Garaipenik ez asteburu honetan Orioko Bate Bizkorrentzat

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 26a

Orioko Bate Bizkorrak taldeko jokalari bat, Viladecansen aurka jokatutako partidan. (OBB)

Kataluniako CB Viladecans taldearen aurka galdu dute oriotarrek Espainiako Sofbol Ligako Urrezko Ohorezko mailako jardunaldia. Hurrengo jardunaldia Nafarroan jokatuko dute, Izagaren aurka. 

Orioko Bate Bizkorrak (OBB) taldeak etxean jokatu zuen pasa den igandean Ohorezko Maila Urrezko Sofbol Liga Nazionaleko hamargarren jardunaldia, CB Viladecansen aurka. Oriotarrek ezin izan zuten garaipenik lortu oraingoan Kataluniako taldearen aurka, eta bisitariek bi partidak irabazi zituzten.

Lehen partidan, Viladecansek oso hasiera indartsua egin zuela kontatu dute, eta lehen sarreran guztira hiru lasterketa lortu zituen. OBBk berehala erantzun zuen, eta lehen bateo txandan markagailua 3-1era gerturatu zuen. Bigarren sarreran, bisitariek beste lasterketa bat egin zuten, eta 1-4 ezarri zuten markagailua. Hortik aurrera, partida askoz parekatuagoa izan zen. Bi taldeetako defentsek eta jaurtitzaileek lan ona egin zuten, eta ez zen puntu gehiago egon amaierara arte. Oriotarrek azken unera arte borrokatu zuten, baina ez zuten markagailuan gehiago gerturatzea lortu. Azkenean, Viladecansek 1-4 irabazi zuen lehen norgehiagoka.

Bigarren partida ere kanpokoen alde hasi zen. Lehen sarreran bi lasterketa egin zituzten eta beste bi bigarrenean, 0-4 jarriz markagailuan. OBBk hirugarren sarreran erantzun zuen bi lasterketekin, eta partida berriro ireki zuen, 2-4ra gerturatuz. Hala ere, laugarrenetik seigarren sarrerara arte ez zen puntu gehiagorik egon, bi taldeek defentsan eta jaurtiketan maila ona erakutsi baitzuten. Azken sarreran, Viladecansek beste lasterketa bat egin zuen. OBBk ere azken bateo txandan erantzun zuen, baina ez zen nahikoa izan, eta partida 3-5eko emaitzarekin amaitu zen.

Azpimarratzekoak izan ziren Estibaliz Alvarezen bateoko lan ona eta Sara Loidiren jarduna jaurtitzaile moduan. Hurrengo jardunaldian, OBB Nafarroara joango da Izagaren aurka jokatzera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide