Palotan etxeak eta moilan bapore gutxi. Hori da gaurko umeek ezagutzen duten Orio. Haien gurasoen eta aiton-amonen memorian, ordea, sareak eta saregileak daude gaur etxeak dauden lur eremu zabalean, eta dozena bat itsasontzi, gutxienez, errioan. Kosterek markatutako herri bat, festen atarian arrantza tresnak mugimenduan. Oroitzapen bizi-biziak dira, atzera hamarkada gutxi batzuk baino egitea eskatzen ez dutenak. Belaunaldi bakarrean egon den aldaketa hori memoria kolektibotik erauzi eta gal ez dadin, ikerketa lanetan ari dira Jon Agirresarobe Torrotxo eta Pedro Migel Uranga, buru-belarri, Orioko San Nikolas Kofradiaren eta herritar askoren laguntzarekin. Helburua argia da: Orioko XX. mendeko arrantza ezagutzaren transmisioa bermatzea. "Selma Huxleyk bere garaian, eta gero Jexux Mari Peronak, Albaolak, Donostiako Ontzi Museoak, Orioko Udalak Errio dokumentalarekin besteak beste... bide bat egin dute gure itsas ondarea jaso eta transmititzeko, eta guk horren etapa berrienari heldu nahi diogu, azken mendeari; alegia, guk gure begiz ikusi dugun Orio, usaindu dugun Orio, moilan 28 bapore edukitzen zituen Orio, gorde nahi dugu", kontatu du Agirresarobek. "Zailtasunak zailtasun, herri arrantzalea izan da hau orain gutxira arte, eta ikerketa honekin nahi duguna da horren kontzientzia hartzea. Hurrengo belaunaldiei transmititu nahi diegu XX. mendean ere Orio herri arrantzalea izan dela".

Bi urte daramatzate ikertzen, borondatez, denbora librean, gustura. "Afizioz", azpimarratu nahi dute, euskara eta hezkuntza teknikaria baita Agirresarobe, eta patroi erretiratua Uranga. Orain arte bildutako informazioaren zati bat ordenagailuetan dute, baina beste bat begi bistan, kofradiaren bulegoetako batean jarri duten "ikerketa zentroan". Horma bat oso-osorik betetzen dute herriko armadoreen familiek eta haiek belaunaldiz belaunaldi edukitako baporeek, goitik behera modu bertikalean antolatuta argazki bidez. Beste horma, zabalena, hamarkadaz hamarkada zatitu dute: argazkiak, dokumentuak eta post-it-ak jarri dituzte. Mahai gainetan, berriz, argazki mordoa dago. Paretaren bazter batean, azkenik, oso bestelako elementua: ukitzearekin bat desegiten hasten den bandera granatea. 1890eko hamarkadakoa da, garai hartako kofradiarena, eta lehenbailehen zaharberritzera eramateko asmoa dute. "Bandera horretan San Pedroren giltzak ageri dira. Izen hori zuen hasieran kofradiak. Gerora, ordea, 1903. urtean, San Nikolas izena hartu zuen", azaldu dute.
Zailtasun handiena indargune ere bai
Datu piloa dute esku artean, baina zehaztasunen gainetik, ideia edo tesi nagusia dago: Orioko barra zailtasun handia eta etengabekoa izan da XX. mende osoan zehar ere arrantzaleentzat; heriotzak eragin ditu, baina eguneroko lana ere asko oztopatu du, askotan atera ezinik edo etxera ezin itzulita gelditzen zirelako baporeak. "Eta, hala ere, herriak itsasorako bokazio handia eduki du, Orio herri arrantzalea izan da gaur arte eta arrantzak markatu du herria", esan dute, argi, biek. Zailtasun horrek, gainera, bere alde ona izan duela irizten dio Agirresarobek. "Barraren zailtasunek Orioko arrantzaleei eman diete izaera berezia. Behin barrako zailtasuna pasata, arrantzarako beldurrik ez dute izan. Bapore onak eta ondo zainduak edukitzeko asko inbertitu duten armadoreak eduki ditugu, urruti joateko prest zeuden arrantzaleak, lanari beldurrik izan ez dietenak, eta batik bat, egoerara moldatu diren familiak".

Beste ideia nagusi bat ere atera dute orain arte egindako bidean: herriaren gorabeherak arrantzaren gorabeherak izan direla. Alegia, arrantza sistema oso bat dela. "Baporeen eta armadoreen azterketa bakarrik egitea oso motza zela konturatu ginen: ez zirela itsasontziak eta arrantzaleak bakarrik, baizik arrantza sistema oso bat zela eta familiak zeudela, eta baita beste ofizio batzuk ere, izan ordainduak edo ordaingabeak, eta bizitza ulertzeko modu oso bat zegoela, eragina zuena familien antolaketan, herriaren antolaketan, herriaren eboluzioan, herriko festetan eta abar". Sistema horretan emakumeen figura nabarmendu dute; "aktetan, argazkietan ... gizonak ateratzen dira erabat, baina hau jarduera kolektiboa izan da".
Bospasei artxibategi eta 80 herritar
Ikerketa egiteko iturri askotara jo dutela kontatu dute, eta ate horiek irekitzen kofradia ari zaiela laguntzen etengabe. Herriko kofradiako agiriez gain, Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioaren aktak arakatu dituzte; Orioko Udalarekin harremanak izan dituzte; Gipuzkoako artxibo historikoan izan dira Oñatin; Tolosan, artxibo administratiboan; EAEko artxibo historikoan, Gasteizen; marinako komandantziarekin Pasaian... Liburu eta artxibategi askotako ateak zeharkatu dituzte, baita kronika asko irakurri ere, baina horren aurretik, datu baserik hauskorrenera jo zuten: adineko oriotarrengana. 80tik gora gizon-emakume elkarrizketatu dituzte bi urte hauetan. Eta elkarrizketak egiten jarraituko dutela diote.
Izan ere, informazio guztia ez dago artxiboetan edo garaiko egunkarietan. Herritarren memorietan eta horien etxeetan ere badago. Adibidez, badakite mende hasieran arrantzaleen artean zatiketa egon zela eta bigarren kofradia bat sortu zutela herrian. Baina Nueva Asociación de Pescadores de Orio delakoaren dokumentazioa falta zaie. "Herritarrei dei egiten diegu horri lotutako paperik edo libururik balute etxean, guri ekartzeko". Arrantzari lotutako bestelako elementuak ere gustura hartuko lituzkete.

Bi ikerlariek azpimarratu dute herritarrek eman duten informazioaren garrantzia, "artxiboetako hutsunearen aurrean", eta Urangak aitortu du harrituta dagoela. "Uste genuen 1940ra arte nahikoa kostatuko zitzaigula baforeen datuak lortzea, baina batetik eta bestetik tiraka, ikusi dugu ailegatu gaitezkeela mende hasieraraino. Lana dago, baina badago iristea".
Balea eta Kontxa baino askoz gehiago
Bi hito handik markatu zuten XX. mende hasiera Orion, 1901eko maiatzean Kantauriko azken balea ehizatu zutelako batetik, eta irail hartan Kontxako aurreneko bandera irabazi zutelako, bestetik. Baina Agirresarobek eta Urangak argi dute mende hasiera hori baino askoz gehiago izan zela, "arrantzak indartualdi bat hartu zuen garaia" izan baitzen. "Aurreko mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran jartzen dira XX. mendea izango zenaren oinarri oso indartsuak", azaldu du Agirresarobek. "Batetik, aldaketa politiko batzuk gertatzen dira, karlismoak galtzen du gerra, 1876an foruak abolitzen dituzte eta komandantzien bitartez eta, integrismoa edo zentralismoa dago, eta horrek markatuko ditu hortik aurrera joko arauak. Gerrak amaitzen dira eta testuinguru berria jartzen du horrek". Bigarrena, "nabarmena, iraultza teknologikoa" da. "Oriora 1885. urtean iristen da trena. Eta garai hartakoak dira Mutiozabalen eta Arin &Enbilen ebanisteria, eta haiek bazuten jada hogei zaldiko lurrun makina bat. Saikolan ere yute fabrika bat dago, Arbillaga & cia". Hirugarren faktorea merkatuarena dela azaldu dute, "merkatuaren kontzeptua zabaldu egiten delako".
Horrek guztiak eragina izango du herriko arrantzaren egoeran. Esaterako, testuinguru horretan sortuko dira aurreneko eskabetxeriak, eta baporea, hau da, lurrun makinak, Oriora 1906 inguruan iritsi ondoren, 1913-1914an herrian hamahiru lurrunontzitaraino egongo dira, eta beste 60 belaontzi, batzuk txikiagoak, beste batzuk handiagoak... denak arrantzan.
Hitzaldia prest
Kantauriko azken balea ehizatu zuten garaia oriotarrentzat "oso ezezaguna" dela uste dute, eta laster horretaz ariko dira jendaurrean, Sardinatan edo antxoatan ari ziren hitzaldia eskainiko baitute bi ikerlariek maiatzaren 12an, 19:00etan zimitorioan. "Balea agertu zen garaiko Orio zer zen esplikatu nahian ariko gara, orduko arrantzaz hitz eginda". 1900etik 1910era arteko hamarkadak izango dituzte hizpide. Barraz, aurrerapen teknologikoez, aurreneko eskabetxeriez, mallerez, kofradiaz... gauza askotaz ariko dira.
Bi kofradia izan zituen herriak hamarkada batzuez, eta horri buruzko datuak bildu nahi dituzte
Barrak arrantzaleei eragiten zien buruhaustea, esaterako, presente dago garai hartan ere. 1903an, orduko alkateak idatziz laguntza eskatu omen zuen barra berritzeko, eta idatzian hainbat datu eman zituen: batetik, itsasorako irteera horrek zenbat zailtasun eragiten zizkien arrantzaleei; baina, bestetik, kontatzen du hogei urte lehenagora arte herrian dozena bat lagun aritzen zirela arrantzan, baina urte horretan, alegia 1903an, arrantzak aberastasun handiak uzten zituela, 100 arrantzale zeudela herrian, eta beste herrietatik ere etortzen zirela, sardina eta antxoa ugari zegoelako Oria ibaia itsasoratzen zen gunean.
Hala, hitzaldian kontatuko dute nola arraina aurrena herrian bertan saltzen eduki behar izaten zen hiru orduz, beste herrietara zabaldu aurretik. "Inportantea zen arrain saltzaileen figura, eta ondo ikertu beharreko eremua da hori, nahi baino dokumentu gutxiago ditugulako garai batean emakumeek arrain saltzen egiten zuten lan zail, gogor eta arriskutsuaz. Errio dokumentalean Jexux Mari Peronak botatzen du horren inguruan zerbait, eta uste dut badela etorkizunean landu beharrekoa. Iturriak behar dira horretarako, ordea". Arrantza teknikez ere arituko dira. "Arrantza guztia traineruetan eta ontzi txikietan, bateletan, egiten zen, lehen lurrin makinak agertu ziren arte. Orduko arrantza teknikak esplikatuko ditugu, baita orduko herri antolaketa ere", azaldu du Urangak. Arrantzaleen bizi baldintza gogorrak ere aipatu ditu patroi ohiak: "Oso baldintza gogorretan aritzen ziren lanean, eta oinutsik. 1900. urtean, 40 urte harrapatzen zituen arrantzalea zizko eginda izaten zen, jubilatzeko. Lehorrean gelditzen zen, zerbaitetan lagunduz, aparejoak egiten eta, zentimo batzuen truke".
80tik gora gizon-emakume elkarrizketatu dituzte eta bospasei artxibategitan izan dira datu eta informazio bila
Kofradiaz ere hitz egingo dute solasaldian. Hamarkada horietan zer gai lantzen ziren azalduko dute: "Zati handi-handi bat hartzen du barran gertatzen diren ezbeharren aurrean kofradiak nola lagundu behar zuenaren gaiak; eztabaida handiak zeuden. Beste buruhausteetako bat zen kofradiak diru sarrerak behar zituela gremioaren alde egiteko, eta arautegia nola zehaztu: saltzen zuten arraineko zein ehuneko ordaindu behar zioten Kofradiari, arrain batzuei gehitu egiten zioten ehunekoa, bada ez bada baleari ere bai, kanpoan saltzen zena edo herrian saltzen zena desberdin ordaintzen zen...". Herriko benta ere antolatu egin behar izaten zutela azaldu dute. "Kofradiaren aurrean egiten zen, moilan, eta bazituzten eztabaidak erabili beharreko neurriez, ez zutelako pisurik, eta neurriekin ibiltzen zirelako. Arrain saltzen ibiltzen ziren emakumeekin ere gorabeherak zituzten. Horiek otarretan arrainak hartu eta Usurbilera, Tolosara, Donostiara, Aiara... joaten ziren, eta dokumentuetan badaude izen propio guxi batzuk: uxanatarrak, Salvadora, Joxepa.. aipatzen dira".
Kofradiaz ezusteko informazioarekin ere egin dute topo ikerlariek: "Orion XX. mendearen bigarren hamarkadan, eta ia bi hamarkadaz, bi kofradia egongo dira: San Nikolas bat, eta Nueva Asociacion de Pescadores, bestea. Hori dakigu, aurrena herriko emakume batek esanda, eta gero, paperetan ikusi dugulako kofradien federaziora Oriotik bi elkarteetako ordezkariak joaten zirela". Orain, ikertu nahian dabiltza zerk sortu zuen haserre hori. Badituzte teoria batzuk. "Gerra aurretik batasunerako mezua emango da eta lortuko da herrian berriz ere kofradia bakarra edukitzea, baina mendearen lehenbiziko laurdenean, beren artean haserre egon ziren arrantzaleak".
Mallerak ere izango dituzte hizpide hitzaldian. Saregileen aurrekoak dira horiek. "Arraina sarean itsasita etortzen zenean, arrain hori askatzen zutenak ziren mallerak. Ez dugu lortu saregileei adina informazio ofizio horri buruz. Gerora zabalduko da Orion ezagutu dugun eskabetxeriko ofizioa; emakumeek garrantzia handia edukiko dute, baita umeek ere antxoa kosteran, arrainaren industrializazioan". Kontatuko dute garai hartan ez zegoela gaur bezalako sare handirik, "beste irudi batzuk dira, sareak etxeetan zintzilik egoten zirenekoak. Gero sareak handitzen joan ziren, eta ezagutu dugu saregile multzo handi bat herrian, eta zortea izan dugu horietako asko bizirik harrapatzeko. Baina hitzaldian ez gara horiez ariko, mende hasierako sareak sorbaldan eramaten zituztelako lau pertsonek. Sareak zimitorioan, etxeetan zintzilik... jartzen zituzten", esan dute.
Herriko barrak Orioko arrantzale eta armadoreei izaera berezia eman diela uste dute
Urangak eta Agirresarobek azaldu dute herriko lehen eskabetxeriak ere garai hartakoak direla: "Uste genuen italiarrek muntatu zituztela aurrenekoak, Daniel Esnal getariarrak ere muntatu zuen gerra aurretik beste bat, baina akta notarialetan aurkitu dugu lokal erosketa bat, Garavillatarrek egindakoa, Orion kontserba lokal bat irekitzeko, 1904an". Arrainaren industriak etxeetara soldata gehigarriak ekarri zituela azpimarratu dute. "Arrantzan, arrantzatutakoaren araberako diru sarrerak izaten dira, baina eskabetxeriek, emakumeen lanarekin eta antxoa garaian umeen lanarekin, bigarren soldata eraman zuten etxeetara. Gauza bat da emakumea tostartean sartu ez izana, baina emakumeak arrantza sistema horretan ardura oso inportanteak eduki ditu, gaizki ordainduak edo ordaindu gabeak". Horri lotuta, nabarmendu dute emakumeek "sistema propioa erabili" dutela "bai saregileen beren artean antolatzeko, bai etxeak kudeatzeko, nahiz umeen edo gurasoen zaintza antolatzeko". Agirresarobek garrantzia eman dio horri: "Gaur egun esaten dugunean zaintza lehen lerrora ekarri behar dugula, hori etortzen zait etengabe burura: lehengo zaintza-sareetan, arrantzale kontextuan behintzat, emakumeak aurkituko zion soluzioa haurren eta edadetuen zaintzari. Askotan, emakume bakarrak familia askotako umeak zainduko zituen, beste emakumeak sarera edo eskabitxerira joan zitezen".
Amaiera, ortzi muga bezala
Agirresaroberentzat "gozamena" da beren denbora librean, "presarik eta amaiera datarik gabe jardun ahal izatea" ikertzen. "Patxadaz eta jendea zainduz egin beharreko lana da, komunitate txikia baita arrantzaleena". Uranga ere gogotsu dabil bere ofizioaren aztarnei segika. "Eduki dugun barrarekin arrantzak Orion horrenbeste iraun izana ikaragarria iruditzen zait", kontatu du, miresmenez.
Oraindik irakurtzeko eta ikertzeko fasean daudela aitortu dute, beraz, ikusteko dago zer emaitza izango duen honek guztiak eta zer forma hartuko duen. Baina ez dute baztertu tarteka Balearen Egunaren harira emango duten hitzaldia bezalako beste zerbait egitea. "Jendeari gaia ikaragarri interesatzen zaiola konturatu gara; usaitu egin dutelako, bizi egin dutelako umetan".
Jaso ditzatela Orioko hurrengo belaunaldiek ere usain horien zipristin freskoak.
Orioko kofradia, ahultasunean indartsu

1520koak dira Orioko kofradiari buruzko aurreneko aipamen idatziak, eta gutxienez bi izen eduki ditu, 1888ko erregistrora arte San Pedro deitzen baitiote, eta 1903tik aurrera, San Nikolas. Azken urte horretatik honako urteko batzar guztiak akta liburuetan jasota daude, eta iaz, digitalizatu egin zituzten. Hori izan zen arrantzari buruz abiatu duten ikerketa honen abiapuntuetako bat. "Ikusten genuen dena galtzera doala, kofradia ahultzen ari dela, arrantzaleak eta baporeak gutxitzen ari direlako, eta ez genuen nahi herriko arrantzaren historia hori gal zedin", azaldu dute Jon Mujika Orioko kofradiako presidenteak eta Pedro Migel Uranga kofradiako juntako kideak. Hala, duela bi urte, batzar orokor batean, arrantzale zaharrei galdetu zieten ea zer iruditzen zitzaien ikerketa lan bat egitea informazioa eta jakintza biltzeko eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko. "Baiezkoa jaso genuen, eta horrela hasi zen guztia".
Gaur egungo ahuldadea gorabehera, kofradiak garrantzia handia eduki du Orioren historian. "Arrantzaleek ausardia eta gogo handia erakutsi izan dute, esaterako, kofradian eskolak martxan jarri nahi izan zituzten, baita etxe sozialak egin ere", kontatu dute. "Gaur egun alokairu sozialtzat duguna eskaintzen zuen kofradiak, baita dirulaguntzak ere". Kontu alaiagoetan ere parte hartzen zuen, festen antolaketan eta. Aurreneko kofradia Herriko Plazan egon zen, eta 1925ean eraiki zuten berria, moilan. "Arrantzaleek beraiek bultzatu zuten moila hobetzea. Moila luzatu egin zuten kofradia berria egiteko, eta horren atzeko espazio guztian etxeak eta zerbitzuak gehitzen joan ziren. Erriberaren eboluzioa ere eraikin horri lotuta dago".
Gazteen eskuetan
Kofradiako langileek lan administratiboa egiten dute anbulatorioaren eraikinean duten bulegoan. "Kofradia administratiboa da Oriokoa; arrain salmentarik ez dugu, baina lan burokratiko izugarria daukagu, bapore gutxi egon arren". Urrun dago, izan ere, 1960-1970eko hamarkadetako moilako estanpa, errioan 28 baporeraino konta zitezkeenekoa. "Hori izan zen Orioko arrantzaren puntu gorena, kopuruz, bederen. Gaur egun, hiru itsasontzi gelditzen dira". Laino ilunak ikusten ditu zerumugan Mujikak. "Etorkizun txarra ikusten diogu arrantzari Orion, gazte jendea ez delako itsasora joaten. Sektore guztietan ari da gertatzen gauza bera; ogibidea badago, baina gazteek beste lan mota batzuek dituzte nahiago, eta onartu egin behar da". Kontuak kontu, epe labur-ertainean eraikin berria izango du kofradiak moilan, eraitsi zutenaren toki berean. Hori bai, azaldu dute "udalarena gehiago" izango dela arrantzaleena baino. "%75 udalarena izango da, eta %25, kofradiarena. Bulegoa jarriko dugu hor, baita arrantza munduarekin zerikusia izango duen gune bat ere", azaldu dute.
Agian, nork daki, berriz itsasora bueltatu beharko dute oriotarrek etorkizunean, baina bitartean, kofradiakoek argi dute: "Saiatu behar dugu jakintzaren transmisio galera hori ahalik txikiena izan dadin".