Sari dotoreak prestatu dituzte II. Garagardo Mus Txapelketako irabazleentzat

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 23a

Musean aritzeko kartak.

Bihar arratsaldean izango da lehiaketa Herriko Plazan, eta txapelaz eta oroigarriaz gain, 800 euro jasoko dituzte dirutan, afaria Garagardo Azokan bertan, eta baita garagardo mordoa ere: irabazlearen altuera garagardo kaxetan.

Atzo iluntzetik martxan da Orio Arraunketa Elkarteak antolatzen duen Garagardo Azoka Herriko Plazan. Aurten 11. edizioa du, eta hainbat ekintzaren artean –hemen ikus daiteke egitaraua– , bihar II.Garagardo Mus Txapelketa egingo dute ,16:00etan hasita. Parte hartu nahi dutenek 15:30etik 16:00etara edukiko dute izena emateko aukera Herriko Plazan bertan, eta bikoteko 30 euro ordaindu beharko dute. Litro erdiko garagardo pitxer bana jasoko dute trukean.

Gainera, mus lehia irabazten duen bikoteak sari polita lortuko du: txapelaz eta oroigarriaz gain, izan ere, 800 euro hartuko ditu dirutan, baita bere altuera adina garagardo kaxa ere. Horrez gain, Garagardo Azokan afaria eskuratuko du.

Bigarren egiten dutenek 300 euro, oroigarria eta afaria eskuratuko dituzte, hirugarren egiten dutenek 100 euro eta afaria, eta laugarren gelditzen direnek, azkenik, 50 euro eta afaria jasoko dituzte.

Saridunek lortuko dituzten afarietan honakoak sartzen direla jakinarazi dute antolatzaileek: natxo, ukondo eta saltxitxa plater bana.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide