatu kanpamentuan jaio zen, 1984an, eta urtebetera hil zuten bere aita, gerran. Kazetaritza ikasi zuen Aljerian, misio argi batekin: "Saharan gertatzen dena kontatzea". Eta misio horri eusten dio, nekaezin, bere herria utziz geroztik ere. "Horretarako etorri nintzen hona, Saharak askatasuna behar duela azaltzera". Zortzi urte daramatza Orion; ez da horrenbeste denbora, esan zuenez, kontuan izanda mende erdia igaro dela Marokok Saharari askatasuna ebatsi zionetik. "50 urte! Erraza da esaten, baina zaila bizitzen", agertu zuen Mohamedek.
Thamer Birawik 18 urte zituela uzi zuen Palestina, "aspaldi-aspaldi", baina sustraiak han dituela ez du sekula ahaztu. "Zazpi urte nituenean, Palestinako lurraldearen okupazio erabatekoaren bigarren saiakera bizi izan nuen. Ikasi nuen zer esan nahi duen auto armatu bat zure auzoan sartzeak, normalean baloiarekin jolasten zenuen espazio hori okupatzeak. Etxeratze agindua, etengabeko sirenak", oroitu zuen. Birawik nabarmendu zuenez, txikitatik ezagutu zituen Israelgo estatu sionistaren egiteko modu ankerrak. Bere esentzia "ezabatzen" saiatu zirela esan zuen, palestinar guztiena, baina azpimarratu zuen ez zutela lortu herriaren borroka itzaltzea. "Inoiz ez dute garaituko zuzena den hori. Injustizia inoiz ez da izango gizateriaren bandera", aldarrikatu zuen.
Palestinaren kontrako sarraskia ez da berria, eta, ondorioz, historian zehar hainbat errefuxiatu olde bizi izan dituzte han, Birawik gogoratu zuenez. "Eskerrak denok ikusi dugula 2023az geroztik Gazan gertatu dena, baina ez dugu interpretatu behar nobedade gisa; guretzat ez da nobedadea, agian Europako iritzi publikoarentzat bai. Baina parerik gabeko kolonizazio historia baten zauri irekia da gaurko Palestina", esan zuen. Horregatik, eta etorkizunean errefuxiaturik egon ez dadin, "memoria" aldarrikatu zuen Orion bizi den palestinarrak.
Euskal Herri emigrantea
Orion bizi diren lau errefuxiatuen testigantzak ez ziren izan Salatxo aretoan entzun ziren bakarrak. Euskal Herriaz hitz egin zuen Iñaki Iturainek, herrialde honek ere emigrazio historia luzea baitauka. Memoria ariketa bat egin zuen, Birawik aldarrikatu modura, Iturainek. Gogoratu zuen Euskal Herrian hainbat emigrazio aldi izan direla: adibidez, XIX. mendearen bukaeran, Euskal Herriko gizonak soldaduska egitera derrigortu zituztenean; edo 1936ko gerraren testuinguruan, ageriko arrazoiengatik.
XIX. mendearen amaieran, euskaldunak "barra-barra" atera ziren Bordeletik (Okzitania), Baionatik edo Bilbotik, barkutan, Hego Amerikara joateko. "Euskaldun gehien Argentinak hartu zituen, han dago euskal diaspora antolatuena: hiru milioi argentinarrek dute euskal abizena, Euskal Herrian baino dezente gehiagok. 178 euskal etxe daude Argentinan", azaldu zuen oriotarrak. "Horrek erakusten du herria utzita ere, jendeak nahi duela bere herriaren kultura eta oroimena gorde. Aplikatu dezagun hori hona datozen herritarrekin: ulertzekoa da haien janzkera mantendu nahi izatea, haien hizkuntza erabiltzea", aldarrikatu zuen.