Iazko martxotik ekainera arte, Jakinmin praktika filosofikoen elkartea filosofia saioak eskaintzen aritu zen Orioko LH-5, LH-6 eta DBH-1 mailetako ikasleei, Txurrumuski aisialdi taldearekin elkarlanean. Saio horiek gidatzearen ardura izan zuen, hain justu, Gurutze Ostolaza (Zarautz, 1984) Jakinmin elkarteko kideak. Soziologian lizentziatua eta Bigarren Hezkuntzako Filosofia irakaslea da Ostolaza.
Filosofia irakaslea zara Zarauzko Oteitza lizeo politeknikoan. Ikasgelatik kanpo, ordea, filosofiako saioak eskaintzen ibili zara Orion.
Nire jardunean konturatu nintzen, ikasgelan filosofatzen genuenean eta elkarrizketa sortzen zenean, ez nituela nahiko tresna eskura, eta egoera asko eztabaida bihurtzen zirela. Nabaritzen nuen ikasgelan nire mugak nituela, eta beste forma bat eman nahi nion egoera horri. Ikasi prestakuntza zentroak antolatutako udako ikastaro batean apuntatu nintzen, Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa izenekoan. Askotan erraza da, heldu bezala, gure iritzia botatzea, eta hori zen, azken finean, filosofatzeko aukera bikaina izan zitekeena akabatzea. Beraz, ikastarora apuntatzea ondo etorriko zitzaidala pentsatu nuen. Filosofia, azkenean, praktika bat da. Ez du misterio handirik, baina bai artea. Egitura bat du, eta horri helduta, nolabait lortu nuen ikasgelan nahi nuena: elkarrizketa mamitsuagoak izatea, irteerarik gabeko kalezuloak ekiditea eta ikasleek gustura hartuko zuten saioa eskaintzea.
Bigarren Hezkuntzako irakaslea ez ezik, Jakinmin elkarteko kidea ere bazara. Zer da Jakinmin eta zein dira elkartearen helburuak?
Jakinmin 2018. urtean sortu zuten hezkuntza mundura bideratutako praktika filosofikoen elkarte gisa, eta hasieratik Haur Filosofia izan du ildo nagusitzat. Hego Euskal Herri osoan banatuta gaude bertako kideok, eta nahiko modu autonomoan funtzionatzen dugun arren, metodologia partekatu bat dugu. Haur Filosofia formakuntzak antolatzea dugu helburu, hezkuntza proposamen horren ezagutza zabaltzeko asmoarekin.
Nola definituko zenuke Haur Filosofia?
1960ko hamarkadan, Matthew Lipman eta Ann Margaret Sharp filosofo estatubatuarrek sortu zuten termino hori. Pretentsiorik gabeko kontzeptua da eta, aldi berean, oso aberatsa. Abiapuntua da,guztiok dugula filosofo bat gure barruan, hau da, denok daukagula filosofatzeko gaitasuna. Beraiek Haur Filosofia deitzen dioten arren, ez da soilik haurrei bideratutako metodologia bat. Filosofia akademikoan trebatu gabeko jende guztiak filosofatu dezakeela da abiapuntua.
"Haur Filosofiak proposatzen du denok daukagula barne filosofo bat, hau da, denok daukagula filosofatzeko gaitasuna"
Haurrek filosofia lantzea behar al dute?
Orion filosofia saioak haurrei eskaintzeko ideia nik proposatu nuen. Baina elkarte mailan, eskaera asko jasotzen ditugu horrelako tailerrak emateko. Gizartean, gaur egun, denetarik landu nahi dugu, eta badago pentsamenduari bere lekua emateko nahia ere. Horrelako kasuetan, udal, ikastetxe, liburutegi edota elkarte batzuk eskatu izan digute haurrei bideratutako filosofia tailerrak emateko. Egia da, kirolak mugitzen duen jendea kontuan izanik, horrelako egitasmoek ez dutela jende asko erakartzen. Badaude, ordea, sendotasuna duten filosofia proiektu batzuk, adibidez Oiartzungo (Gipuzkoa) Oihartzun Filosofikoa elkartea. Haurrak, ordea, gainezka daude, izan ere, ministroen agendak dituzte. Eskolatik at, kirola egiten dute, eta pentsamendua, aldiz, beti ikastetxearekin lotzen da. Baina guk uste dugu pentsamendua aisialdian ere landu daitekeela. Esaterako, badaude literatura lantzen duten taldeak, eta funtzionatzen dute, baina ez dira gehiengoaren lehen aukerak. Zorionez, haur batzuk hurbildu dira saio hauetara.
Nolakoa izan da saioetako parte hartzea?
Ikastaro batzuetan matrikulatzeko epea zabaltzen dute ikasturte hasieran, taldea ostatzen da eta urte osoan zehar talde berak funtzionatzen du. Gure kasuan, saio bakoitzerako ireki dugu izen-ematea, eta gorabeherak izan ditugun arren, beti mantendu dugu bost filosofo txikiko talde finko bat. Horiek beti etorri dira saioetara, eta izugarria izan da beraien parte hartzea eta jakin-mina. Oso ondo pasatu dut beraiekin. Talde txikia izan arren, parte hartzaileak dira, eta horrek laguntzen du. Ez dute zertan asko hitz egin behar, izan ere, batzuk isilik egoten dira eta gero sekulakoak botatzen dituzte. Orioko taldeak oso ondo funtzionatu du. Gainera, talde txikietan erosoago sentitzen dira hitz egiteko. Egin izan ditut dinamikak hogei bat haurrekin, eta kasu batzuetan ondo atera dira, baina orokorrean denek ez dute interes berdina izaten; muga asko daude.
Zein izan da zikloaren helburu nagusia?
Egitura bat jarraituz, bakoitzak barruan ditugun ideiak sustatzen saiatzen gara. Ideia horiek adierazteko, argudiaketa erabiltzen dugu: "Zergatik?" galdera zentraletik abiatuta, adibideak ematen eta analogiak egiten saiatu gara. Kontua ideiak plazaratzea da, bai, baina ez modu soltean ala indibidualean. Izan ere, batek bere argudioa plazaratzen duenean, beste batek ere ardura du argudio hori osatzeko ala kontrarguditzeko. Erantzukizun hori ikusten denean, esan nahi du ondo funtzionatu duela dinamikak: asmoa da parte hartzaileak elkarrizketan trebatzea. Elkarrizketak, ordea, parte hartzaile direnen arteko kolaborazioa eskatzen du.
Zein metodologia erabili duzu helburu hori lortzeko?
Saioak beti pizgarri batekin hasten ditugu. Edozer gauza izan daiteke pizgarri bat: ipuin filosofikoak, narrazioak, bideoak, gertakariak... Guk ikastaroan asko erabili dugu jolasa, adibidez. Azken saioan, gainera, magia ikuskizun bat ere egin genuen, haurrek magiaren inguruan aritzeko gogoa zutelako. Kontua pizgarri bat topatzea da, eta behin martxan dagoela, galderak sortzen dira. Galdera batzuk nik prestatzen ditudan arren, ideala da haiei bururatzea, eta behin galderak adostu direnean, zozketa bidez erabakitzen dugu nondik hasi. Ondoren, elkarrizketa fasea irekitzen dugu: sortu diren galderekin filosofatzean datza atal hori. Bitartean, gidariaren lana da kohesioa ematea prozesu guztiari. Ikusten badugu asko ari direla urruntzen, edo ez dugula elkarrizketa bizirik mantentzea lortzen, gidariak esku hartzen du. Gidariak, hala ere, ez ditu erantzunak ematen, iritziak desagertu egin behar duelako. Elkarrizketa fasea amaitzen denean, ebaluazioarekin hasten gara. Askotan erabiltzen den metodologiak Irudi bidezko ebaluazio analogikoa izena du, eta horretarako, adibidez, marrazkiak egiten ditugu. Norberak bere buruarekiko egiten duen hausnarketa bat da.
"Bakoitzak barruan ditugun ideiak sustatzen saiatzen gara, eta ideia horiek adierazteko, argudiaketa erabiltzen dugu"
Filosofia lantzerakoan, zein desberdintasun aurki daitezke helduen eta haurren artean?
Ni ez naiz ausartu helduekin horrelako saioak egitera, haurrekin egotea gustatzen zaidalako. Saioetatik jasotzen dudana ederra da, eta pila bat pentsarazten didate. Helduekin ere berdina gertatuko litzake, baina denbora mugatua daukat, eta oraintxe bertan haurrekin oso gustura aritzen naiz. Helduen eta haurren arteko ezberdintasunei dagokienez, esango nuke haurrek aurreiritzi gutxiago dituztela. Adibidez, aurten egin ditugun saioetan, gizakiok nondik gatozen izan da landu dugun gaietako bat, eta jende pila bat erakarri zuen. Saio horretan, karta batzuk eman nizkien, eta beraiek narrazio bat sortu behar izan zuten; hori izan zen pizgarria. Azken finean, gaur egun zientziak erantzun zehatz batzuk ematen dizkigu unibertsoaren jatorriaren inguruan. Erantzunak eduki, badauzkagu, baina gidariaren lana ere bada galdera horiek filosofikoki abordatzeko moduan bideratzea. Puntu batera iritsi ginen, non haurrak eztabaidatzen ari ziren ezereza zerbait den ala ez. Parmenidesen garaira jo genuen, hain justu. Haurrek filosofiako galdera klasikoak mahaigaineratzen dituzte. Eta filosofo batek zuk esandako gauza bera esateak ez du esan nahi gutxiago balio duenik. Nik uste dut ez dutela agintarien pisurik soinean, eta zentzu horretan askeagoak dira.
Filosofia ikasgelatik kanpo ere aplikatu al daiteke?
Guk filosofiaren praktika ikasgelan egiten dugu, momentuan bertan, hain justu. Hala ere, nik uste dut lanketa hori modu sistematizatuan egiten denean, haur horiek pentsamendu ekintzak barneratzen dituztela, hau da, adibideak ematea, argudioak plazaratzea, analogiak sortzea eta definitzea, filosofian oso funtsezkoa baita definitzen ikastea. Horrek asko pentsatzea eskatzen du, eta pentsamendu ekintza horiek barneratu egiten dituzte praktika filosofikoak egiten dituztenek. Praktika horri, hain zuzen, metakognizioa deitzen zaio, hau da, pentsamenduaren inguruan pentsatzea. Horretarako, "Nola ari naiz pentsatzen?", "Zertan ari naiz oinarritzen?" eta "Baina adibide hori esanguratsua al da?" bezalako galderak egiten dizkiogu gure buruari.
Zer eman diezaioke filosofiak pertsona bati?
Niri filosofiak bizitzeko gako asko eman dizkit. Ez dut pentsamendu finko bat, izan ere, bizipenen arabera aldatzen eta garatzen doaz. Gaztea nintzela ez nuen filosofia ikasi, baina agian hobeto eta guzti. Gaur egun oso poliki ikasten dut, bi ikasgai egiten baititut urtero. Epe luzerako prozesua izango da, baina horrela izatea nahi dut. Norbaitek esango luke denbora kentzen didala, baina ez, denbora ematen dit. Askotan, jendea harritu egiten da nire egutegiarekin, eta matematikoki denbora kentzen didan arren, nire buruarekin egoteko denbora ere eskaintzen dit. Gainera, ikasleen azalean jartzea ere ahalbidetzen dit, eta beraien estutasunak gertutik bizi ditzaket.
Orioko ikastaroaren balorazioa, hortaz, positiboa izan da?
