Asteburu bikaina Orioko Bate Bizkorrentzat

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 19a

Orioko Bate Bizkorrak eta Antorcha taldeek pasa den asteburuan jokatutako partidako momentu bat, Mendibeltzen. (utzitakoa)

Antorcha taldearen aurka 11-4 eta 7-6 irabazi zituen Mendibeltzeko partidak igandean. Ohorezko Mailako Sofboleko Liga Nazionalean dabiltza oriotarrak, hain justu, eta hurrengo jardunaldia ere Orion izango dute, Viladecansen kontra. 

Ohorezko Mailako Sofboleko Liga Nazionaleko bederatzigarren jardunaldia jokatu zuen igandean Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak etxean, Mendibeltzen, Valentziako (Espainia) CBS Antorcha taldearen aurka.

Lehenengo partidan, markagailua estreinatu zuen talde valentziarrak lehen sarreran. Hala ere, OBBk berehala erantzun zuen, sarrera horretan bertan bost lasterketa lortuz eta partidaren norabidea erabat aldatuz. Bi taldeek lasterketak lortzen jarraitu zuten partidak aurrera egin ahala, baina Orioko taldearen nagusitasuna "argia" izan zen norgehiagoka osoan zehar. Azkenean, 11-4 emaitzarekin bukatu zen partida, erasoaldi "indartsu" baten ostean.

Bigarren partida guztiz ezberdin garatu zela kontatu dute. Lehen partidan porrota jaso arren, CBS Antorchak indartsu hasi zuen markagailua, lehen sarreran 3 lasterketa eginez. Partida berdinduta egon zen laugarren sarrerara arte, baina une horretan oriotarrek bi lasterketekin estreinatu zuten markagailua. Valentziarrek azkar erantzun zuten, eta bosgarren sarreran beste bi sartu zituzten. Nahiz eta zaila izan markagailua iraultzea, Orioko taldeak erasoko lan bikaina egin zuen, eta sarrera hori bere aldeko beste bost lasterketarekin itxi zuen. Defentsa lan sendo baten ondoren, bi sarreretan lasterketa bakarra ahalbidetuz, OBBk beste garaipen handi bat ziurtatu zuen 7-6 emaitzarekin.

Erasoari dagokionez, Estibaliz Alvarezek egindako "lan handia" nabarmendu du taldeak. Izan ere, hainbat hit erabakigarri konektatu zituen, horien artean home run bat eta bost lasterketa. Defentsari dagokionez, Sara Loidi, Irene Otazu eta Aroa Faro jaurtitzaileen "lan bikaina ezinbestekoa" izan zen bi partidatan garaipena lortzeko.

Asteburu honetan, oriotarrek Viladecans talde katalanaren aurka jokatuko dute hurrengo jardunaldia, berriz ere etxean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide