Bihar, hilak 3, zabalduko dute Karela kiroldegiko udako jardueretan izena emateko epea, eta herritarrek ekainaren 14ra arte izango dute horretarako aukera. Uztailean egingo dira jarduerak, bi txandatan banatuta, eta taldea osatu ahal izateko gutxieneko izen emate kopurua bete beharko da. Hemen kontsultatu daiteke udako eskaintza.
Haurrentzako jardueren izen ematea apirilean zabaldu zen, udalak eta herriko eragileek udako kirol eta aisialdi eskaintza bateratua aurkeztu zutenean. Hala ere, plaza libreak dituzten ikastaroetan izena emateko aukera zabalik dago oraindik: besteak beste, igeriketa, padela eta Uda Sasoian ikastaroetan parte hartu daiteke, taulan zehaztutako egun eta orduetan.
Helduentzako eskaintzan, berriz, sei jarduera izango dira aukeran: Total Training, Pilates, Aerobik, Cycling, Padel eta Total Body, zehazki. Jarduerak goizeko nahiz arratsaldeko ordutegietan eskainiko dituzte, eta uztailaren lehen edo bigarren hamabostaldian eman daiteke izena. Helduentzako ikastaroen prezioa 27 eurokoa izango da kiroldegiko abonatuentzat, eta 49 eurokoa, abonatuak ez direnentzat. Izena emateko, interesdunek Karela kiroldegiko harrerara jo dezakete, baita 843-60 00 05 zenbakira deitu edota karela.harrera@equiponeo.com helbidera idatzi ere.