Niretzat oso neurri ona izan du. Beti joan naiz gogotsu, eta etxera poz-pozik eta beteta itzuli naiz. Niretzako haurrekin espazio hori partekatzea pribilegio bat da, azken finean, eskuzabalik eskaintzen didatelako beraien irudimena, kezkak eta jakin-mina. Orioko Udalarekin ere beti izan dugu harreman oso adeitsua. Beraiek hasiera-hasieratik izan zuten interesa proiektuan, eta pozgarria izan da elkarlana. Txurrumuskirekin ere harreman ona izan dugu, azken finean jarduera horiek ere aisialdiaren parte direlako, eta poza ematen du beraien eskaintzan ikastaroa txertatu izanak.
Txurrumuski aisialdi taldea: "Ikasiz eta hausnartuz ere gozatu eta jolastu daitekela erakutsi digu filosofia tailerrak"
Duela urtebete inguru iritsi zitzaien Txurrumuski aisialde taldeko kideei Orioko Udalaren mezu bat, hilean behin, asteburuetan, haurrentzako filosofia saioak antolatzen hasi nahi zutela esanez. Udalak eremu bat behar zuen horretarako, eta ikastaroa Gaztelekuan egitea pentsatu zuen. Txurrumuskik bi aldiz pentsatu gabe eman zion baiezkoa. "Esperientzia oso aberasgarria izan da bai haurrentzat eta baita guretzat ere; jolasa eta aisialdia noraino irits daitezkeen ikusi digu, eta ikasiz eta hausnartuz ere gozatu eta jolastu daitekeela erakutsi digu".
Ikastaroa hasi zen lehen egunetik, Gurutze Ostolazarekin elkarlanean jardutea "oso erraza" izan zela kontatu dute begiraleek, eta jasotako erantzuna ikusita, gaztetxoak berarekin "oso gustura" ibili direla ere bistakoa da. Hasieratik azken saiora arte, ia hutsik ere egin ez duen boskote bat izan du Ostolazak alboan, baina talde horrez gain, ikastaroa probatu duenik ere egon da. "Horixe da aberasgarriena: haurrei Haur Filosofia zer den ikasteko eta probatzeko ateak irekitzea eta, era berean, jolasten eta hausnartzen gustura ibiltzen diren horiengana iristea".
Boskote hori osatu dute, hain justu, Ekik, Eñautek, Mirenek, Intzak eta Laienek. Taldetxoak kontatu du, ikastaroari esker, argudiatzen eta jendaurrean hitz egiten ikasi duela, baita beren iritzia babesten ere. "Esaterako, lehenengo saiora jende asko gerturatu zen, baina gainontzekoetan talde hau elkartu gara beti, eta konfiantza sortu da gure artean".
Eñaut, adibidez, hasieran gurasoek behartu zuten ikastaroan parte hartzera, baina saio batzuen ondoren, borondatez joaten hasi zen. "Izan ere, ikastaroan egiten ziren galderek jakin-min handia sortzen zidaten". Adibide bezala jarri dute gaztetxoek suaren inguruan egindako gogoeta bat. "Sua teknologia den ala ez argudiatu genuen saio batean. Planteamendu horrekin asko filosofatu genuen, sua bera ez delako teknologia, baina pizgailua, aldiz, bai. Bi modutara ikusi daiteke".
Besteak beste, unibertsoaren eta gizakiaren jatorria izan dute hizpide ikastaroan. "Gai apur bat korapilatsua den arren, Big Bang teoriak gure jatorria ondo azaltzen duela ondorioztatu genuen, eta aldi berean, unibertsoa irekitzen eta ixten ari dela, bihotz taupaden antzera".
Saio guztien amaieran, bakoitzak bere buruaren balorazioa egiten zuen, eta zikloa dagoeneko amaituta, taldekideek ondo ikusi dute euren burua, izan ere, "lasai hitz egiteko" espazio bat sortu dute elkarren artean. "Talde txikia izan gara, eta bakoitzak bere iritzia partekatzean, lasai eta onartuta sentitu gara. Filosofian dena dago ondo, eta lehen saioetan apur bat dudatsu sentitu ginen arren, gainontzekoetan, apurka-apurka, askatzen joan gara".